Inflazioa

Inflazioa %3,3ra apaldu du energiaren merkatzeak

Elikagaiak iaz baino %8,9 garestiago daude orain. Balite arau fiskal berrietara moldatzeko neurriek inflazioa berriro igoaraztea datozen hilabeteetan.

Emakume bat erosketak egiten, Arrasateko supermerkatu batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Emakume bat erosketak egiten, Arrasateko supermerkatu batean. Elikagaiak iaz baino %8,9 garestiago daude oraindik ere. ANDONI CANELLADA / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 14a
09:25
Entzun

Ia urte erdi darama inflazioak gora egiten Hego Euskal Herrian, baina azaroan behera egin du berriro, INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. %3,5etik %3,2ra jaitsi da oraingoan, gehienbat energia produktuak merkatu direlako. Hala ere, elikagaien garestitzea handia da oraindik, gaur egun erosketa egitea iazko azaroan baino baino %8,9 garestiago baita.

Erregaien merkatzeak gutxitu du bereziki inflazioa berriro. Izan ere, udaberritik asko merkatzen ari ziren erregaiak, 2022ko datuekin alderatuta, baina udan berriro gorako joera hartu zuen: erregaien inflazioa -%17,4 zen ekainean, eta irailean, berriz, -%0,8. Bada, berriro merkatuz joan da gutxinaka, eta iaz baino %6,9 merkeago daude erregaiak.

Etxebizitzetako gastuak (ura, argindarra, gasa...) ere iaz baino merkeago daude, -%15,5 baita horien inflazioa. Hala ere, larria da oraindik ere elikagaien garestitzea, iaz baino %8,9 garestiago baitira. 2015eko urtarrilera egin behar da atzera elikagaietan deflazioa ikusteko. 2021 amaieran elikagaiak nabarmen garestitzen hasi zirenetik goian jarraitu du inflazioak, %10etik gora ia hilabete guztietan. Abuztuan jaitsi zen elikagaien inflazioa muga horretatik, baina oso erritmo pausatuan ari da behera egiten.

Arau fiskalak eta inflazioa

Ez dago ziur jakiterik zer egingo duen inflazioak datozen hilabeteetan, baina Espainiako Gobernua hartzekoa den neurri paketeak nabarmen baldintzatu dezake prezioen garestitzearen bilakaera. Izan ere, oraindik akordiorik ez badago ere, Europako Batasunean arau fiskalak berrezarriko dituzte laster, estatuen zorpetzea eta defizita mugatzeko. Horrek esan nahi du azken urte pasatxoan EBko gobernuek eman dituzten laguntza batzuk amaitu egin beharko dutela; Alemanian jada iragarri dute 17.000 milioi euroko murrizketa aurrekontuetan.

Pedro Sanchezen gobernuak hainbat laguntza eman ditu azkenaldian: garraio publikoa merkatu du, elikagai batzuen BEZa murriztu du, eta gidari profesionalak diruz lagundu ditu erregaiak ordaintzeko. Bada, horietako batzuk kentzekoa da Madril. Badirudi elikagai batzuen BEZaren murrizketa mantendu egingo dutela, baina garraio publikoaren deskontuak biztanle batzuei bakarrik mantendu nahi dizkie: gazteei eta langabeei. Kentzekoak dira garraiolariei erregaiak ordaintzeko ematen dizkieten laguntzak ere, iaz baino %6,9 merkeago baitaude erregaiak orain.

Bestalde, argindarraren fakturan azken urteetan egindako zerga murrizketak ere kentzekoak dira, eta baliteke horrek ere inflazioa berriro igoaraztea.

Azpiko inflazioa behera

Azken urtean azpiko inflazioaren maila handia izan da arazo nagusia, elikagaien garestitzearekin batera. Elikagaiak eta energia produktuak kontuan hartu gabe kalkulatzen da hori, bi horien prezioak oso aldakorrak direnez, joera orokorraren irudi hobea izateko. Bada, inflazio orokorraren gainetik jarraitzen badu ere, nabarmen egin du behera azaroan, %5,3tik %4,7ra gutxitu baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.