Inflazioa behera doa eurogunean ere

Elikagaien garestitzea indarra galtzen ari da, eta energia iaz baino merkeago dago oraindik.

inflazioa
Elikagaiak dira orain inflazioaren iturri nagusia. ANA ESCOBAR / EFE
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 1a
11:10
Entzun

Europako Banku Zentralak badu interes tasak jaisteko beste arrazoi bat. Eurostaten arabera, inflazioa bi hamarren jaitsi zen otsailean eurogunean, %2,6raino. Gainera, produktu eta jarduera guztietan moteldu zen prezioen igoera, batzuetan oso gutxi izan bada ere.

Gaur-gaurkoz, elikagaiak dira inflazio handiena duten produktuak. Eurostatek bi taldetan banatzen ditu. Batetik, elikagai freskoak daude, eta bilakaera oso ona izan dute, %6,9tik %2,2ra igaro baita horiei dagokien inflazioa. Motelago bada ere, jaitsi egin da elikagai prozesatuek, akoholak eta tabakoak osatzen duten taldearena ere, %5,2tik %4,5era.

Industriaren ekoizpenen inflazioa lau hamarren jaitsi da, %1,6raino, eta hamarren eskas bat zerbitzuena, %3,9raino.

Energia, berriz, iazko otsailean baino %3,7 merkeago dago.

Herrialdez herrialde begiratuta, nahiko orokorra da inflazioaren indar galtzea. Alemanian lau hamarren jaitsi da (%2,7raino), Frantzian hiru hamarren (%3,1eraino), eta Espainian sei hamarren (%2,9raino). Italian, berriz, %0,9 da oraindik.

Lagarderen zain

EBZko kontseilua datorren ostegunean bilduko da diru politikari buruz eztabaidatzeko. Ez da espero interes tasak aldatzea, baina bai Christine Lagarde presidenteak arrastoak ematea hurrengo mugimenduei buruz. Hitz bitan, apirileko bileran edo ekainekoan hasiko ote diren interes tasak jaisten.

Azken agerraldietan askotan nabarmendu du «datuen araberako erabakiak» hartzen dituela EBZk, eta, besteak beste, inflazioaren bilakaerari ez ezik soldatenari ere erreparatzen diotela. Izan ere, asko igotzen badira inflazioa hauspotzeko arriskua dagoela uste du banku zentralak, eta, hortaz, komeni dela ekonomia tarte luzeagoan estu hartzea. Azken datuek diote soldaten igoera apaltzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.