Industrian izan ezik, Gureak-ek irabaziak izan ditu

inaut matauko rada
Donostia
2023ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gureak gizarte ekonomiako taldea pandemia aurreko datuetara itzuli da, fakturazioari eta enpleguari dagokienez. 2022ko balantzea plazaratu zuen atzo taldeak, Donostiako egoitzan, eta Iñaki Alkorta presidenteak adierazi zuen iaz 210 milioi euro fakturatu zituela enpresak; irabaziak, berriz, bost milioi eurorenak izan ziren. Enpleguari dagokionez, 5.954 langile ditu taldeak.

Asier Vitoria Gureak taldeko zuzendariak nabarmendu zuen fakturazioan eta enpleguan 2019ko datuetara hurbildu direla. Pandemiaren aurretik 215 eta 220 milioi euro inguru fakturatzen zituztela esan du, baina 2020an eta 2021ean 170-180 milioi euro inguru sartu ziren enpresaren kontuetan. Pandemiaren bi urte gogorrenetan 200-300 lanpostu inguru ere galdu zituzten, baina orain berriro ia 6.000 dira.

Sektoreka, industria izan da urte zailena izan duena, galerekin amaitu baitzuen 2022a; hala ere, urte hasieran zuten aurreikuspenaren gainetik amaitu du industriak. Vitoriaren arabera, energiaren eta lehengaien kostuen igoera eta eskari irregularra izan dira emaitza negatiboaren erantzule nagusiak. Nafarroako eta Arabako filialetan ere «ezegonkortasuna» jasan dute industria arloan, baina bi lurraldeetako sektore guztiak kontuan hartuta irabaziak izan dituzte. Hala ere, sektore horretan enplegua mantentzea lortu dutela gaineratu du.

Askotariko jarduna

Nahiz eta industrian emaitza negatiboak izan, gainontzeko sektoreen errendimendu onari esker bost milioi euroren irabaziak izan dituzte. Taldearen «dibertsifikazio maila handia» jo du Vitoriak horren erantzuletzat: «Gureak oso dibertsifikatuta dago; gure DNAn dago. Horrekin, enpresaren arrisku maila jaisten dugu; beti da hobe arrautzak hainbat saskitan edukitzea».

Zerbitzuen sektorearen azpitalde guztiek emaitza positiboak izan zituzten iaz. Sektore horretan Gureak taldeak duen estrategia azpitalde bakoitzean erreferente diren enpresekin lankidetza indartzea dela adierazi du Vitoriak, eta Eroskirekin duen harremana jarri du adibide gisa. Izan ere, 2022an laugarren supermerkatu inklusiboa irekitzea lortu zuten, Soraluzen (Gipuzkoan). Marketinean ere positiboak izan dira datuak.

Alkortak gogorarazi du Gureak irabazi asmorik gabeko sozietate bat dela, eta, beraz, ez dutela dibidendurik banatzen. Hala, irabaziak enpresaren garapenerako inbertitu ditzakete, eta iaz, adibidez, 12,5 milioi euro inbertitu zituztela adierazi du. Vitoriak gehitu du inbertsioaren erdia ekipamenduan, tresnerian eta instalazioetan egin dutela, eta gainontzekoa, berriz, eraikinetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.