Euskal industriaren egoera eta aurreikuspen onen aldean, sektore horretako langileen egoera «larria da», LABen ustez. Industria alorreko beharginak prekaritatearen eta estatalizazioaren «mehatxupean» ikusten ditu sindikatuak, eta bere konpromisoa berretsi du arrisku horien kontra borrokatzeko, bai enpresa hitzarmenetan, bai sektoreko negoziazioetan.
LABek agerraldia egin zuen atzo Bilbon, Euskal Herriko industrian langileek bizitzen ari diren «prekarizazio basatia» salatzeko eta horren aurrean negoziazio kolektiboak duen garrantzia azpimarratzeko. Hain zuzen, sindikatuak azaldu du industriaren kasuan patronalak krisi ekonomikoa erabili zuela egiturazko aldaketak egiteko; «adibidez, negoziazio kolektiboari eraso egiteko».
Horren ondorioz, testuinguru ekonomikoa hobetu denean, enpresaburuen egoera aldatu egin da, «azken urteetan irabazi handiak metatu dituztelako». Hazkunde ekonomikoa egon da, errentagarritasuna igo egin da, eta «2019rako aurreikuspenakoso onak dira», dio sindikatuak, enpresa horiek biltzen dituzten klusterrek emandako datuak oinarri hartuta.
Aldiz, «negoziazio kolektiboaren erreforma onartu zenetik» industria sektoreko langileak egoera «larrian» daudela salatu du LABek; «prekarizazioa, prekarizazioa eta prekarizazioa baino ez da egon euskal langileentzako».
Prekaritateak sektorean izan duen hazkundearen erakusgarri, industria alorreko langabeen kopurua azpimarratu du sindikatuak. Hego Euskal Herrian, apirileko datu ofizialen arabera, 27.902 langabe zenbatu ziren industria sektorean, «datu larri bezain gordina», LABen aburuz. Horri gehitu behar zaio euskal industrian sortzen diren enplegu berrien izaera ere; «egiten diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira». Errealitate horretan, LABek «patronala pozik eta eroso eta instituzioak itsu, mutu, gor» ikusten ditu.
Egoera horri begira eta industria sektoreko langileen egoera nabarmen okertuko luketen estatu mailako itunetatik babesteko, azken urteetan negoziazio eremu guztiak defendatu dituela gogoratu du LABek, guztietan egin duela borroka, haiek «estatuko erreformatik blindatuz eta bertako eremu propioa aldarrikatuz».
Jokaera horren adibide, azken hilabeteetan 95 enpresa hitzarmen sinatu dituela nabarmendu du sindikatuak, baita «sektoreko hitzarmen ezberdinetan egiten ari garen borroka eta dugun negoziazio konpromisoa» ere. LAB negoziatzen ari den sektoreko itunen artean daude Gipuzkoako papergintzakoa eta arte grafikoetakoa, eta Bizkaiko eta Arabako metalgintzako itunak.
«Beti esan dugu enpresa esparrutik ezin dela bermatu langile guztien negoziazio kolektiborako eskubidea. Horregatik tokian toki egindako borroka eta lorpenez gain, sektoreko hitzarmenak berreskuratu behar ditugu», esan du sindikatuak. LABen ustez, «sektoreko hitzarmenak, langile guztiei oinarrizko eskubideak aitortzeko baliagarriak izateaz gain, estatalizazioari muga jartzeko ezinbesteko tresnak dira».
Mehatxua
Sindikatuak azaldu du gero eta gehiago direla estatuko hitzarmenen menpe edo mehatxupean dauden industriako langileak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei begira, industria sektoreko 114.947 langile daude, itunik gabe, estatalizazioaren mehatxupean, hots, langileen %70. «Eta 13.384 dira euren lan baldintzak estatalizatuak dituzten langileak». Nafarroan ere, kimikako eta arte grafikoetako langile gehienek —58.000 langiletik gora— Espainia mailako ituna dute.
Sindikatuaren ustez «gaur eta orain, beharrezkoa da Lan Harremanetarako Euskal Esparru Propioa, langileen eskubideak babesteko industrian. Gehiengo sozial bat badago horren alde».
Sindikatuak uste du patronalaren bidea argia dela: «Gastuak murriztuko dituen industria eredua nahi dute, prekaritatea, azpikontratazioa eta pobrezia ekarriko duena». Baina sindikatuak ere argi dauka. «Industria aurreratua ezin da eraiki aurreko mendeko baldintzekin».
Industria sektoreko prekaritatea eta estatalizazioa LABen jomugan
LABen ustez, «industria aurreratua ezin da eraiki joan den mendeko baldintzekin». Berretsi egin du enpresa itunik gabeko langileentzat sektoreko itunek duten garrantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu