Kontsumo produktuen prezioek beste koska bat egin dute gora otsailean: hamarren bat urtarriletik otsailera. Oraindik behin betiko daturik ez dagoen arren, INE Espainiako estatistika erakundeak aurreratu du prezioak iazko otsailean baino %3 garestiago daudela.
Energiaren salneurria garestitu izanak eragin du igoera hori, batez ere. Erregaiaren prezioak, aldiz, beheranzko joerari eutsi dio, 2024ko hilabete berean baino gutxiago garestitu baitira era horretako produktuak.
Azpiko inflazioa ere —jaki freskoak eta energia aintzat hartzen ez dituena— apaldu egin da, hiru hamarren, eta %2,1 da orain. 2021eko abenduaz geroztik erregistratutako apalena da, eta EBZ Europako Banku Zentralak helburutzat ezarritakotik, hau da, %2tik gertu dago jada.
Horrek erakusten du Frankfurten gogoko duten ehuneko hori gero eta gertuago dagoela. Prezioak beheranzko bidean dira oro har, nahiz eta kostata ari diren beheraka. Izan ere, inflazioak bost hilabetez jarraian egin du gora, eta joan den urteko ekainetik erregistratutako handiena da: % 3,4koa izan zen orduan. Baina EBZk iritzi dio igoera hori behin-behinekoa dela, eta uste du %2an egonkortuko dela aurten. Adituek espero dute, halere, banku zentralak beste urrats bat egin eta interes tasak are gehiago jaistea. Hain zuzen, martxoan %2,5eraino jaistea espero da.