Iazko udazkenaren amaieran inflazioak izandako igoera aldi baterakoa soilik izango zela iragarri zuen Europako Banku Zentralak, eta iragarpen hori betetzen ari da. Eurogunean %2,2ra jaitsi zen, eta banku zentralak gogoko duen mailara, hau da, %2ra gerturatu. Kopuru horretatik pixka bat urrutiago dago inflazioa Hego Euskal Herrian, baina martxoan gehiago hurbildu da. Sei hamarren jaitsi da hilabete bakarrean, %2,6raino.
Erregaiak iazko martxoan baino %3,4 merkeago izan ziren aurtengoan. Joera horrek indarrean jarraitzea espero da apirilean, Brent upelaren prezioa amildu egin baita azken egunotan, merkataritza gerra dela eta: 74 dolarrean zegoen hilaren hasieran, eta 63an dago orain.
Horrela, gasolio litroak batez beste 1,567 euro balio zituen iazko apirilean, eta 1,449 euro aurtengo apirileko lehen hamar egunotan; gehiago merkatu da gasolina, 1,709 eurotik 1,526 eurora.
Argindarra eta gasa, ordea, iaz baino garestiago daude (+%9,5), baina garestitze horrek indarra galdu du —+%18,6 zen otsailean—, eta inflazioan nabaritu da haren eragina.
Argindarraren prezioa, zero
Gainera, hurrengo asteak urteko merkeenak izan daitezke merkatu arautuan daudenentzat, energia fotovoltaikoaren ekarpena asko handitzen baita, udaberrian egunak luzeagoak direnez eta egun haizetsuak ere maizago izaten direnez gero. Horrela, gaur, argindarraren prezioa zero da 12:00etatik 16:00etara, eta asteburuan ere horrelako ordu asko izango dira eguerdi aldera. Horrek ez du esan nahi doan denik; izan ere, Espainiako Gobernuak TUR tarifa arautuan egindako azken erreformaren ondoren, aurten eguneko prezioak %60ko pisua du azken prezioan, eta gainontzekoa etorkizunerako espero diren salneurriek finkatuko dute.
Gasa ere merkatzen ari da, haren erabilera apaldu egiten delako berriztagarrien ekarpena handitu ahala.
Energiaren alorrean baino berri kaskarragoak daude elikagaienean, jakiei dagokien inflazioa lau hamarren igo baita, %3,3raino. Arrautzen garestitzeak eragina izan du: %9,6 garestitu dira otsailetik martxora, eta iaz baino %12,5 garestiago daude.
Asko kontsumitzen diren beste produktu batzuk ere asko garestitu dira. Haragien artean, behikia (+%13,6) eta ardikia (+%7,6) garestitu dira gehien, baina are gehiago egin dute gora kafearen, kakaoaren eta infusioen prezioek (+%15,5). Fruta freskoen prezioa %10,1 igo da, eta %11,5 lekale eta barazki freskoena.
Berri hobeak daude olioei dagokienez, oliba uzta hobea izan denez gero asko jaitsi baita produktu horren prezioa: Espainian %38 merkatu da azken urtean —ez dago Hego Euskal Herriko daturik—. Azukrea ere %20 merkeago dago.
Interes tasak, behera
Europako Banku Zentrala berriro elkartuko da datorren ostiralean, erabaki bat hartzeko interes tasei buruz. Aurreko bileran %2,5eraino jaitsi zituen, baina ohartarazi zuen jaitsieren aroa amaitzear zegoela. Azken asteetan, baina, Donald Trumpek hasitako gerra komertzialak aldatu egin du egoera, analista gehienek uste baitute litekeena dela horren eraginez hazkunde ekonomikoa apaltzea.
Espero izatekoa da hazkundea moteldu ahala inflazioa gehiago jaistea, eta, horregatik, orain uste zabaldua da banku zentralak diruaren prezioa beste koska bat jaitsiko duela ostegunean.
Azken bileretan 0,25 puntu jaitsi izan ditu, baina oraingoan 0,5 egingo duela iradoki duenik ere izan da.
Ondorioak nabari dira jada Euribor indizean. Martxoko batez besteko tasa %2,4koa izan zen, baina azken egunotan beheranzko bidea hartu du berriro, eta %2,1en inguruan dabil.