Industria helburu

Zibererasoak arazo handia izan daitezke enpresa industrialentzat, eta gero eta gehiagotan gertatzen ari dira. Aldi berean, zibersegurtasunean onak izatea balio erantsi bat ere izan daiteke.

Langile bat Ziurreko bulegoetan lanean. ZIUR.
Irune Lasa.
2019ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago jakiten da zibererasoen berri. Eta haiei buruzko albisteak jada ez dira mugatzen erabiltzaile arrunten ordenagailuak helburu dituzten zibereraso masiboetara; gero eta maizago irakurtzen eta entzuten da hacker gaiztoek halako eta besteko enpresari egin diotela eraso.

Eraso horietako bat Espainiako Ser irrati kateak pairatu berri du. Fitxategiak zifratzen dituen ransomware birus batek enpresako informatika sistema guztiak kaltetu zizkion. Eraso jakin horren zergatia ezagutzen ez bada ere, normalean, ransomware-en helburua fitxategi horietako informazioa bahitzea izaten da. Enpresari mezu adeitsuan azaltzen zaio zenbat kriptodiru jarri behar duen bere sistema informatikoak askatzearen truke, eta, beharrezkoa badu ere, hor izango du kriptodirua erosteko moduaren azalpena ere.

Gero eta gehiago entzuten da, baina ez arazoak duen egiazko neurriaz behar bezala jabetzeko adina. Beharbada, horretan zerikusia izango du enpresek ez dutela oso gogoko izaten publikoki aitortzea erasoak izan direla, eta are gutxiago erreskateak ordaindu behar izan dituztela. Baina Euskal Herrian ez dira gutxi izango halako erasoak jaso dituzten enpresak. Adibidez, Gipuzkoako Aldundiak duela bi urte ehun enpresaren artean egindako inkesta batean, konpainia industrialen erdiek baino gehiagok (%53) aitortu zuten erasoren bat izan zutela, eta %70ek azaldu zuten ez zutela zibersegurtasunean aditurik enpresan.

Gabezia eta zaurgarritasun horiek erakutsitako industriak pisu handia du Gipuzkoan, eta hori azpimarratu du Ainhoa Aizpuru Proiektu Estrategikoetarako diputatuak. «Industria herrialdearen motorretako bat da. BPGaren %27 hartzen du, %50etik gora aintzat hartzen baditugu aholkularitza espezializatuak eta halakoak. Eta industria hori sendotzea nahi dugu». Ildo horretan, Aizpuruk nabarmendu du zenbateraino dauden aurreratuta makina-erreminta eta ekipo ondasunen alorra digitalizazioan eta konektibitatean. «Eta horrek, aukera onak eskaintzen dituen bezala, mehatxuak ere badakartza. Zibersegurtasun arloan zerbait egin beharko zela pentsatu genuen». Azterketa bat abiatu, eta zibersegurtasunarena aukera ere izan zitekeela ondorioztatu zuten. «Ikusi genuen zentro teknologikoak ditugula, unibertsitatea , zibersegurtasunean espezializatutako start-up-ak... Formazioan ere bazeudela aukerak, lanbide heziketan, masterrekin... Beti esaten dugu gure enpresek bikaintasunera joan behar dutela, eta ikusten genuen Gipuzkoak badituela osagaiak zibersegurtasunean bikaintasun eta erreferentzialtasun hori izateko».

Bi zentro

Irakurketa horren emaitza da Ziur zentroaren ideia. Hori bai, tartean beste zibersegurtasun zentro bat sartu zitzaien, Miñaon (Araba) jada abian dagoen Basque Cybersecurity Centre-Zibersegurtasun Euskal Zentroa, Jaurlaritzak bultzatutakoa. Aizpururen ustez, argi uler daiteke bi zentroen arteko desberdintasuna. «Ziur ez da intzidentziei aurre egiteko zentro bat; ez du administrazioarentzat lanik egiten, eta ez dio zerbitzurik eskaintzen erabiltzaile arruntari. Ziur zibersegurtasun industrialeko zentro bat da. Gurea industriala da».

Carlos Abad Ziur zibersegurtasun industrialeko zentroaren zuzendaria: «Zibersegurtasunean, oinarrizko pausoak emanda, arrisku maila nabarmen murriztu dezakegu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.