Inflazioa %2,9ra apaldu da Hego Euskal Herrian

Uztailean sei hamarren egin du behera kontsumo prezioen indizeak, elikagaien eta argindarraren eraginez. Azpiko inflazioa %2,8ra beheratu da.

Elikagaien inflazioa %3,9ra jaitsi da uztailean; ekainean %4,6 zen. ISMAEL HERRERO / EFE
Elikagaien inflazioa %3,9ra jaitsi da uztailean; ekainean %4,6 zen. ISMAEL HERRERO / EFE
Irune Lasa.
2024ko abuztuaren 13a
12:00
Entzun

Prezioek berriz ere beheranzko joerara hartu dute Hego Euskal Herrian, eta, hala, inflazioa %3ren langatik behera gelditu da uztailean, %2,9an. Horrek esan nahi du sei hamarren jaitsi dela ekainetik, eta batez ere argindarraren, elikagaien eta pakete turistikoen merkatzeari esker gertatu da hori. Apaltzea bat dator analistek aurreikusitakoarekin, espero baitute inflazioa jaitsi egingo dela pixkanaka.

Elikagaietan, garestitzearen erritmoa moteltzen ari da oraindik ere: uztailean, janarien inflazioa %3,9ra apaldu da, eta ekainean %4,6 zen. 2021eko azarotik ikusitako portzentajerik txikiena da, eta berresten du jakien prezioek beheranzko bidea hartu dutela berriz, apirileko eta maiatzeko gorakadak atzean utzita.

Olioetan izan da jaitsierarik handiena, ekainetik uztailera %4,5 merkeago salerosi baitira. Hor igarri da oliba olioaren BEZa %0ra jaitsi dela, Espainiako Gobernuaren erabakiz. Irailera arte egongo da horrela, eta, urrian, zerga %2ra igoko da.

Fruitu freskoen prezioak ere apaldu dira ekainetik uztailera (-%1,7). Nahiz eta bi zenbakiko igoerak atzean gelditu diren, fruituak iazko uztailean baino %7,7 garestiago daude oraindik ere.

Argindarraren BEZa

Argindarrak ere lagundu du inflazioa apaltzen; elektrizitatearen prezioak %6 egin du behera uztailean. Baina, halaber, egia da ekainean Espainiako Gobernuak elektrizitatearen gaineko BEZa %10era apaldu zuela berriz ere — ofiziala %21ekoa da—, fakturetan igoera nabarituko zela ikusita eta inflazioaren beste gorakada bat eragotzi nahian.

Madrilek eskura dauka megawatt-orduaren prezioak 45 euroak gaindituz gero BEZa jaisteko modua ematen dion dekretua, eta, ziurrenez, aurrerantzean ere erabiliko du, zeren, uztaileko egun batzuetan, megawatt-orduak 100 euroak gainditu ditu handizkako merkatuan. Adituek uste dute argindarrak garestitzen jarraituko duela datozen hilabeteetan, batez ere tarifa arautua daukaten kontsumitzaileentzat.

Urte arteko inflazio tasa beherantz bultzatu dute aisialdi eta kultura arloko prezioek ere. Pakete turistikoak iazko uztailean baino merkeago salerosteak zera eragin du, aisialdikoen inflazioa %2,6tik %0,7ra apaltzea ekainetik uztailera.

Erregaiek apenas izan duten aldaketarik hilabetean, eta urte arteko tasan %0,7ra jaitsi dira. Azpiko inflazioa ere %2,8ra jaitsi da, beheranzko joera hartu baitu berriro, eta maiatz-ekainetako tasak, %3tik gorakoak, atzean utzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.