Industrien %25 lanera itzuli dira, neurriak hartuta

Hego Euskal Herrian, segurtasun neurri «zorrotzekin» ekin diote berriro lanari industria sektoreko eta eraikuntzako langileek. Lautik bat ari da, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko patronalak emandako datuen arabera. Herri lanetan nabaritu da gehien itzulera. Enpresa handi ugarik itxita jsegitzen dute, esportazioen jaitsieragatik.

Eraikuntza sektoreko langile bat, astearte honetan, Gasteizko eraikin batea. ENDIKA PORTILLO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 14a
12:14
Entzun

Hego Euskal Herrian industria arloko lau langiletik bat itzuli da gaur goizean fabriketara, eta eraikuntza lanetako gehienak ere bai. Protagonismoa osasun arloko neurriak daukate; oro har: langileei tenperatura hartzen diete lantegietako ateetan, modu mailakatuan sartzen ari dira, baita aldageletara eta jantokietara ere, eta segurtasun distantzia bat mantendu behar dute une oro. Langileen osasun bermeak adostu ezean, planto egitera deitu dute sindikatuek. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak nabarmendu duenez, «gorabehera nabarmenik gabe» joan da goiza.

Hilabete igaro da Hegoaldeko lantegi ugarik jarduna eten behar izan zutela; gaur martxan jarri den handiena Michelin —Gasteiz eta Lasarte-Oria (Gipuzkoa)— izan da: lantaldearen %25 deituta zegoen – 3.300 langileetatik 800 inguru –, eta goizeko txandan hiru multzotan sartu dira, ordu erdiz behin, denak batera  sartu beharrean. Hilaren 20ra arte ez dituzte ekoizpen lerro gehienak irekiko, eta pixkanaka deituko dituzte langileak.

Bi lantegietan eremu komunak desinfektatzeko, garbitzeko eta egokitzeko prebentzio neurriak hartu dituzte. Era berean, prebentzio protokoloa langile guztiei eman eta azaltzen zaie, eta langile bakoitzak norbera babesteko ekipo bat jasotzen du. Bestalde, aldagelen eta komunen garbitasuna indartu da txanda bakoitzean.

Osasun neurriekin eta ekoizpena ralentian dutela ari dira beste enpresak ere. Irizar autobus ekoizleko langileek (Ormaiztegi, Gipuzkoa), adibidez, gaur berrekin diote, antzeko segurtasun neurriekin. Ekoizpen linea bakarrarekin hasi dira, hilaren 20ra arte.

Sidenorren (Basauri, Bizkaia) ere gaur hasi dira: automobilgintzarako altzairu bereziak egiten ditu. Lantegiaren sarreran langileei tenperatura hartzen diete, eta barruan besteen oso antzeko segurtasun neurriak bete behar dituzte. Espedizioen lerroa ireki du oraingoz, dagoeneko fabrikatuta dagoen materiala bezeroen esku uzteko. Martxoaren 17an, produkzioa eten zuten langileek, segurtasun neurriak betetzen ez zirela salatzeko; bi egun geroago, berriro ekiteko agindu zien Lan Ikuskaritzak. Bi aste geroago, berriro eten zuten lana.

Bridgestone pneumatikoak ekoizten dituen enpresak Basauriko eta Usansoloko lantegietako (Bizkaia) ateak ireki ditu gaur, baita egitura eolikoak egiten dituen Aernnovak, Berantevillan (Araba). ITP Aeron, berriz, langile batzuk ostiralean hasi ziren lanean Derioko parke teknologikoan, eta gainerakoak gaur hasiko dira.

Mondragon taldeko kooperatiben jarduera ere % 20 eta %25 artekoa da, eta «zorrotz» betetzen ari dira «langileen osasuna bermatzeko segurtasun protokolo guztiak». Korporazioko iturriek adierazi dutenez, taldearen negozio industrialaren zati handi bat automobilgintzaren sektorera bideratuta dago, eta oraindik lantegi asko itxita daude herrialde askotan, Europan bereziki. Hala ere, espero dute datorren astean bezeroen eskaria berraktibatzea, industria jarduerak pixkanaka areagotzearekin batera. Horrekin lotuta ere, azaldu dute Mondragonek Txinan dituen lantegien funtzionamendua «normaldu» dela.

Obra publiko gehienak

Gaur ere eraikuntzaren zati handi bat itzuli da, obra publikoen sektorean bereziki. Aldiz, etxebizitzen birgaitze lanek —fatxadak, bainugelak— ia geldirik daude oraindik ere, etxe horietan bizilagunen bat bizi baldin bada debekatua dutelako.

Obra publikoari dagokionez, AHT abiadura handiko trenaren lanei berrekin diotela azpimarratu du Arantxa Tapia sailburuak; horrek duela lehentasuna. Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, jakinarazi du gauza bera egin dutela Bilboko hegoaldeko saihesbidearen errepideko lanetan, Ezkerraldeko etorkizuneko parke teknologikorako sarbideetan, Ondarroako pasabideetan eta Artxandako tunelen hobekuntza obretan, besteak beste.

Aldundiak azaldu duenez, itzulera progresiboa izango da obra publikoetan. Hala, datorren astelehenean ekingo diete honako lan hauei: Kukularrako lotunea berrantolatzekoan, Lemoa eta Zeanuri artean N-240 errepidea hobetzekoan, eta Artatzako biribilgunerako sarbideetan.

Eskariak geldirik

Gaur goizean industrialdeetan mugimendua nabari bazen ere, enpresa denek ezin izan dute ireki. Itzuleran gakoa izaten ari da eskarien jaitsiera; askok ezin diote ekin nazioarteko esportazioek geldirik segitzen dutelako edota beste herrialde batzuetako lantegiak itxita daudelako oraindik. Egoera horretan daude, adibidez, Hego Euskal Herriko bi enpresa handienak: Iruñeko Volkswagen eta Gasteizko Mercedes. Lanera itzultzeko, «automobil merkatuaren berpizkundearen zain» daude biak.

Volkswagenek ohar batean jakinarazi duenez, apirilaren 27an hasteko asmoa dauka. Horrekin batera, azaldu du zuzendaritza eta langileen batzordea antolakuntzarako plana adosten ari direla, jardueraren itzulera, langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko; adibidez, langile guztiei babeserako ekipamenduak emanez.

Mercedesek egun berera atzeratu du itzulera. Langileek behartu zuten itxiera, behar bezalako segurtasun neurririk ez zegoela argudiatuta —47 langilek eman dute positibo koronabirusagatik—. Gaur egun, aldi baterako lan erregulazioan daude langileak.

Trenak ekoizten dituen CAF enpresak ere itxiak ditu Beasaingo eta Irungo (Gipuzkoa) plantak, hilaren 20ra arte: 44 langile ari dira zerbitzu minimoetan, presazko eskari batzuei erantzuteko.

Siderurgian ere erdizka dabiltza, gehienak lan erregulazioan: Tubacexen, Tubos Reunidosen, Guardianen. Sestaoko ACBk (Bizkaia), adibidez, irekiera datarik ere ez du, eskarien jaitsiera dela-eta. ArcelorMittalen Olaberriako eta Zumarragako (Gipuzkoa) plantetan, berriz, zerbitzu minimoetan ari dira.

Txikietan babes «eskasagoa»

Loli Garcia CCOO Euskadiko idazkari nagusiaren esanetan, jarduera «oso pixkanaka» itzultzen ari da, eta, oro har, segurtasun neurriak betetzen ari dira, enpresa handietan bereziki. Garciak ohartarazi duenez, horiek betetzen ez dituztenak salatuko dituzte Osalanen eta Lan Ikuskaritzan. Gogoratu du enpresa txiki eta ertainetan eta eraikuntza alorrekoetan ere ezarri behar direla babes neurriak.

ELAk eta LABek, berriz, ohartarazi dute planto egitera deituko dutela enpresek langileekin adostu ezean.

LABek salatu du «oso gutxi» direla prebentzio planak aurkeztu dituzten enpresak, eta nabarmendu du egin dituzten tokietan Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren irizpideen «kopia» egin dutela, «lan zentro horietako errealitateari egokitu gabe; hau da, espedientea betetzeko egin dute, ez langileen osasuna zaintzeko».

Kasu batzuetan —Michelin aipatu du—, itzultzeko «beharrik» ere ez zegoela gogoratu du, stocka bazutelako. Salatu du beste batzuetan —Sidenorren, adibidez— ez dutela aurkeztu «inolako planik» eta tokian tokiko patronalek «aldebakartasunez erabakitako neurriak» ezarri dituztela.

Horren harira, LABek azaldu du patronalak «bizpahiru enpresa handi» erabili dituela «eredu moduan», prebentzio neurri «eredugarriekin» eta «babes mediatiko itzelarekin». Aldiz, azpimarratu du oso bestelakoa dela «enpresa gehienen» egoera, batez ere ertain eta txikietan.

ELAk, berriz, nabarmendu du sindikatuek ordezkaritzarik ez duten enpresetan «ezinezkoa» dela oinarrizko prebentzio neurriak betetzen diren ala ez bermatzea, Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ez dutelako horretarako «baliabide nahikorik». Eta beste behin kritikatu du Jaurlaritzaren protokoloa, sindikatuekin ez duelako adostu. Salatu du gobernuaren «obsesio bakarra» dela enpresak «nola edo hala» martxan jartzea, hori modu seguruan egiteko «baliabide eta konpromisorik» hartu gabe.

Maria Jesus San Jose Lan sailburuak, berriz, esan du ez Ikuskaritzak ez Osalanek ez dutela jaso salaketarik «orain arte», eta gogorarazi du enpresek «asteak» daramatzatela prebentzio planak prestatzen, lanerako itzulera «berme guztiekin egiteko».

San Josek haserrea agertu du ELA eta LAB sindikatuek kritikak egin dituztelako Jaurlaritzak eginiko protokoloari buruz eta gobernuaren eta enpresen konpromiso faltaz. «Ez badute nahi enpresek irekitzea, hala esan dezatela, baina ez dezatela susmorik bota guztion konpromisoaren inguruan».

Sailburuak beste behin defendatu du gutxieneko jarduera bat mantentzeko beharra, «merkatuen susperraldiaren aurrean prest egoteko». «Seinale positiboak daude alde horretatik. Asia aktibatzen ari da eta gure erreferentzia diren herrialdeetan, Alemania kasu, urratsak egiten ari dira».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.