«Inflazioa, inflazioa, inflazioa». Inflazioari buruzkoek Europako Banku Zentraleko azken Gobernu Kontseiluan denbora mordoa hartu dutela aitortu du Christine Lagardek. Ez da gutxiagorako; mundu osoan dago kezka zer gertatuko den prezioekin datozen hilabeteetan; zenbateraino baldintzatuko duten hazkunde ekonomikoa; eta noraino inflazio handiegi baten beldurrak ez ote dituen banku zentralak bultzatuko haien politikak estutzera, ekonomiak oraindik ez direnean erabat suspertu pandemiaren ajeetatik.
Kezka nolabait berresteko, gaur jakin da Espainiako urriko inflazioaren indize aurreratua, prezioen %5,5eko hazkunde erritmoa erakutsiz, eta iraileko %4ko hazkundea gaindituz. Alemanian, berriz, inflazioa %4,5ean kokatu da, azken 28 urteetako mailarik handienean. Argi dago, dena den, prezioen igoeraren erantzulerik handiena energia garestia izan dela. Esaterako, energia eta elikagaien prezioak kanpoan uzten dituen azpiko inflazioa %1,4koa da Espainian, orokorra baino nabarmen txikiagoa.
EBZko presidenteak ere argi dauka «petrolioaren, gasaren eta argindarraren prezioak» direla inflazioaren igoeraren eragile nagusiak, hornidura kateen arazoekin batera. Horiei beste aldagai bat ere gehitu die Lagardek; haren ustez, euroguneko inflazioaren datuan eragina du Alemanian pandemiagatik murriztutako BEZa lehengoratu izanak. Eragin hori, dena den, alderaketatik 2022. urtearen hasieran ezabatuko da, eta Lagardek iradoki du horrek apalduko dituela inflazio presioak eurogunean.
Ildo berean, energiarekin lehen gertatu izan dena pasatuko dela uste du Lagardek; bat-bateko igoeraren ostean, energiaren prezioak egonkortu egingo direla. Berdintsu gertatuko da, EBZko buruaren ustez, mundua pandemiatik suspertzen doala, goranzko eskariarekin eta uzkurtutako eskaintzarekin hornidura kateetan sortutako estualdiekin. Hurrengo urte bukaera aldera, arazoa arinduko dela uste du.
Uste baino luzeago
Lagardek ametitu du EBZk aurretik uste baino gehiago igoko dela inflazioa eurogunean eta goian denbora gehiagoz egongo dela, baina 2022. urtean zehar inflazioa apalduz joango dela espero du. Hori bai, soldaten igoera batek inflazioan bigarren itzuliko efektu bat ekar dezakeen oso adi egongo da EBZ.
Gauzak horrela, banku zentralak ez du bere diru politikan aldaketarik egiteko asmorik, oraingoz behintzat. EBZk ekonomia suspertzeko erosketa programekin jarraituko duela iragarri du, eta zorra erosteko PEPP programa 2022an martxoan amaituko dela berretsi du. Horretarako prozedura zein izango den abenduko Gobernu Kontseiluan hitz egingo dutela esan du.
Jakina, gehiegizko inflazio baten arriskutik babesteko ekonomia hoztuko luketen interes tasen igoera batez galdetu diote EBZko presidenteari. Hark baztertu egin du igoera, hurrengo urtean inflazioa %2ko helburutik behera gelditu dela, eta hori esateko datuak dituela argudiatuz. Lagardek gaineratu du, halaber, bera ez dela sartzen beste banku zentralek egin dezaketenarekin.
Baina sinetsi diote merkatuek Lagarderi? Ez dirudi, gaur behintzat. Inbertsiogileek tasen igoera baten alde apustu egin dute, bonuak erosten, datorren irailerako tasen igoera bat espero duten analistei jarraiki. Horri buruz galdetuta, «gure irakurketa zuzena da», erantzun du EBZko presidenteak.