Industria moteldu arren, Bizkaiko metalgintzak enplegua sortuko du aurten

Aurtengo lehen seihileko fakturazioak %1,7 egin du behera, baina, patronalaren ustez, aro oparo baten osteko egonkortasun aldia izan da. Lehen seihilekoan 1.281 lanpostu sortu dituztela nabarmendu du patronalak.

Metalgintza sektoreko langile bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Metalgintza sektoreko langile bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko uztailaren 18a
14:35
Entzun

Metalgintzaren Bizkaiko sektorea «egonkortze» bidean dago. Hala uste du behintzat lurraldeko patronalak, FVEMek. Azken hiru urteetan hazkundea pilatu ondoren, aurtengo lehen sei hilabeteetan %1,6 egin du behera sektorearen fakturazioak, eta %1 errentagarritasunak. Hein handi batean, Alemaniako eta Frantziako ekonomien moteltzeagatik izan da. Hala ere, enpresari elkarteak badu baikortasun pixka bat bigarren seihilekoari begira, eta hazkunde txiki bat espero du fakturazioan.

FVEMek urteroko balantzea aurkeztu du, eta Begoña San Miguel presidenteak —lau urterako berretsi berri dute karguan— laburbildu du egoera: «Baikortasun neurtua dugu. Gure bezero nagusien ekonomiak ez daude ondo, baina badirudi urte amaieran Alemaniak gora egin dezakeela». Dena den, nabarmendu du urte hasierako fakturazioaren jaitsiera aztertzekoan atzerago begiratu behar dela: «Normalizazio joera bat da, bolada oso on baten ostekoa».

«Harritu gaitu enpresek lanpostuak sortzen jarraitu dutela. Lehen seihilekoan 1.281 lanpostu sortu dira, eta aurten beste mila sortzea espero dugu»

BEGOÑA SAN MIGUEL FVEMeko presidentea

Metalgintzak azpisektore asko ditu, eta FVEMek esan du joera ezberdina izan dutela. Enpresen %60k metalgintza osagaiak ekoizten dituzte, eta horien bilakaera sektorearen antzekoa izan da. Aldiz, energia eta elektrizitate enpresak hornitzen dituztenek hilabete onak izan dituzte; ez, ordea, autogintzarako eta eraikuntzarako lan egiten dutenek. Eta siderurgia? Kasu horretan ere helmuga sektorearen araberakoa da bilakaera.

Argazki orokorra bereziki baikorra ez izan arren, enpresek sendotasunez jokatu dute, batez ere enpleguari dagokionez. «Harritu gaitu enpresek lanpostuak sortzen jarraitu dutela aurten. Lehen seihilekoan 1.281 lanpostu sortu dira, eta aurten beste mila sortzea espero dugu. Iaz 1.400 izan zirela kontuan hartu behar da», azaldu du. Gaur egun 55.000 langilek dihardute sektorean, eta gehiago lirateke enpresek langile egokiak aurkituko balituzte. Izan ere, FVEMen inkestaren araberan, enpresen %42 dabiltza behar dituzten langileak aurkitu ezinda.

Begoña San Miguel
Begoña San Miguel FVEMeko presidentea eta Adolfo Rey zuzendari nagusia. BERRIA

Aktibitatearekin zerikusia duten datu gehienak iazkoak baino okerragoak dira, baina horiek ere ez dira larriak. FVEMeko hamar enpresatik seik euren ekoizpen ahalmenaren %75etik gora jardungo dute hurrengo sei hilabeteetan, eta %21ek, ekoizpen ahalmenaren %50 eta %75 artean. Eskari zorroari dagokionez, %33k «ahul edo oso ahul» dute gaur egun, eta iazko ekainean datu hori %27koa zen. Inkestako galdera argigarrietako bat fakturazioarena da, eta enpresei «urte normal batekin» alderatzeko eskatu zaie; bada, %48,9 antzera dabiltza, %28,6 goitik, eta %22,5 behetik.

Absentismoarekin arduratuta

Datu saltsaz haratago, metalgintzako enpresariek euren arduren berri eman dute inkestan. Lehiakortasunari dagokionez, absentismoa da handiena; eta, bide batez, FVEMek bat egin du azken hilabeteetan hainbat enpresari elkartek eginiko salaketarekin.

Arlo ekonomikoan, berriz, araudi berriak eta bete beharreko neurriak dira buruhausterik handiena. San Miguelek azaldu du zergatia: «Europatik arau berri asko datoz: ingurumena, berdintasuna... Gure enpresa gehienak txikiak dira, 50 langile baino gutxiago dituzte, eta haientzat zaila da halako tramiteak betetzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.