Kontsumo ondasunen prezioek goraka jarraitzen dute etengabe, eta inflazioa %4ko langara iritsi da Hego Euskal Herrian. Atzeraldi Handiaren lehen urteetara jo behar da maila horretako erreferentzia bat aurkitzeko. Bereziki energien prezioen igoera neurrigabeek eta nagusiki argindarrarenak eragin dute azken hamarkadan inoiz ikusi ez den inflazioa. Joera globala da, dena den:AEBetan %5,4ra igo da,eta euroaren eremuko herrialdeetan,%3,4ra batez beste.
Urtea hasi zenetik, prezioek etengabe gora egin dute ia alor guztietan, energiarenek bultzatuta. Baina ez da arrazoi bakarra. Osasun krisiak hobera egin duen neurrian jarduera ekonomikoa eta kontsumoa suspertu egin dira, eta, horrekin batera, lehengai eta produktu askoren prezioak handitu egin dira, botila lepoa sortu baita hainbat merkatutan, eskari handiari erantzun ezinda dabiltzalako.
INE Espainiako Estatistika Institutuak ostegun honetan kaleratutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian abuztutik irailera %0,8 garestitu dira berak aintzat hartzen dituen produktuen prezioak; urtea hasi denetik, %3,1 hazi da; eta iazko irailekoekin alderatuta, %4. Lurraldez lurralde, Araban %4,1, Bizkaian %3,9, Gipuzkoan %4,1, eta Nafarroan %4,1.
Bereziki energien garestitzea dago igoera horien atzean; udatik inoizko preziorik garestienen artean daude argindarra, gasa eta gasolina. Etxeko energiak iazko irailean baino %16,1 garestiago daude Nafarroan eta %14,6 beste hiru lurraldeetan. Jarraian, garraioarekin loturiko prezioak handitu dira gehien: %9,4 eta %9,1, hurrenez hurren.
Elikagaien erosketa saskian ere nabaritu da igoera, %2 ingurukoa: jaki asko dira urte hasieran baino garestiagoak: olioa, kafea, haragia, barazkiak... horien ekoizpen eta garraio kostuek nabarmen egin baitute gora azken hilabeteetan.
Orain arte lasai agertu dira erakundeak inflazioaren gorakadarekin; susperraldi ekonomikoaren ondorio positibo gisa hartu dute. Baina azken hilabeteetan zenbait ahotsek, Nazioarteko Diru Funtsak besteak beste, ohartarazi dute joera horrek luzaro irautea arriskutsua izan daitekeela, bereziki energiaren prezioak beste produktuetara eta zerbitzuetara igarotzen badira. Ohartarazi du inflazio espektatiba handiak inbertsioarentzat eta enpleguarentzat kaltegarriak izan daitezkeela.
Soldatekin adi
Soldatetan ere eragin nabaria du KPIak, erosteko ahalmenarekin lotzen baita; egungo mailan mantenduko balitz, igoera handiak jaso beharko lirateke horren araberako igoerak adostuta dituzten lan itunetan, eta negoziatzen ari diren hitzarmenak era baldintza ditzake
Halaber, ahalegin handiagoa eskatuko lieke administrazioei, langile publikoen soldatak eta pentsioak egokitzeko, besteak beste.
Funtzionarioen kasuan, Espainiako Gobernuak %2ko igoera zehaztu du aurrekontuetan; KPIaren azpitik, beraz. Madrilek kopuru hori jarri du egungo egoera ezohikoa eta aldi baterako izango dela iritzita, energiaren krisiak eragindakoa, eta 2022aren bigarren hiruhilekorako egoera normalizatzen hasiko dela pentsatuz; zail ikusten du inflazioa egungo mailan mantentzea hurrengo hilabeteetan, eta uste du logikoena dela urteko zatirik handiena %2aren azpitik egotea.
Pentsioetan, berriz, KPIa kontuan hartzera behartuta dago, errebalorizazio sistema berria erabiliko baitu: aurtengo batez besteko KPIaren arabera eguneratuko ditu, hortaz, eta uste du hori %2 eta %2,5 artean izan daitekeela urte amaieran.
Kopuru horiek bat datoz EBZ Europako Banku Zentralaren aurreikuspenekin. Datorren urtean inflazioa %2aren azpitik egongo dela uste du, %1,5aren azpitik 2023an.