Inditexek zazpi saltoki itxiko ditu Hego Euskal Herrian apirilerako

Amancio Ortegaren konpainiak bere salmenten laurdenak sarearen bidez egiteko helburua dauka 2022rako, eta hogei denda itxiko ditu guztira. Langileek beste protesta bat egingo dute gaur Bilbon

Inditex taldeko langileen protesta, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Donostia
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Atzo ez zen San Tomaseko zerria zozkatu Donostian, baina feriaren itxurak egin zituzten Inditex taldeko saltokietan diharduten beharginek, gehien-gehienak emakumeak, salatzeko beren lanpostuak kolokan daudela. Amancio Ortegaren dendetatik dendetara joan ziren kalejiran, esplikatuz Inditex beren enpleguak zozkatzen ari dela; enpleguak eta lan baldintzak.

[Youtube]https://youtu.be/JFsq3Y4oOTY[/Youtube]

 

Ez alferrik, 2022rako salmenten laurdenak sarearen bidez egiteko helburua jarri dio bere buruari konpainiak, eta horrek berekin ekarriko du gutxienez hogei denda ixtea Hego Euskal Herrian. Plan horren lehen fasea apirilerako gauzatuko du Zararen jabeak, eta, hala, 66 lanpostu arriskuan daude jadanik, langile askori beste nonbait eskainiko baitiete enplegua, eta baliteke urrun izatea edota denda batean ez, baina zentro logistiko batean izatea, edo beste lanpostu mota batean; «ezkutuko kaleratze erregulazio bat da», esan dio BERRIAri Amaia Pintadok, ELA sindikatuko Merkataritza ataleko arduradunak.

Eta zer denda daude apirilerako itxita behar dutenen zerrenda beltz horretan? Bi Stradivarius, bata Irunen, dagoeneko itxita dagoena, eta bestea Bizkaian, itxiko dutena. Bi Massimo Dutti, Urbil merkataritza gunean lehena (Usurbil, Gipuzkoa) eta Iruñean bigarrena; Pull and Bear bat, hura ere Bizkaian; eta Bi Zara, bata Gasteizen eta bestea Bizkaian. 66 langile ari dira beharrean saltoki horietan, eta gaur-gaurkoz ez dakite zer gertatuko den beren enpleguekin.

Inditex, irabazi eta irabazi

Madrilen ari dira negoziatzen sarean gehiago saltzeko prozesu horrek Inditexeko langileei ekarriko dizkien lan baldintzen aldaketa. ELAko ordezkariak esplikatu du prozesuak «lantalde osoari» eragingo diola, ez bakarrik itxiko diren saltokietako beharginei. «Eredu aldaketa sakon bat jarri dute martxan. Saltokiak erakusleiho bihurtu nahi dituzte, eta aplikazioaren bidez probalekuak erreserbatzeko aukera eman, baita arropak ere. Langileen zereginak gutxitu nahi dituzte, alegia». Inditex beharturik dago legez negoziazio epe bat zabaltzera, martxan jarri dituen aldaketek eragin handiak izango dituztelako luze gabe lantaldean, eta ELAk uste du langileei antolatzeko garaia iritsi zaiela, CCOO eta UGT beren aldetik ari baitira negoziatzen, Euskal Herritik kanpo, «eta oso baldintza kaskarretan».

«Inditexek ez die bermatzen enplegua baldintza beretan eskainiko dienik itxitako saltokietako langileei, eta ez du baztertzen langile batzuek bizilekuz aldatu beharra ere, taldean jarraitu nahi izanez gero. Inditexek aitortu du, gainera, erabakia ez dela egoera ekonomiko zail baten ondorioa. Taldeko enpresek irabaziak dituzte, baita 2020. urte zail honetan ere».

Ziurgabetasun handi hori ikusita, ELAko ordezkariek erabaki dute Ortegaren konpainia ezagunean zer gertatzen ari den erakustea Donostiako kaleetan, San Tomas egunez. Ekintza hori mobilizazio sorta baten lehena izango dela dio sindikatuak, «eta, ziurrenik, greba deialdi batekin amaituko da, baldin eta taldeak enplegu bermea ezarri gabe jarraitzen badu».

Donostian San Tomaseko ez-feria lagun egindako protestak segida izango du gaur Bilbon, hiri horretan eta haren inguruan ere saltokiak itxiko baitira datozen hilabeteetan. ELAko ordezkariek loteria zozketaren parodia egingo dute, eta lanpostua eta lan baldintzak galtzea izango da beharginentzako saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.