Inflazioa %3raino apaldu da urte amaieran

Elikagaiak %6,8 garestitu ziren iaz, baina 2022ko prezio igoera bortitz gehienak apaldu egin ziren urtearen amaieran.

Emakume bat erosketak egiten Erriberako merkatuko fruta denda batean. M. R. / FOKU
Emakume bat erosketak egiten Erriberako merkatuko fruta denda batean. M. R. / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko urtarrilaren 12a
11:30
Entzun

Inflazioak beheranzko joerari eutsi zion iazko azken txanpan, eta KPI kontsumo prezioen indizea %3koa zela amaitu zen urtea Hego Euskal Herrian. Aurreko urteko abenduekin alderatuta, aldea handia da: 2022koan %5,6koa izan zen tasa, eta 2021ekoan, %6,4koa. Elikagaien prezioa ere garestitu egin zen iaz (%6,8), baina 2022koa baino igoera apalagoa izan zen (%15,2). Alde horretatik, olioa izan zen iaz gehien garestitu zen jakia: %31,6.

Apurka inflazioari aurre egiteko neurrien eragina sumatzen hasia dela dirudi eta iazko urtarriletik otsailera gora egin bazuen ere, urteko azken lau hilabeteetan behera egin zuen. Etxeko gastuen prezioa (berokuntza, argiztapena eta gasa) 2022ko abenduan baino %15,8 merkeagoa zen iaz eta erregaiena %1. Dena den, kontuan hartu behar da 2022an asko igo zirela indize horiek.

Iazko urteko azken neurketak utzi dituen datu deigarrienetako bat azpiko inflaziorena da. Elikagaiak eta energia produktuak kontuan hartu gabe kalkulatzen da hori, bi horien prezioak oso aldakorrak direnez joera orokorraren irudi hobea izateko. Bada, %3,8ko garestitzearekin amaitu zuen urtea, azaroko datua baino koska bat beherago (%4,7) eta 2022koa baino nabarmen beherago (%6,7).

Datu horrek erakusten du elikagaien garestitze prozesu bortitza apaldu egin zela iaz, bereziki azken hilabeteetan. Hainbat produktutan agerikoa da; azukrea, esaterako %67 garestitu zen 2022an; iaz, berriz, %6,5. Esnea, %38 garestitu ondoren, merkatu egin zen (-%1,4); zerealak, %22,5etik %4,3ra; eta esnekiak, %22,7tik %-1,era. Haragiei dagokienez, txerriarena garestitu zen gehien iaz: %11,6.

Oliba olioa

Olioa da joera hori errespetatu ez zuen produktu bakarra, %31,6 garestitu baitzen —2022an, %41—. Baina kopuru horretan ñabardura bat egin behar da, olio guztiek ez baitute bilakaera bera izan: prezio egonkorra izan du ekilore olioak baina izugarri garestitu da oliba olioarena. INEk ez du azken olio horren Hego Euskal Herriko daturik ematen, baina bai Espainiakoa, eta %51,4ko igoera izan du han. Duela bi urte, lau edo bost euroan eros zitekeen botila bat oliba olio estra birjina, baina gaur egun merkeenak hamar euroren bueltan daude, eta gehien-gehienak hortik gora.

%31,6

Olioaren garestitzea Olioa izan zen iaz gehien garestitu zen elikagaia. Beste elikagai gehienek ez bezala, igoera handia izan zuen zuen bigarren urtez jarraian. 2022an %41 garestitu zen, eta iaz, %31,6.

Prezio igoera hori lehorteak Andaluzian eragindako uzta kaskarren ondorio dela ziurtatu du sektoreak —Andaluziak munduko oliba olioaren %30 inguru ekoizten du, eta hango uztak baldintzatzen du prezioa—. Gainera, sektoreak ohartarazi du hurrengo hilabeteetan ez duela nabarmen behera egingo, 2023ko uzta 2022koa baino pixka bat handiagoa izan den arren, erreserben zati handi bat kontsumitu delako eta horren beharra dagoelako eskaera betetzeko.

Andaluzian edo Katalunian ez bezala, Nafarroan uzta ona ekarri dute udaberriko eta udazkeneko euriek. Lurraldeko ekoizlerik handienak, Arroitzeko Mendiak, iragarri berri du bikoiztu egin duela aurreko urte txarreko uzta, eta inoiz baino olio gehiago merkaturatuko duela: 2,3 milioi litro.

Soldatak, gainetik

%3ko inflazioaren ondorioetako bat da langileen zati handi batek erosteko ahalmena berreskuratu duela 2023. urtean. Nastaten arabera, Nafarroan itunpeko soldatak batez beste %4,1 handitu ziren abenduan. Aste gutxi barru emango du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako urte amaierako datua Lan Harremanen Kontseiluan, baina eremu horretan ere ehuneko lautik gora hazten ari ziren soldatak urrian: %4,06 indarrean dauden lan hitzarmenetan, eta %4,47 aurten hitzartutakoetan.

Langile publikoen soldata %2,5 handitu zen 2023ko urtarrilean, eta beste puntu erdi urrian, atzerako eraginez. Gainera, baieztatzen bada Espainiako barne produktu gordina %2,1 hazi zela 2023an, beste 0,5 punturen ordaina ordainduko diete hurrengo hilabeteetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.