Beasaingo (Gipuzkoa) Indar Ingeteam lantegian, gaurko deitua zuten greba bertan behera uztea erabaki dute, negoziazioetan «aurrerapauso garrantzitsuak» egon direla eta. ELA sindikatuak adierazi duenaren arabera, zuzendaritzak hitzarmena berritzeko beste proposamen bat egin du bart gauean: aurrekoa baino hobea, ELAren ustez. Hori dela eta, greba bertan behera utzi, eta langile batzordeko ordezkariak langileekin bilduko dira bihar, mobilizazioekin jarraitu ala ez erabakitzeko.
Joan den asteartean lau orduko lanuztea egin zuten, eta ostegunean, egun osoko greba. Egun horretan, Ingeteam enpresaren lantegi zentralera —Zamudio, Bizkaia— joan ziren hainbat autobusetan, protesta egiteko. 670 pertsonak egiten dute lan Indar Ingeteamen Beasaingo lantegian, eta motor eta sorgailu elektrikoak egiten dituzte.