Industriaren ekoizpena handitu da aurten, EAEn

Alemanian, ordea, azken hamar urteetan ez bezala amildu da, eta atzeraldi baten beldurra areagotu du

2019ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Datu kontrajarriak ematen ari da industria. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan datu orokorra txukuna da, industriaren ekoizpena %0,7 handitu baita urteko lehen sei hilabeteetan, iazkoekin alderatuz gero. Baina, Mercedesen produkzio jaitsieraren eskutik, Araban 3,8 txikitu da, eta Bizkaiari (+%3,2, energiaren eskutik) eta Gipuzkoari (+%1,2) esker izan da positiboa datu orokorra.

Edonola ere, 2019ko ekaina eta 2018koa alderatuz gero, gorabehera handiak daude sektore batetik bestera: %27,1 handitu dira energia eta %7,9 tresneria elektrikoa, baina %5 jaitsi dira garraio materiala, %2,5 elikagai industria eta %0,7 metalgintza.

Alemaniako datuak, berriz, kezkagarriagoak dira, atzeraldi baten beldurra areagotu baitute. Destatis estatistika bulegoak zabaldutakoaren arabera, ekainean maiatzean baino %1,5 gutxiago ekoitzi zuten Alemaniako fabrikek, eta iazko ekainean baino %5,2 gutxiago—amiltzerik handiena 2009az geroztik—. Jaitsiera auto merkatuaren jaitsierari eta AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerraren eraginei egotzi diete adituek.

Ekoizpenaren datuak zapuztu egin du industriaren eskaerei buruzkoa, ezustean, handitu egin direla jakinarazi baitzuten asteartean. Alemaniako Gobernuak espero du BPG barne produktu gordina %0,5 haziko dela aurten, eta %1,5, berriz, datorren urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.