Inflazioa, atzerako ispiluan

Enrique Saiz Finecoko kontseilari delegatuaren iritziz, prezioen igoeraren arorik okerrena igaro da, eta aurki atzeraldian sartuko da Europa. Halere, zabaltzen ari den baino «leunagoa» eta motzagoa izango dela uste du.

Jose Angel Corres Bilboko Ganberako presidentea eta Enrique Saiz Finecoko kontseilari delegatua. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Inflazioaren garairik okerrena atzerako ispiluan ikusten dugu orain». Iragarpena Enrique Saezena da, Fineco Kutxabanken banku zerbitzu pribatuaren kontseilari delegatuarena. «Dirua duen jendeak zer egiten duen ikustea» da haren lana, eta nazioarteko merkatuetan prezioak jaisten hasiak direla sumatu du. Horren ondorioz atzeraldia iritsiko dela ziurtzat jo du, baina ez du uste «munduaren akabera» izango denik. Haren iritziz, Europa, Italiaren salbuespenarekin, 2007ko eta 2012ko krisialdi ekonomikoetan baino hobeto prestatuta dago egun, eta horrek atzeraldia bigunduko du: «Lur hartze leuna aipatzen dute adituek. Atzeraldia bai, baina ez bizkarreko handia».

Bilboko Merkataritza Ganberako hitzaldi batean atera du kristalezko bola Saezek. Hark, baina, egungo argazkia atera du lehenbizi, eta horretan oinarritzen da inflazioaren okerrena pasatu dela esateko. Azaldu duenez, lehengai gehienen prezioa jaisten ari da: petrolioa —aipatu du litekeena dela upela 60 dolarreraino jaistea—, metal gehienak, nikela... «Aluminioa duela urtebete baino merkeago dago», zehaztu du. Garraio zamak ere merkatzen ari dira, mikrotxip enpresen akzioak jaitsi egin dira, eta baita inbertsoreen babesleku izan ohi diren balioak ere: urrea, zilarra, bitcoina...

Saizek iragarri du merkatuak «egokitzen» ari direla, energiaren prezioaren eta Ukrainako gerraren gisako aldagaiak hor egon arren. Arazoa, baina, geroko atzeraldia izango da, eta haren eragina. Atzeraldia, zehazki, bilakaera negatiboko bi hiruhileko kateatzea da. Saezek asko begiratzen die AEBei, eta, joera aldaketarik ezean, AEBak uztail amaieran sartuko dira atzeraldian. Europara hilabete batzuk geroago iritsiko da, egun gizartea udako zirraran murgilduta baitago: «Azken hilabeteetan inoiz ez bezala kontsumitzen ari gara. Pandemiako aurrezkiak agertu dira, eta mundu guztia doa oporretan».

Udazkena, halere, «bero» datorrela iragarri du, soldaten auziarengatik batez ere, eta egun ezin delako iragarri zenbatean amaituko den urteko KPIa. Saezen arabera, iragarpenek %4 aipatzen dute, baina KPI mota ezberdinak daude. Hala ere, Europa prestatuta ikusten du atzeraldirako: «Krisi batek ez du inoiz hain ondo harrapatu. Langabezia tasak oso baxuak dira herrialde gehienetan».

Euriborra, 2024ra arte

Beldurrak kontsumoan izan dezakeen eraginak urduritzen du, eta nabarmendu du BPGaren %70 familien kontsumotik datorrela. Bidaien eredua jarri du berriz: «Uztail eta abuztu hauetan inoiz baino hegazkin txartel gehiago saldu dira. Hori bai, era berean, azaro eta abendurako erreserbak ez dira inoiz hain baxu egon. Narratiba zaindu behar da. Atzeraldi handia datorrela esaten badugu, erraldoia izango da».

Egoera horretan Europako Banku Zentralak zer egingo duen da zalantzetako bat. Merkatuetan dirua sartzeari utzi dio, eta horrek interes tipoak igoarazi ditu. Enpresek nabaritu dute maileguak garestiago daudela, eta Euriborra goraka ari da. Hipoteka aldakorra duten herritarrak dar-darka daude, eta Saezek mezu gazi-gozoa bidali die: «2023. urte amaierarako, interes tipoen beherakada iragartzen dute. Ordura arte, baina, goraka joango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.