Industrian izan ezik, sektore guztietan irabaziak izan ditu Gureak taldeak

210 milioi euro fakturatu ditu taldeak, eta 5 milioi euroren irabaziak izan ditu. Pandemia aurreko datuetara iritsi direla adierazi dute.

Gureak taldeko bi langile, artxiboko irudi batean. GUREAK TALDEA
inaut matauko rada
2023ko otsailaren 22a
12:40
Entzun

Gureak gizarte ekonomiako taldea pandemia aurreko datuetara itzuli da, fakturazioari eta enpleguari dagokienez. 2022ko balantzea plazaratu du gaur taldeak, Donostiako egoitzan, eta Iñaki Alkorta presidenteak adierazi du iaz 210 milioi euro fakturatu dituela enpresak; irabaziak, berriz, 5 milioi eurorenak izan ziren, Asier Vitoria zuzendari nagusiaren arabera. Enpleguari dagokionez, 5.954 langile ditu taldeak.

Vitoriak adierazi du fakturazioan eta enpleguan 2019ko datuetara hurbildu direla. Pandemiaren aurretik 215 eta 220 milioi euro inguru fakturatzen zituztela esan du, baina 2020 eta 2021ean 170-180 milioi euro inguru sartu ziren enpresaren kontuetan. Pandemiaren bi urte gogorrenetan 200-300 lanpostu inguru ere galdu zirela esan du, baina orain berriro ia 6.000 direla gogorarazi du.

Sektoreka, industria izan da urte zailena izan duena, emaitza negatiboekin amaitu baitzuen 2022a; hala ere, urte hasieran zuten aurreikuspenaren gainetik amaitu du industriak. Vitoriaren arabera, energiaren eta lehengaien kostuen igoera eta eskari irregularra izan dira emaitza negatiboaren erantzule nagusiak. Nafarroako —250 langile— eta Arabako —380 langile— filialetan ere «ezegonkortasuna» jasan dute industria arloan, baina bi lurraldeetako sektore guztiak kontuan hartuta irabaziak izan dituztela adierazi du.

Hala ere, sektore horretan enplegua mantentzea lortu dutela gaineratu du, eta 2023an jarduera mailari eutsiko diotela uste dute. Izan ere, automobilgintzaren alorrean, Gureak taldearen industria sektorearen erdian, irabazi marjinak berreskuratzea lortzea espero dute, eta elektronikan, mugikortasunean eta Smart home alorrean ere emaitza positiboak izango dituztela aurreikusten dute.

Askotariko jarduna

Nahiz eta industrian emaitza negatiboak izan, gainontzeko sektoreen errendimendu onari esker 5 milioi euroko irabaziak izatea lortu dute. Taldearen «dibertsifikazio maila handia» jo du Vitoriak horren erantzuletzat: «Gureak oso dibertsifikatuta dago; gure DNAn dago. Horrekin, enpresaren arrisku maila jaisten dugu; beti da hobe arrautzak hainbat saskitan edukitzea». Hala, sektore bakoitza bere merkatuaren ezaugarrietara moldatu behar denez, emaitzak desberdinak izan dira, Vitoriak adierazi duenez.

Zerbitzuen sektorearen azpitalde guztiek —eremu soziosanitarioa, elikadura, lorezaintza...— emaitza positiboak izan zituzten iaz. Sektore horretan Gureak taldeak duen estrategia azpitalde bakoitzean erreferente diren enpresekin lankidetza indartzea dela adierazi du Vitoriak, eta Eroskirekin duen harremana jarri du adibide gisa. Izan ere, 2022an laugarren supermerkatu inklusiboa irekitzea lortu zuten, Soraluzen (Gipuzkoan). Marketinean ere positiboak izan dira zifrak.

Alkortak gogorarazi du Gureak irabazi asmorik gabeko sozietate bat dela, eta, beraz, ez dutela dibidendurik banatzen. Hala, irabaziak enpresaren garapenerako inbertitu ditzakete, eta iaz, adibidez, 12,5 milioi euro inbertitu zituztela adierazi du. Vitoriak gehitu du inbertsioaren erdia ekipamenduan, tresnerian eta instalazioetan egin dutela, eta gainontzekoa, berriz, eraikinetan.

Aurten ere negozio bolumenari eutsiko diotela aurreikusten dute, eta, beraz, irabaziak izaten jarraituko dutela. Hala ere, Vitoriak dio «erronka» bat dela, egoera «zaila» baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.