Esperotako igoera izan du inflazioak Hego Euskal Herrian. Irailean %1,7ra jaitsi ondoren, azken bi hilabeteetan gora egin du, eta %2,7ra iritsi da azaroan. Azalpen nagusia da 2023ko azken hilabeteetan asko merkatu zela energia, eta aurten, berriz, ez dela halakorik gertatu; ondorioz, igo egin da urte arteko datua. Azaroko inflazioaren ondorio nagusia da baieztatu egin dela pentsioak %2,8 handituko direla urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herrian.
Azaroa azken hilabeteetako garestiena izan da argindar merkatuan, haize eskasiak eta udazkeneko iluntasunak asko txikitu dutelako energia berriztagarrien ekarpena, eta handitu, berriz, teknologia garestienaren erabilera, gasarena. Handizkako merkatuan, batez beste 104,3 euroko kostua izan du megawatt-orduak, iazko azaroan halako bi, eta preziorik handiena 2023 hasieraz geroztik.
Gasa ere garestitu da, argindarra egiteko gas gehiago erre behar izan dutelako ziklo konbinatuko zentralek. Ondorioz, etxeetako energia gastua neurtzen duen inflazioaren atalak —etxeetako berokuntza, argiztapena eta ura—, nabarmen egin du gora, %6,1etik %13,7ra. Iaz, berriz, negatiboan zegoen, eta horrek azaltzen du, hein handi batean, azaroan inflazio orokorrak izan duen igoera handia.
Erregaiak ere izan du eragina, baina pixka bat gutxiago. Berez, erregaiaren prezioa nahiko egonkorra izan da azken hilabeteetan —urritik azarora hiru zentimo garestitu da Hegoaldean, eta hori ere ez gasolina—, baina iaz merkatu egin zen hilabete horretan, eta aurten ez da halakorik izan. Berez, orain iaz baino merkeago dago (-%4,8).
Egutegi efektuaren eragina eurogune osoan gertatzen ari da, eta haren ondorioak aurki desagertuko direla ziurtatu du Europako Banku Zentralak, inflazioa oro har beheranzko bidean ari dela uste baitu. Ondorioz, interes tasa ofizialak jaitsi zituen EBZk atzoko bileran, eta jaitsiera gehiago espero dira hurrengo hilabeteetarako.
Inflazioaren beheranzko joeraren seinale da gutxika-gutxika apaltzen ari dela herritarrek gehien antzeman ohi duten garestitzea, elikagaiena. Gutxi dira oraingoz iaz baino merkeago dauden elikagaiak —azukrea, fruta eta arraina—, baina gainontzeko gehienak ez dira ari aurreko urteetan bezainbeste garestitzen. Horrela, azaroan hamarren bat egin du behera elikagaien inflazioak, %2,6raino. Ez da tasa txikia, baina ez da halakorik ikusi 2021eko azaroaz geroztik. 2022ko urritik 2023ko martxora arte %15etik gora egon zen elikagaien inflazioa, eta duela urtebete %8,9 zen.
Pentsioak, %2,8 gora
Gaurko datuarekin, baiezta daiteke pentsioak %2,8 handituko direla datorren urtarrilaren 1ean Hego Euskal Herriko pentsiodun gehienentzat, hori izan baita Espainiako batez besteko inflazioa 2023ko abendutik 2024ko azarora arte. Hortik gora handituko dira gutxieneko pentsioak, baina Espainiako Gobernuak oraindik ez du zehaztu zenbat.
Azaroaren 1ean 658.560 pentsiodun zeuden Hego Euskal Herrian. Pentsioak, berriz, 727.322 ziren, pentsiodun batzuek bi pentsio jasotzeko eskubidea dutelako: alargun pentsioa eta pentsio propioa.
Batez besteko pentsioa 1.536 euro izan zen azaroan, eta, horri %2,8 gehituta, 1.579 eurora iritsiko da; beraz, 43 euro gehiago jasoko dituzte pentsiodunek.
GASOLIOA, HAMAR ZENTIMO GARESTIAGO?
Azken hilabeteetan gorabehera txikiak izan dira erregaien prezioan, ekoizpena eta kontsumoa nahiko orekatuta daudelako. Baina urtarrilean igoera handia izan dezake gasolioak Hego Euskal Herriko zerbitzuguneetan, hamar zentimo ingurukoa. Igoera horretatik salbuetsi nahi dituzte erabiltzaile profesionalak.
Izan ere, Europako Batzordeak eskatu dio Espainiako Gobernuari gasolioaren gaineko zerga berezia gasolinak duenarekin parekatzeko. Gaur egun, gasolina litroak 0,401 euroko zerga du, eta 0,307 eurokoa, berriz, gasolioak.
Gasolioaren gaineko zerga igotzen saiatu zen duela aste batzuk gobernua, baina neurria bidean geratu zen, aliatuen artean babes nahikorik ez zuten beste neurri batzuekin nahastu zuelako. Berriro heldu nahi dio gaiari, ziur aski datorren astean aurkeztuko duen dekretu baten bitartez. Ikusteko dago dekretua berresteko nahiko babes lortzen ote duen; Podemosek jada ohartarazi dio ez duela alde egingo baldin eta energia konpainien gaineko zerga luzatzen ez badu. Azken zerga horren bideak agortua dirudi, EAJ eta Junts ez daudelako oraintxe babesteko prest.