Industriaren ahultasuna berretsi dute Eustaten datuek

Estatistika erakundeak baieztatu du EAEko barne produktu gordina %0,2 baizik ez zela hazi urteko hirugarren hiruhilekoan.

Haiz
Langile bat Haizea Winden lantegian, Bilboko portuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 1a
12:30
Entzun

Edalontzia erdi beteta edo erdi hustuta ikusteko aukera ematen dute aurtengo kontu ekonomikoek. Erdi beteta dago iparraldera dauden auzoekin alderatuz gero, baina erdi hustuta aurreko urteekin konparatuta.

Eustatek baieztatu egin ditu duela hilabete eta erdi barne produktu gordinaren bilakaerari buruz aurreratutako datuak. Hortaz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %0,2 hazi zen bigarren hiruhilekotik hirugarrenera, eta %1,6ko azken urtean.

Hau da, ez dago Alemania jasaten ari den atzeraldiaren modukorik, ezta eurogune osoak duen geldialdiaren gisakorik (%0,1), baina urrun daude 2021eko eta 2022ko hazkunde tasa indartsuak (%6 eta %5,4, hurrenez hurren).

Eustatek gaur goizean zabaldutako datuek beste zerbait baieztatzen dute: ekonomiaren sektore nagusien artean, industria ari da gehien jasaten motelaldia. Hiruhileko arteko tasa negatiboa du (-%2,4), baina hori ohikoa da udako hilabeteetan, lantegi asko itxita egoten baitira oporraldian.

Urte arteko tasa, berriz, positiboa da berriz (%0,2), aurreko hiruhilekoan zenbaki negatiboetan egon ondoren. Energia da industriako atalen artean ahulena, manufaktura beraren hazkundea handiagoa izan baita (%0,4).

Inbertsioa da motorra

Industriak inbertitzen jarraitzen du. Urteko bigarren hiruhilekotik hirugarrenera apaldu egin da (-%2,8), urtaroaren eraginez, baina urte arteko tasan, berriz, hazkundea nahiko handia da (%2,6). Gainera, ongi banatuta dago ekipo ondasunetan egindakoa (%2,4) eta gainerakoetan egindakoa (%2,6). Azken horretan eraikuntzak du pisurik handiena. 

Ekonomiaren atalen artean, eraikuntzak berak du hazkunderik handiena (%2,9), zerbitzuen gainetik (%2). Lehen sektorea, berriz, behera egiten ari da aurten ere: %8,7 txikitu zen iaz haren ekarpena, eta aurtengo hirugarren hiruhilekoan %2,3 txikiagoa zen duela urtebete baino.

Lurralde historikoen artean bada alderik. Urte arteko tasa handiena Arabak eta Gipuzkoak dute (%1,9), eta nabarmen txikiagoa da Bizkaikoa (%1,2). Hiruhileko arteko tasan, berriz, kontrakoa gertatzen da: Bizkaiko BPGa %0,4 handitu da; Gipuzkoakoa, %0,2; eta Arabakoa %0,4 uzkurtu da.

15.326

Lan merkatua, oro har, ongi eusten ari zaio jarduera ekonomikoaren motelaldiari. Eustaten arabera, enplegua %1,6 hazi da 2023ko hirugarren hiruhilekoan, 2022koarekin alderatuz gero. Zenbaki osoetan, 15.326 enplegu gehiago dira, lanaldi osoaren baliokideak diren lanpostuetan neurtuta. Zerbitzuek sortu dute enplegu gehien (%2), baina industrian ere sorrera izan da (%0,7).

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.