Inflazioa %2,4raino jaitsi da eurogunean, elikagaien ondorioz

EBZk bilera du datorren astean, baina ez da espero interes tasak jaisten hastea.

Harategi bat, Espainian. FERNANDO VILLAR / EFE
Harategi bat, Espainian. FERNANDO VILLAR / EFE
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 3a
12:00
Entzun

Urratsez urrats, Europako Banku Zentralak gustuko duen mailara gerturatzen ari da inflazioa euroaren eremuan. Eurostaten lehen estimazioen arabera, otsailetik martxora bi hamarren apaldu da urte arteko inflazioa, %2,6tik %2,4ra. Jaitsiera hori, neurri handi batean, elikagaien prezioen bilakaerari zor zaio.

Izan ere, Eurostatek dio martxoan %0,6 merkatu direla janari ez-prozesatuak, eta horren ondorioz duela urtebete baino %0,4 merkeago daudela. Janari prozesatuak, tabakoa eta alkohola oraindik iaz baino garestiago daude (+%3,6), baina igoera hori ere asko ari da apaltzen (otsailean, %4,5 izan zen).

Azken asteotan erregaiaren prezioa emendatzen ari den arren, energia ere iaz baino merkeago dago (-%1,8). Gasaren prezioa erdira txikitu da azken urtean —25 euroan salerosten ari da megawatt-ordua—, eta horrek eta energia berriztagarrien hedapen gero eta handiagoak argindarra ere merkatu dute.

Apaltzeko joerarik ez zaio ikusten, ordea, zerbitzuen inflazioari: Eurostaten arabera %4n jarraitzen du iltzatuta azaroaz geroztik. Datu hori kezkaz nabarmendu izan du Christine Lagarde EBZko presidenteak, eta azaldu du lotuta dagoela soldaten igoerarekin, zerbitzuena enplegu intentsibo handiko sektorea baita.

Hain zuzen ere, EBZk datorren asteko ostegunean egingo du bilera, baina ez da espero orduan hastea interes tasen jaitsieraren bidea, soldaten bilakaerari buruzko datu sorta baten zain dagoelako eta hori ez delako iritsiko maiatzaren amaiera arte. Ekainaren 6rako espero da interes tasak jaisteko urratsa, baina, gaurko datuaren ondorioz, litekeena da Lagarderen mezua ekaineko erabakirako prestakuntza bat izatea. 

langabezia %6,5en dago oraindik

Eurostaten arabera, otsailean 11,1 milioi langabe zeuden eurogunean, otsailean baino 17.000 gehiago. Langabezia tasa, ordea, ez da mugitu, eta %6,5ekoa da oraindik. aurreko hiru hilabeteetan bezala. Genero arrakala ikusten da, ordea: emakumeen langabezia tasa %6,9koa da, eta gizonena, berriz, %6,1ekoa. 24 urtekoen artean, %14,6 daude lanik gabe. Espainiak (%11,5) eta Greziak (%11) dute langabezia tasarik handiena, eta Txekiar Errepublikak (%2,6) eta Poloniak (%2,9) txikiena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.