2024. urtea ona, txarra ala erdipurdikoa izan zen enpleguarentzat? INE Espainiako estatistika instituaren arabera, oso kaskarra, 27.000 lanpostu desagertu zirelako eta langabezia tasa %7,68ra igo zelako Hego Euskal Herrian. Baina datu horiek ez datoz guztiz bat hilero SEPEk eta Gizarte Segurantzak ematen dituztenekin —16.151 langile gehiago zeudela adierazi zuten—, ezta Eustatek joan den astean eman zituenekin ere.
Hain zuzen ere, EAEn egin du behera enpleguak, INEren arabera. Eremu horretarako eman ditu datu arraroenak inkestak, besteak beste, alde handiak baitaude Nafarroarekin —16.200 landun gehiago, %5,5— eta Espainiako autonomia erkidego ia guztiekin konparatuz.
59.100Lanpostu aldea EAEn INEk eta Eustatek datu oso ezberdinak eman dituzte. Eustaten arabera, iaz 15.700 lanpostu sortu ziren EAE; INEren, arabera, berriz, 43.400 galdu.
Eustatek iragan astean esan zuen EAEn 15.700 landun gehiago zeudela. INEk, berriz, kontrakoa dio: hiru lurralde horietan 43.400 landun gutxiago daudela. 2023ko azken neurketan 1.024.200 landun zeuden, eta 2024koan, 980.000. Inkestek 2023ko eta 2024ko azken hiruhilekoetako datuak alderatzen dituzte.
Eta INEren arabera, non desagertu dira lanpostu horiek? Bada, esaterako, EAEn eraikuntza sektoreko lanpostuen herenak desagertu dira. 2023ko azken hiruhilekoan 60.800 landun ziren eraikuntzan eta iazkoan 41.400. Lehen sektorean ere jaitsiera nabarmena egon zen, 13.600etik 8.800era (-%35). Nafarroan, aldiz, enplegua sortu zen bi sektore horietan: eraikuntzan, %2,5 (laurehun lanpostu) eta lehen sektorean %8,5 (zortziehun lanpostu).
Industriari eta zerbitzuen sektoreari erreparatuz gero, industrian 10.500 landun gutxiago zeuden EAEn, eta zerbitzuetan 8.700 gutxiago. Nafarroaren joera, ordea, oso ezberdina izan zen: 14.400 landun gehiago industrian eta 2.200 gehiago zerbitzuetan. Hegoalde osoari erreparatuta, industriak 3.900 landuneko bilakaera positiboa izan zuen, eta zerbitzuetan 6.600 landun gutxiago zeuden.
Datu deigarriak eman ditu INEk. Haren arabera, urte batean EAEko eraikuntzako eta lehen sektoreko lanpostuen herenak desagertu dira
Datu horiek Gizarte Segurantzak emandakoetatik oso urrun daude; hark ere sektoreko entresaka egiten du. Gizarte Segurantzaren arabera, eta Hegoaldeari erreparatuta, industriak iaz 4.100 langile galdu zituen, eta zerbitzuetan 17.400 lanpostu sortu ziren.
Lanpostu galera horri lotuta, langabezia tasa ere asko igo da INEren arabera. 2023ko azken hiruhilekoan %7koa bazen, iazkoan %7,7koa zen. Inkesta horren beraren arabera 109.700 langabe daude Hegoaldean, iaz baino 9.000 gehiago. Datu horretan eragin handia du populazio aktiboak —lanean daudenak eta lan bila dabiltzanak— izandako gorakadak (16.700 gehiago).