Notarioarekin bilera bat egiteko hitzordua jasotzen ari dira atzodanik hipoteka bat sinatu behar duten bezeroak; beste eragilerik gabeko hitzorduak dira, bankuen ordezkaririk gabe alegia, urte asko iraungo duen kontratua ondo ulertu dela ziurtatzeko. Bezeroak hipotekaren baldintza guztien berri duela ziurtatu behar du notarioak, letra txikia barne, hala agintzen baitu atzo indarrean sartu zen hipoteka legeak.
Notarioari sinatzekoa den hipotekaren informazio osoa igortzeko betebeharra du bankuak, beraz, eta hark ulermen test bat egin behar dio bezeroari. Iraganeko etxebizitza salmenta handiaren harira, finantza entitateek eragindako ziurgabetasunari muga jartzeko onartu zuten lege berria aurtengo otsailean; aurretik, Europako Batasunak Espainia behin baino gehiagotan lotsagorritu du bankuen eskandaluak eta gehiegikeriak direla eta.
INFORMAZIO ESKUBIDEA
Ezer sinatu aurretik, bezeroak kontratuaren zirriborroa esku artean izan beharko du hamar egun lehenago. Bankuak bi dokumentu helarazi beharko dizkio: Informazio Estandarizatuen Europako Fitxa (ESIS) eta Ohartarazpen Estandarizatuen Fitxa (FiAE). Bankuak aztertu beharko du mailegu eskatzailearen kaudimena, gastua bankuak berak ordainduta. Ordaindu ezin dutenei hipotekak ematea eten nahi dute horrela.
NOTARIOAREN LANA
Notarioak bezeroari aholkularitza eman beharko dio, dohainik, kontratuari eta bertan jasotzen diren klausulei buruz. Eskatzaileak galdetegi bat erantzun beharko du hipotekaren nondik norakoak ulertzen dituela egiaztatzeko. Behin gaindituta, agiria sinatu beharko du kontratu aurreko dokumentazioa jaso eta ulertu duela baieztatuz. Horrez gain, notarioak egiaztatu beharko du hipotekak ez daukala Auzitegi Gorenak indargabetutako klausularik.
KONTRATUAREN GASTUAK
Etxebizitza tasatzeko kostua bakarrik geratuko da bezeroaren esku —300 eta 400 euro artean, gehienetan—, eta finantza erakundeek hartuko dituzte bere gain notariotza gastuak, erregistroarenak eta kudeatzailearenak —1.000 eta 3.000 euro artean— .
ZORU KLAUSULEN AGURRA
Hipoteka Legeak debekatu egingo du kontratuan zoru klausulak sartzea. Horrela, interes aldakorra daukaten kredituetan bankuek ezingo dute gutxieneko interes bat finkatu. Bezeroak Euriborraren edo hura ordezkatu behar duen indizearen jaitsierak baliatu ahal izango ditu arau berriarekin. Hala ere, inoiz ezingo da negatiboa izan; hau da, gutxienez %0 izango da.
BESTE PRODUKTUAK
Aurrerantzean bankuek ezingo dizkiete hipotekari lotuta produktu gehiago inposatu bezeroei. Hori bai, eskaintzen jarraitu dezakete. Banku askok hobariak ematen dituzte hipotekarekin batera beste produktu batzuk kontratatzeagatik. Orain, ordea, maileguaren kostua soilik dakarren aurrekontu bat eskaini beharko diote bezeroari.
ETXEGABETZEAK
Legeak gehiago babestuko ditu hipotekatuak bahimendu kasuan. Lehen, kredituaren lehen erdian hiru hilabete ez ordaintzea nahikoa zen hipoteka exekutatzeko. Orain, etxegabetzea abiatzeko, ordaindu gabe egon behar da hamabi hilabete, edo utzitako diruaren %3. Maileguaren bigarren erdian bada, hamabost hilabetez kuota ez pagatzea edo maileguaren %7 ordaintzeke izatea izango dira baldintzak etxegabetze prozesu bat indarrean jartzeko.
Indarrean da hipoteka lege berria, bezeroak babes handiagoa eduki dezan
Notarioak informazio gehiago eman beharko dio bezeroari, hark hipoteka ulertu duela ziurtatzeko. Zailagoa izango da jendea etxegabetzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu