KPI

Inflazioa beherantz doa, baina janaria iaz baino %15 garestiago dago

Argindar merkeagoaren eskutik, Hego Euskal Herriko urte arteko inflazioa %7,2tik %6,7ra apaldu da urritik azarora. Elikagaien prezioen igoera ere moteldu egin da, lehen aldiz azken urtean.

Elikagaiak dira azken urtean gehien garestitu den produktua. J.L. CEREIJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 14a
12:24
Entzun

Oso goian, baina beheranzko joeran dago oraindik inflazioa Hego Euskal Herrian. Urritik azarora beste puntu erdi bat apaldu da urte arteko prezioen igoera, %7,2tik %6,7raino, inflazioaren motor nagusia zena, energia, indarra galtzen ari delako. Orain, elikagaiek dute inflaziorik handiena, %15,4koa, nahiz eta egia den, aspaldiko partez, azken hilean prezioen igoera moteldu egin dela atal horretan ere —urrian, %15,7koa zen—.

Udazkeneko haizeteek energia eolikoaren ekarpena nabarmen handitu zuten, eta gasaren erabilera txikitu zutenez, argindarra duela urtebete baino merkeagoa izan zen azaroan. Merkatze horretan ere zeresana izan du salbuespen iberiarra izenekoak; ekainean jarri zuten indarrean penintsulako merkatu bateratuan, gas garestiak ez dezan erabaki teknologia merkeagoek jaso behar duten ordainketa.

Horrela, aurtengo azaroan, kilowatt ordua 0,197 euroan ordaindu dute PVPC merkatu arautuan daudenek —hori bakarrik hartzen du kontuan INEk, eta ez merkatu libreko fakturak—; iazko azaroan, berriz, 0,259 euroan ordaindu zuten.

Argindar merkeago horrek ekarri du etxeko energia gastuen atalaren inflazioa negatiboa izatea (-%1,3). Aldaketa ikusgarria da martxokoarekin alderatuta (%68,4), baina baita abuztukoarekin ere (%48,5), Errusiak gasbideak banan-banan ixteak eta eguraldi bero eta bareak gasaren prezioaren markak haustea ekarri zuelako.

Energiaren beste atal garrantzitsua, erregaiena, ez dago negatiboan (+%14,6), baina ezta duela gutxira arte zuen mailan ere. Ekainean jo zuen atal horrek goia (+%39,7), Brent upelak 120 dolarren muga gainditu eta bi eurotik gorako gasolioa eta gasolina eragin zuenean. Baina Txinako konfinamenduek, atzeraldi baten hotsak eta, oro har, kontsumo txikiago batek upela nabarmen merkatu dute. Atzo, 81,5 dolarrean ari ziren salerosten Brent upela, duela urtebete baino zortzi dolar inguru garestiago (+%11).

Abenduan, litekeena da erregaiak merkatzea —azaroan baino hamabost zentimo merkeago dago gasolioa, eta hamar gasolina—, baina baliteke urtarrilean berriro gorantz egitea, Espainiako Gobernuak iragarri baitu guztientzako deskontua kenduko duela eta sektore batzuei soilik emango diela laguntza. Apirilaren 1az geroztik, hamabost zentimo ematen ditu erregai litroko, eta beste bost edo hamar eman behar dute petrolio konpainiek.

Frantziakoak ere urtarrilean kenduko du bere laguntza —hamar zentimo, azarotik—, baina ehun euroren laguntza bat agindu die lanera joateko autoa behar duten irabazi apaleko langileei.

Elikagaiak

Merkatzetik urrun daude elikagaiak, baina egia da haien garestitzeak indarra galdu duela, aspaldiko partez. Azken urtean haien prezioa %15,4 igo da, urrian egiten ari zena baino hiru hamarren gutxiago.

INEren azaroko datuek erakusten dute garbien hasieran energiaren garestitzea zena igaro dela produktu eta zerbitzu gehienetara, horietarako funtsezko osagaiak direlako argindarra, erregaia eta gasa.

Orain, janariak eta edariak dira atal inflazionistena. Horien barruan nabarmentzen dira azukrea (+%66,7), olioa (+%32), esnea (+%31,7), arrautzak (+%30,3) eta patatak (+%21,3).

Haragien artean, oilaskoa eta hegaztiak duela urtebete baino %14,6 garestiago daude, eta %12,8 garestiago behikia eta txerrikia. Ardikia, berriz, %1,1 garestitu da.

Oinarrizko beste produktu batzuen prezioa ere asko handitu da: %15,7 barazkiena, %10,6 arrainena eta %8,9 frutarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.