Industria Garbirako Ituna aurkeztu du Bruselak, trantsizio ekologikoa eta lehiakortasuna uztartu nahian

Argindarraren zergak jaisteko eskatu die herrialdeei. Energian intentsiboak diren industriei estatu laguntzak ematea aurreikusi du. Enpresei arindu egingo dizkie ingurumenari buruzko betebeharrak.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, gaurko bilkuraren hasieran. OLIVIER HOSLET / EFE
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, gaurko bilkuraren hasieran. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2025eko otsailaren 26a
14:00
Entzun

Nola egin aurre klima larrialdiak eskatzen duen trantsizio ekologikoari, aldi berean Europako enpresen lehiakortasunari eutsita? Parametro horietan prestatu du Europako Batzordeak gaur aurkeztu duen Industria Garbiaren Ituna, baita haren lagungarri diren beste arauak ere, jasangarritasunari buruzko proposamena deitutakoaren barruan.

Funtsean, 2019. urteko Itun Berdearen bertsio berritua da: aintzat hartu nahi zuten hainbeste aldatu den testuinguru ekonomikoa, eta Mario Draghik bere lehiakortasunaren txostenean esaten dituenak batez ere, haiek gidalerro nagusi bilakatu direlako Europako Batzorde berriarentzat.

Bai egungo aldagai ekonomikoetan, bai Draghiren diagnostikoan, eta bai industria sektoreak Bruselari egindako kritika eta kexu guztietan, zama handi bat nagusitu da: energia prezioena.

Ukrainako gerrak aldaketa asko ekarri ditu eta ekarriko ditu, baina Errusiako gasa baztertzeko prozesuak izugarri garestitu du argindarra Europan. Hala, Europako industriaren lehiakortasuna nabarmen txikiagoa da, adibidez, AEBetakoaren aldean eta Txinakoaren aldean, haietan baino bi edo hiru aldiz gehiago ordaintzen baita elektrizitatea Europan.

Argindarraren gaineko zergetan eta argindar sarearen erabilera tasetan murrizketak egiteko eskatu die herrialdeei, industriaren eta herritarren mesedetan

Argindarraren prezioak gasaren mendeko izateari uztea nahi du Europako Batzordeak. Eta, horretarako, energian intentsiboak diren sektoreentzako PPA luzarorako argindar kontratuak bultzatuko ditu, Europako Inbertsio Bankuaren bermeekin. Horrez gain, argindarraren gaineko zergetan eta argindar sarearen erabilera tasetan murrizketak egiteko eskatu die herrialdeei, industriaren eta herritarren mesedetan. Batasuneko argindar sarearen erabilera eraginkorragoa bultzatuko du, eta sarearen hedapena.

Energiari dagozkien kontuez gain, beste arau berdeekin ere neurri berriak hartu nahi ditu Bruselak; besteak beste, Donald Trumpen etorrerarekin litekeena delako AEBetan horiek malgutu edo desagertzea, eta horrek ere baldintza dezaketelako Europaren lehiakortasun jada baldartua.

Sinplikazioa

Europako Batzordeak, hemen ere Draghiren txostena oinarri, arau bakarrean bilduko ditu enpresek —guztiek, ez soilik industrialek— jasangarritasunaren inguruan bete beharrekoei buruzko hiru zuzentarauak eta arauak, eta «sinpletu» egingo ditu, burokrazia murrizteko.

Izan ere, enpresak kexu dira gaur egun askotariko jakinarazpen, txosten eta abarrak egin behar dituztelako estandar berdeak betetzen dituztela erakusteko. Baina txosten gutxiago egiteaz gain, gaurko proposamenaren arabera, funtsean konpainiek baldintza gutxiago bete beharko dituzte.

Hain zuzen, direktiba hauek sinpletuko dira: jasangarritasun korporatiboari buruzko informazio zuzentaraua (CSRD), iraunkortasun korporatiboari buruzko ardurari buruzko zuzentaraua (CSDDD) eta EBko taxonomia.

Informazio zuzentarauarekin, orain kotizatutako konpainiak behartuta daude ingurumenean duten inpaktua eta klima arriskuekin duten esposizioa jakinaraztera, baldin eta 50 langiletik gora eta zortzi milioi eurotik gorako fakturazioa badute. Bruselaren proposamenarekin, 1.000 langiletik gorako eta 450 milioi eurotik gorako fakturazioa duten enpresei baino ez die eragingo arauak. Horiek egongo dira behartuta taxonomiarekin bat egiten dutela jakinaraztera.

Iraunkortasun korporatiboaren ardurari dagokionez, orain zuzentarauak konpainiak behartzen ditu gai berde horietan haien hornitzaileak ere zaintzera, hornikuntza kate guztian. Betebehar hori hornitzaile zuzenen esparrura mugatu nahi die Bruselak enpresei. Era berean, ez dira behartuta egongo prozedurak betetzen ez dituzten hornitzaileekin harremanak etetera.

Karbonoaren gaineko muga zergetatik kanpo geratuko dira enpresen %90 ere. Batzordearen arabera, horrekin karbono emisioen %1 bakarrik geratuko da zergapetuta. Orokorrean, enpresen %80 geratuko dira arauak betetzetik libre. 

Sinpletzea edo desarautzea?

Arauak sinpletzeko omnibus horretan dago eztabaidarik handiena. Sinpletzea da, ala desarautzea? Alegia, enpresek ardura gutxiago izango dituzte helburu klimatikoetan? Hori diote ingurumeneko gobernuz kanpoko erakundeek, eta baita sindikatuek ere.

Europako Sindikatuen Konfederazioak, Greenpeacek, WWFk, Friends of Earth-ek... guztiek deitoratu dute azken urteetako lana alferreko bihurtuko duen desarautzea dakarrela sinplifikaziorako omnibus proposamenak, eta enpresa talde txiki baten mesederako bihurtuko dela legedia.

Badu beste ondorio bat ere enpresek jasangarritasunari buruzko baldintza, txosten edo jakinarazpen gutxiago bete behar izateak. Zer-nolako kaltea egiten die horrek konpainien inguruko gardentasunari? Ez da arazo makala, gardentasun faltak eragin zuzena izan dezakeelako egiaz jasangarriak diren inbertsioetan, eta horretan sartu nahi duten inbertsiogileetan. Batzordeak dio konpainiek beren borondatez egin ditzaketela jakinarazpenak, inbertsiogileen konfiantza izateko besteak beste, nahiz eta informazio betebeharretik libre geratutako enpresen %80 horretan egon.

Europako Batzordearen proposamenak xehatuz joango dira datozen asteetan, eta gero Europar Kontseiluko herrialdeen eta Europako Parlamentuaren oniritzia beharko du.

INDUSTRIA GARBIRAKO ITUNA

Batzordearen proposamen zabalak 40 neurritik gora ditu, baina lau arlotan laburtu daitezke.

  • Eskaria. Bruselak bertako zenbait industriaren eskaria bultzatu nahi du, besteak beste erosketa publikoetan Europako sektore estrategikoen eskaintzak lehenesteko. Laguntza publikoak ere bideratuko dira horretara. Energian intentsiboak diren konpainiak egon ahalko dira, baita berrikuntzan eta teknologia berrietan hasi diren Europako enpresa txikiagoak ere. Helburua da EBko merkatu osoa eskuragarriago izatea, beste herrialdeetara aldatu ez daitezen. 
  • Kostua. Zalantzarik gabe, modua egin nahi dute energian intentsiboak diren Europako enpresak ez daitezen egon energiaren eta batez ere argindarraren prezioen aldakortasunaren mende. Horretarako bide bat, hauxe: argindarraren prezioa eta gasarena bereiztea. Europako enpresek PPA luzerako argindar erosketak egin ditzaten, Europako Inbertsio Bankuaren bermea izango dute.
  • Finantzaketa. Bruselaren arabera, Industria Garbirako Itunerako diruak Europako Batasunetik, herrialdeetatik eta arlo pribatutik etorriko dira, eta industriek estatu laguntzak, kenkariak, eduki ahal izango dituzte.
  • Intsumoak. Lehengaiak eta materialak ere helburu ditu Bruselak. Haren ustez, Europako bertako erauzteak bultzatu behar dira, baita birziklapena. Behar bada, proposatu du lehengaien erosketa bateratua egiteko plataforma bat eratzea, adibidez, litioa edo kobaltoa erosteko, COVID garaian txertoekin egin zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.