Ustekabe handirik eman gabe, eta, inflazioaren data aurreratuak jada adierazten zuenari jarraikiz, KPI kontsumo prezioen indizeak nabarmen egin du behera irailean, eta abuztuko %2,5eko tasatik %1,7ra jaitsi da. Hiru urte eta erdi, 2021eko martxora, egin behar da atzera horren inflazio tasa txikia ikusteko.
Bi dira iraileko prezioen moteltze esanguratsuaren arrazoi nagusiak. Batetik, elikagaiak daude; haien inflazioa tasa, iazko irailetik honako aldaketa erlatiboa, %2,8an kokatu da, abuztuko %3,4tik eta iazko %9,5etik. Izan ere, iazko irailean elikagaiak oraindik erritmo handian garestitzen ari ziren, nahiz eta haien prezio igoeraren aldirik okerrena igarotzen hasia zen.
Olioak, merkeago
Aurtengo abuztutik irailera gehien merkatu diren elikagaien artean daude fruitu freskoak (-%4,7), azukrea (-%7,2) eta, batez ere, olioak (-%3,2). Aldiz, lekale eta barazkiak garestitu egin dira, %,3,7.
Elikagaiek iaztik izan duten bilakaerari begira, olioen inflazioa oraindik bi digitutik gora dago (+%10,4), baina azukrearen garestitzearen okerrena pasatu dela erakusten du haren tasa negatiboak (-%2).
Erregaiak dira inflazioa beheratzearen bigarren arrazoi nagusia. Iaz sasoi honetan izandako igoeraren aldean, irail honetan beherakadak izan dituzte erregaiek, eta hortik haien inflazioa negatiboa izatea (-%12,1). Hilabeteko tartean, erregaien prezioak %3,5 apaldu dira.
INEren arabera, iraileko KPIa beheratu dute pakete turistikoek ere, iazko garestitzetik —%20tik gora ibili zen haien inflazio tasa— oso urrun geratu baitira aurtengo irailekoak, %1,8ko igota.
Azpiko inflazioa
Irailean behera egin du azpiko inflazioak ere, zeinak ez dituen erosketa saskiko preziorik aldakorrenetako gaiak aintzat hartzen, hots, erregaiak eta elikagai freskoak. Azpiko inflazioa %2,4ra apaldu da, abuztuko %2,9ko tasatik. Horrek esan nahi du oraindik ere tasa orokorretik zazpi hamarren gora dagoela, baita EBZ Europako Banku Zentralaren %2ko helburutik gora ere. Edonola ere, azken lau hilabeteetan egin du behera.
Ikusteko dago, hala ere, prezioek noiz arte eutsiko dioten beheranzko joera ia orokor horri; izan ere, EBZren aurreikuspenen arabera, urtearen azken hilabeteetan prezioen errebote moduko bat espero da eurogunean, besteak beste, erregaien salneurrien eraginez.
Edozein modutan, merkatuko analista gehienek espero dute banku zentralak interes tasak beste puntu laurden bat jaitsiko dituela aste honetan bertan, ostegunean egitekoa duen bilkuran. Interesgarria izango da entzutea Christine Lagardek zer dioen ere EBZren inflazio aurreikuspenez.