2012ko irailera egin beharko litzateke atzera Hego Euskal Herriko kontsumo prezioen indizean urte arteko tasa horren goian, %3,3an ikusteko. Argindarra inoiz baino garestiago dago, eta hasia da igartzen kontsumo gaien prezioetan, erakutsiz, hein batean, eragin mugatua izan dutela Espainiako Gobernuak argindarraren faktura apaltzeko hartutako neurriek.
Elektrizitate garestiaren eraginez, hilabete bakarrean, uztailetik abuztura, EAEn eta Nafarroan nabarmen igo dira Argindarra, gasa eta beste erregaiak azpitaldeko prezioak, %4,9ko eta %3ko erritmoan, hurrenez hurren. Hamabi hilabetetan, prezioen igoera %25,8 eta %27,5ekoa izan da.
Soilik argindarraren prezioak hartzen dituen Elektrizitatea klaserako INEk ez du eskaintzen erkidego edo probintziako indize eta tasarik. Espainian, klase horretako prezioek urte batean %34,9ko tasa izan dute. Eta pentsa daiteke Hego Euskal Herriko datua ere ez dela urruti ibiliko, beste datu batzuetako parekotasuna oinarri hartuta.
Argindarra garestitzearen beste zantzu bat azpiko inflazioak ematen du, zeinak kanpoan uzten dituen aldakorrenak diren elikagaien (elaboratu gabeen) eta energiaren prezioak. Hego Euskal Herriko azpiko inflazioa %1era igo da abuztuan, uztailean urte arteko tasa %0,9an kokatu ostean.