Industria hazkunde datu positiboetara itzuli zen 2023ko azken hiruhilekoan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %1,8 handitu zen iaz, eta 16.500 enplegu sortu ziren. Pedro Azpiazuk amaitutzat jo du hazkundearen moteltzea.

langileak
Emakume bat lanean Orbea bizikleta lantegian, Mallabian, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko martxoaren 8a
16:05
Entzun

Eustatek baieztatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %1,8 hazi zela iaz. Azken hiru urteetako tasarik txikiena izan da, baina ez da datu txarra, ikusita interes tasa handiagoen eta inflazioaren ondorioz atzeraldi baten mamua ibili zela hilabete batzuetan, eta eurogune osoa zerotik gertu ibili zela.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak ere ontzat jo du datua. Sare sozialetan argitaratutako mezu batean, nabarmendu du %1,7ko hazkunde aurreikuspena gainditu duela barne produktu gordinak, eta urtean 16.500 lanpostu sortu direla; «lorpen nabarmena», haren esanetan.

Azpiazuk ziurtatu du hazkundearen moteltzea eten egin dela, eta hala baieztatu dute Eustaten datuek. Izan ere, urteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoan %0,3 handitu zen BPGa, eta laugarrenean, berriz, %0,5. Urte arteko tasan ere ikusi da bilakaera hori: %1,7 hazi baita, bigarrenean baino gehiago (%1,5), eta hirugarrenean bezainbeste (%1,7).

Urtearen amaierako datu hobeak industriaren suspertzearekin lotu daitezke. Oro har, urte kaskarra izan du bigarren sektoreak, %0,3 baizik ez baita hazi. Horretan pisu handia izan du energiaren merkatzeak —Petronorren eta Bahia de Bizkaia Gas-en salmentak apaldu ditu—, baina horiek alde batera utzita ere, hazkundea oso apala izan da (+%0,5). Urtearen erdian uzkurtu egin zen industria, baina hazkunde tasa positiboetara itzuli zen urtearen azkenean, eta hein handian gainera (%1,9).

%1,9

Bizkaia hazi zen gehien 2022an (+%6,5), energiak hango ekonomian leku handia duelako eta mesede egin ziolako garesti egoteak. 2023an, baina, merkatu egin da energia, eta, horren ondorioz, Bizkaia gutxiago hazi da (+%1,7) Araba eta Gipuzkoa baino (%1,9).

Kontrako bidea egin dute zerbitzuek. Udako hilabeteetan, turismoaren eskutik besteak beste, %1 hazi zen, baina ezin izan dio erritmo horri eutsi, merkataritzaren, ostalaritzaren eta garraioaren ekarpena jaitsi egin delako urtearen azken hiruhilekoan. Edonola ere, azken atal horren urteko ekarpena oso handia izan da (+%3,7), eta, horri esker, zerbitzuak %2,4 hazi dira.

Eraikuntza %2,1 handitu da urtean, eta burumakur jarraitzen du lehen sektoreak: %8,7 txikitu zen 2022an, eta %3 2023an.

Inbertsioak, kontsumoaren gainetik

Eskariaren aldetik, atal guztien ekarpena oso parekoa izan da, baina batezbestekotik gora hazi da kapitalaren osaketa gordina, hau da, enpresek egiten dituzten inbertsioak, %2,1 hazi baitira.

Kontsumo pribatua %1,5 hazi da, eta publikoa, berriz, %1,8.

Kanpo sektoreak ere ekarpen positiboa egin du. Urtea indartsu hasi ondoren, esportazioak eta inportazioak jaitsi egin ziren erdiko hiruhilekoetan, baina azken hiruhilekoan berriro handitu dira.

Enplegua, sendo

Hazkunde tasa moteldu arren, enpleguaren sorrerak aurrera jarraitu zuen 2023an. Batez beste 982.468 enplegu izan ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —dedikazio osoko baliokidetzan neurtuta—, 2022an baino 16.500 gehiago. Hau da, %1,7 ugaritu dira, ia-ia BPGaren erritmoan.

Gainera, urtearen hasieran bizkortu egin zen enpleguen sorrera: 989.949 zeuden azken hiruhilekoan, 2022ko azkenekoan baino ia 20.000 gehiago (+%2,1). 

Lehen sektorea da tarte horretan enplegua handitu ez duen bakarra (-91). Eraikuntzak 247 lanpostu gehitu ditu, industriak 1.930, eta zerbitzuek 16.197.

Euroguneak gutxigatik egin dio izkin atzeraldiari

Euskal Herrian baino motelago ibili da jarduera ekonomikoa eurogunean. Eurostatek gaur baieztatu du iaz %0,4 hazi zela, kopururik txikiena 2020az geroztik. Urtearen azken hiruhilekoan atzeraldi teknikoan erortzeko zorian egon da, baina ozta-ozta egin dio izkin: hirugarren hiruhilekoan %0,1 txikitu zen, baina parean geratu da laugarrenean (%0).

Irlandak eman du daturik txarrena 2023ko laugarren hiruhilekoan (-%3,4), baina kontuan hartu behar da BPGak ez duela ongi neurtzen herrialde haren bilakaera ekonomikoa, AEBetako multinazional askoren Europako egoitza han dagoelako, eta haiek mozkinak etxeratzeak horrelako eragina izan ohi duelako. Hura alde batera utzita, ekonomia txikitu egin da Finlandian eta Estonian (-%0,7), Errumanian (-%0,5) eta Alemanian (-%0,3). Beste aldean, %2 hazi da Danimarkan eta %1,3 Kroazian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.