Trumpek are gehiago estutu du Europarekin duen gerra komertziala: «Jakina erantzungo dugula»

Europako Batzordeak AEBetik egindako 26.000 milioi euroren inportazioak zergapetuko ditu apiriletik aurrera eta AEBetako presidenteak neurri gehiago iragarriz erantzun dio erabakiari.

Donald Trump AEBetako presidentea bere bulegoan eginiko agerraldi batean. EFE
Donald Trump AEBetako presidentea bere bulegoan eginiko agerraldi batean. EFE
Irune Lasa.
2025eko martxoaren 12a
08:15
Entzun 00:00:0000:00:00

AEBen eta Europaren arteko gerra komertzialaren tentsioak beste koska bat egin du gora. Europako Batasunak altzairuaren eta aluminioaren inportazioen gaineko %25eko muga zergei erantzun dien egunean, Trumpek hordagoa bota dio Atlantikoaren beste aldetik jasotako enbidoari: «Jakina erantzungo diodala. Luzaroan abusua jasan dugu eta hori ez da errepikatuko». Hurrengo egunetan ikusiko da mehatxu hori zertan gelditzen den edo nola gauzatzen den.

Donald Trumpek iragarri bezala, altzairuaren eta aluminioaren inportazioen gaineko %25eko muga zergak indarrean sartu dira gauerdian, eta Europako Batasunak jada erantzun die: esan du apirilean AEBetatik egindako 26.000 milioi euroren inportazioei muga zergak jarri eta hala AEBek jarritakoak berdinduko dituela. Iragarpen horren bitartez, denbora tarte bat zabaldu nahi izan du negoziatu ahal izateko.

Trumpek munduarekin hasi duen merkataritza gerrako beste fronte bat soilik izan daiteke hori; eta borrokarako dagoela dirudi. AEBetako presidenteak Europako agintari baten aurrean iragarri baitu bere erantzuna, Micheal Martin Irlandako lehen ministroari eginiko harrera batean hain zuzen, eta hari ere leporatu dio Dublin AEBez baliatu dela.

Nabarmendu du Europa «oso gogorra» izan dela AEBekin, «diru asko» galarazi diola —Bruselak Appleri jarritako salaketa aipatu du—, eta orain bere txanda dela: «%25 edo %20; %2 edo %200 kobratzen badigute, horixe kobratuko diegu. Ez dakit zergatik haserretzen den jendea horregatik, ez dagoelako hori baino gauza zuzenagorik».

«Muga zerga batzuk ezartzean orekaz haratago joan gara, herrialde gisa luzaroan abusua jasan dugulako. Europak oso gogorra izan da AEBekin»

DONALD TRUMPAEBetako presidentea

Trumpek apirilaren 2an ditu ezartzekoak elkarrekiko zergak. Horiei buruzko xehetasun gutxi dago oraindik, eta, teorian, txosten bat egiten ari dira Etxe Zurian. Aipatu da, besteak beste, Europako Batasuneko BEZ balio erantsiaren gaineko zerga ere zigortu nahi dutela. Baina aurreratu du, autoei muga zerga jarriko diela eta muga zerga guztiak ez direla izango beste norabidean jasotakoak bezalakoak: «Kasu batzuetan orekaz haratago joango gara, herrialde gisa denbora luzez abusuak jasan ditugulako».

Nolakoak dira Trumpen muga zerga berriak?

Baina nolakoa da gerra komertzial honen jokaleku berria? Trumpen lehen agintaldian, altzairuaren gaineko muga zerga %25ekoa izan zen, baina aluminioari %10ekoa jarri zion. Orain, aluminioaren gainekoa ere %25ekoa izango da.

Bestalde, 2018ko muga zerga haiek soilik materialei zegozkien, baina, orain, haiekin egindako produktu deribatuak ere zergapetu nahi ditu AEBetako Gobernuak: adibidez, tenis erraketak, bizikleta estatikoak eta aire girotuko gailuak. 

Salbuespenik ez dute kontuan hartu. Aurreko aldian, AEBetako enpresek argudia zezaketen ezin zutela halako produktua AEBetan bertan lortu, inportatzera derrigortuta zeudela, eta hala, muga zergarik gabe eros zezaketen. Orain, teorian, ez dago halako zulorik.

400

AEBetarako altzairu esportazioak. Hego Euskal Herriko siderurgiak urtero 400 milioi euro ingururen esportazioak egiten ditu AEBetara, balio kate osoa hartuta.

Zein herrialderi eragin zieten aurrekoan?

Txina eta Errusia izan ziren lehenak. Trumpek beste herrialde batzuei eman zien aukera negoziatzeko edo esportazioak murrizteko. Europako Batasunak tarte bat izan zuen, baina, azkenean, muga zergak jarri zizkioten, eta, kontraeraso moduan, beste muga zerga batzuk ezarri zizkieten AEBetako produktuei.

EBren muga zergen helburua zen berriz ere negoziatzera behartzea, eta, horretarako, Alderdi Errepublikanoko kiderik indartsuenei min egiten ahalegindu zen: adibidez, bourbonaren inportazioak zergapetu zituen, Kentuckyko Mitch McConnell Senatuko buru errepublikanoa gogoan.

Oraingo honetan ere, EBk iragarritako muga zergen eraginpean izango dira bourbona, jeansak eta Harley-Davidson motorrak, guztiak errepublikanoak nagusi diren estatuetan ekoizten baitira nagusiki. Edonola ere, zergapetuko dituen produktuen zerrenda irekita du Bruselak.

Aurreko hartan, AEBek azkenean berriz ekin zioten negoziatzeari, eta, batzuekin lehenago eta besteekin geroago, baina inportazio kuotak adostu zituzten EBrekin, Erresuma Batuarekin, Japoniarekin, Hego Korearekin, Brasilekin eta Argentinarekin.

Hori bai, gaur altzairuari eta aluminioari ezarritako muga zergek Australiako inportazioak ere zigortuko dituzte, Trumpen lehen agintaldikoek ez bezala. Aurreko aldian, Australia muga zergetatik libre geratu zen: garaiko lehen ministroak mesedea eskatuta, Greg Norman golf jokalari ohi australiar ezagunak zuzenean dei egin zion Trump golfzaleari, eta lortu zuen Australiako altzairuak eta aluminioak muga zergarik ez izatea. 

20

AEBetan kaltetutako langileak. Altzairua erabiltzen duten industrien arabera, inportazio horien gaineko muga zergak burdina eta altzairu sorkuntzan babestuko duen lanpostu bakoitzeko, hogei langileri egingo zaie kalte.

Zer eragin izango dute muga zergek AEBetan?

Bada, AEBetako altzairu eta aluminio industria indartzeko xedea zuten muga zerga haiek apenas ekarri zuten hazkunderik AEBetako ekoizleen artean. Gaur egun, industria horiek gaitasunaren %80an ari dira lanean, eta, altzairuarekin zehazki, gaitasunaren %69an.

Aluminioari dagokionez, aluminio primarioa ekoizteko energia izugarria behar da, eta, energia Kanadan merkeagoa izan denez azken urteetan, han ekoizpena indartu egin da, eta AEBetan jaitsi. Hango aluminio industriako lobby nagusiaren arabera, herrialdeak ez du bere aluminio beharrak asetzeko adina ekoizteko ahalmenik.

Zein izango da erantzuna oraingo honetan?

AEBei beste muga zerga batzuekin erantzuteaz eta MME Munduko Merkataritza Erakundean salaketa jartzeaz gain, EBk bere muga zerga propioak ezarri zizkien altzairu eta aluminio inportazioei, beldur baitzen mundu guztiak Europara joko zuela AEBetan saldu ezin zuen horia saltzera. Europak bere sektorea babesteko beharra ikusi zuen.

Txinako Gobernuak diruz lagundutako altzairu merkea da altzairu merkatuaren mamu handia

Eta horretan dago oraindik ere, altzairuari dagokionez benetako arazoa gehiegizko gaitasuna baita, eta Txina dago horren atzean. Pekingo gobernuak diruz lagundutako altzairu merkea da altzairu merkatuaren mamu handia.

Hain zuzen, Trump iritsi aurretik, Joe Bidenen gobernua eta EB adostu nahian ari ziren Txinaren lehiari nola aurre egin. AEBei, Txinatik zuzenean ez, baina Mexikotik eta beste herrialdeetatik iristen zaie Txinako altzairu merkea.

Bestela, espero izatekoa da AEBetako gai delikatuen gaineko muga zergak eta salaketak izatea MMEn. Eta gero agian EBk abian jarriko du urteotan prestatzen joan den Hertsaduraren Kontrako Tresna, zeinak ondasunen inportazioak soilik ez, baizik eta zerbitzuen inportazioak ere zigortzeko aukera zabaltzen duen.

Gerta daiteke EBk tresna hori erabiltzea Trumpek apirilaren 2rako iragarritako elkarrekiko muga zergen aurre egiteko. 

Dena den, ikerketa bat egin beharko litzateke horretarako; denbora behar da, alegia. Agian, Trumpekin negoziatzeko. Hori bai, ez da erraza izango ezer negoziatzea merkataritza gerrak baino gatazka are arantzatsuagoak bizi-bizi dauden honetan.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.