Historia txikia egin du inflazioak 2021. urtean, eta ez onerako. Euroa indarrean jarri zenetik ez zen inoiz hainbeste igo urte batean, %6,5era iritsi baita Hego Euskal Herrian, INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera. Espainian KPI kontsumo prezioen indizea maila horretan dela amaitu da urtea; kopururik handiena da 1992az geroztik. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina, Frantziakoa erreferentzia gisa onartuz gero, prezioen emendatzea handia izan da, baina ez hainbestekoa:%2,8koa azken urtean.
Energia izan da urte eskas baten buruan Hegoaldeko inflazioa negatibotik (-%0,5) mendeko kopururik handienera eraman duen elementua, eta, horren barruan, argindarra nabarmendu da. 2021a garestitze handi batekin hasi zuen, Filomena ekaitza zela medio, eta urtea modu berean bukatu du, gas garestiak sortutako ekaitzaren tarterik latzenean.
Udan hasi zen gasa neurriz kanpo garestitzen, eta, haren eskutik, ia hilero markak hautsi ditu argindarraren prezioak, abenduan goia jo arte: uztailean, batez beste 90 euroan saldu zen megawatt-ordua handizkako merkatuan, eta abenduan 239 eurora iritsi zen. Urtarrilean, oraingoz, horren azpitik dago, gasaren igoera eten delako, besteak beste.
Petrolioa ere, gora
Espainiako Gobernuak argindarraren azken prezioa jaisteko hartutako neurriek —zergak jaisteak, bonu soziala handitzeak eta kargu finko batzuk bere gain hartzeak— apaldu egin dute nolabait argindarraren garestitzea. OCU kontsumitzaileen elkarteak kalkulatu du batez besteko kontsumitzaileak %41 gehiago ordaindu duela argindarraren truke. INEk ere antzeko kopuru bat eman du: Hego Euskal Herrian, %40 igo da produktu energetikoen prezioa, eta %6,5 azarotik abendura.
Argindarraren neurrigabeko garestitzeak hein batean ezkutatu egin du petrolioa ere asko garestitu zela 2021ean, ekoizle nagusiek ekoizpenaren iturria erdizka baizik ez dutelako ireki 2020an izan zuten urte beltza ez errepikatzeko. Gasolina udazkenean iritsi zen inoizko preziorik handienera, eta marka horiek hausten ari da azken asteetan ere. Egia da, hori bai, abenduan pixka bat apaldu zela prezioa, omikronak kontsumoa jaitsiko zuela uste izan zuelako merkatuak. INEren arabera, abenduan %2 merkatu ziren erregaiak, baina, hala ere, 2020ko abenduan baino %25,5 garestiago daude.
Energiaren garestitzea jada hedatu da beste adar batzuetara, ekoizpen kostuak handitzen baititu. Horrela, elikagaiak %4,6 garestitu ziren iaz, eta %3 tabernak eta jatetxeak. Izan dira, ordea, inflazio apalagoko arloak, hala nola jantziak eta oinetakoak (%1,1), eta, azken urteetan ohikoa den moduan, komunikazioak merkatu egin dira (-%0,3).
Erosteko ahalmena, behera
2019 eta 2020 ez ziren urte txarrak izan erosteko ahalmenari dagokionez, batez beste soldatak eta pentsioak prezioen gainetik igo zirelako. 2021ean kontrakoa gertatu da, eta aurten izan daitezkeen igoerek ere nekez konpentsatuko dute halako igoera bat.
Pentsio publikoak %2,5 handitu dira urtarrilean, hori izan baita batez besteko inflazioa Espainian 2020ko abendutik 2021eko azarora arte. Pentsiodunek, gaur kalera atera, eta salatuko dute batez besteko inflazioa erabilita erosteko ahalmena %3 txikituko zaiela, baina sistema horrek berak ekar dezake datorren urtean berreskuratzea aurten galdutakoaren zati bat, aurreikuspenak betez gero aurtengo batez besteko inflazioa abendukoaren oso gainetik izango delako.
Egoera zailagoa izango da langile gehienentzat. Iaz, indarrean zeuden lan hitzarmenetan %1era ez zen iritsi soldata igoera, eta aurten negoziazio gogorrak espero dira soldatak KPIra lotuak ez dituzten sektoreetan: galdutako ahalmena berreskuratzeko asmoa dute sindikatuek, baina patronalek adierazi dute inflazioaren araberako igoera batek ekoizpen kostuak asko igoko lituzkeela. Igoerak hainbat urtez banatzea eskaini dute .
Inflazioa %6,5 dela amaitu da urtea, euroaren aroko mailarik garaienean
Argindarraren prezioak abenduan izandako azken garestitze handiak bizkortu egin du inflazioaren gorakada. Soldata itunduak halako sei igo dira prezioak, eta zaila izango da aurten berreskuratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu