Energiak garesti jarraitzen du, baina pixka bat apaldu da abenduko zenbateko ikusgarrietatik, eta hori antzeman egin da urtarrileko kontsumo prezioen indizean. Gasa eta gasolina garestitu egin dira, baina argindarra zerbait merkatu. Urteko inflazioa, Hego Euskal Herrian, %6,4ko tasa ikusgarri batean kokatu bazen ere abenduan, %6,1era apaldu da urtarrilean. Hilabetean, abendutik urtarrilera 0,3 puntu txikitu da urte arteko tasa.
Horrek, jakina, ez du esan nahi kopuru merkeak ikusten dabiltzanik kontsumitzaileak. Etxebizitzaren alorrean sartzen dira argindarraren eta gasaren gastuak, eta talde horretan prezioak ia %20 handiagoak dira iazkoak baino. Oro har, energia produktuak iaz baino %32 inguru gehiago ordaindu dira urtarrilean ez alferrik.
Aipamen berezia egin behar zaie erregaien prezioei ere. Garraioaren alorreko salneurriak iazkoak baino %10 garestiago zeuden abenduan, eta horrela jarraitu dute urtarrilean ere. Horren arrazoi nagusia erregaiak dira: iaz baino %25 inguru garestiago daude Hego Euskal Herrian, hilabetean tasak %4ko igoera izan ostean.
Elikagaiak ere iaz baino %5 garestiago daude, eta aurten merkealdia ez da gai izan kontsumo prezioen indizean beheranzko indarra egiteko, iazko merkealdian baino gutxiago merkatuko direlako jantzi eta oinetakoak. Alor horretan, iazko urtarriletik %3 inguru garestitu dira prezioak.
Pentsa daiteke, dena den, energia eta erregai garestien eragina hasia dela zabaltzen beste alorretara. Hori antzeman daiteke gai aldakorrenak, energia eta elikagai freskoak, kontuan hartu gabe osatzen den azpiko inflazioaren eboluzioan. Abenduan, jadanik %2,2an zegoen aurreko urtearen aldean, eta urtarrilean %2,6ra igo da. Energiak beste sektoretan duen isla nabarmena da.
Datu horri adi egoten dira, besteak beste, diru politikez arduratzen direnak, joera baten erakusle argiagoa izan daitekeelako, datu orokorra baino, gertakari puntualagoak izan daitezkeenak alboratuta.
Oinarri berria
INE Espainiako Estatistika Institutuak bost urtean behin egin lez, aldatu egin du bere indizearen oinarria, hark hobeto har ditzan aintzat kontsumo ohituren aldaketak. 2021eko oinarria izango du orain KPIak. Hobekuntza teknikoak egiteaz gain, aldaketa baliatu da saskiaren azterketa berria egiteko, eta baita haztapenen egitura berritzeko ere, hots, alorren pisua egokitzeko. Adibidez, erosketa saskian sartu dira Internet bidezko egunkarietarako harpidetzak, eta desagertu egin dira DVD irakurgailuak.
Ikusi gehiago: Mikatza gertatzen ari da Brent upela, eta aparra gero eta gorago doa
Prezioen eboluzioa. KPIa
Inflazioa apaltzen hasi dela berretsi du urtarrilak, baina azpiko KPIa gora doa
%6,1ekoa da inflazioa Hego Euskal Herrian, abenduan baino hiru hamarren apalagoa. Azpiko inflazioa, ordea, energia at uzten duena, lau hamarren igo da azken hilean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu