Jaurlaritzak Mecanerreko langileei esan die inbertitzaile bat aurkitzen lagunduko diela

Stellantisekin hitz egin du Jaurlaritzak, eta multinazionalak berretsi egin dio Urdulizko lantegia ixteko asmoa. Langileek abian jarri duten bideragarritasun txostenaren berri izan nahi du Industria Sailak.

Mecanerreko langileen protesta ekintza bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mecanerreko langileek itxiera salatzeko eginiko protesta ekintza. ARITZ LOIOLA /FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko abenduaren 5a
16:40
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Mecanerreko langileei esan die enpresa erosi nahi duen inbertitzaile bat aurkitzen lagunduko diela. Langileek bideragarritasun txosten bat enkargatu zuten duela bi aste, Urdulizko (Bizkaia) trokelgintza lantegi historikoak zer dibertsifikazio aukera izan ditzakeen aztertzeko, eta Industria Sailak esan du prest dagoela agiriarekin laguntzeko. Txostenaren emaitzak ikustean inbertitzaile baten bila hasiko dira, Stellantisek berretsi egin baitu lantegia ixteko asmoa duela.

Jaurlaritzako Industria Sailak Stellantisekin hitz egitea lortu du. Langile batzordea hainbatetan saiatu da haiekin biltzen enpresa ixteko asmoa ezagutarazi zutenetik, baina horretarako izendaturiko abokatuen atera baino ez da iritsi. Autogintza multinazional hori (Peugeot, Fiat, Renault...) da enpresaren jabea, eta Jaurlaritzari esan dio ez duela aldatuko erabakia. Alegia, ixteko asmoa duela, haien ustez lantegia ez delako bideragarria, eta etorkizunean lan karga jaitsiko delakoan daudelako.

Langileek hainbatetan esan dute hori ez dela egia, iaz 600.000 euroren irabaziak izan zituztela eta badakitela Stellantis trokelgintza lan guztia Txinara eramaten ari dela. Jaurlaritzak, halaber, Stellantisi galdetu zion Mecaner saltzeko prest ote zegoen, eta ez zuen erantzun argirik jaso. Ezezkorik ez jaso izanak, dena den, modua eman dezake inbertitzaile baten bila hasteko.

Mecanerreko langileek hamargarren greba eguna egin dute gaur —oraindik hiru hilabete falta dira itxiera gauzatzeko, Stellantisek sei hilabete lehenago eman behar baitzuen erabakiaren berri—, eta Bilbon manifestazioa egin ondoren bildu dira Industria Sailarekin. Bilera aurrekoak baino mamitsuagoa izan da, eta langileek begi onez ikusi dute Jaurlaritzak dibertsifikazio aukerak aztertzeko txostenean interesa jarri izana.

Mecanerren 148 langile daude egun, eta itxierak guztien kaleratzea eragingo luke, Stellantisek ez baitu haiek birkokatzeko moduko beste enpresarik inguruan. Ekoizpen osoa autogintzara bideratzen dute, eta beste sektore batzuetara iristeko aukera aztertzen ari dira langileak. Esaterako Matrici trokelgintza (Zamudio) aeronautika sektoreko enpresen enkarguekin lanean hasi da.

Autogintzaren krisiak bete-betaen eragin dio trokelgintzari. Sektore horretan gero autoetan doazen altzairuzko piezak ekoizteko moldeak egiten dituzte. Autogintza enpresek modelo berriak ekoitzi ezean lankarga gutxi izan ohi du, eta egun oso geldirik daude guztiak.

deslokalizazioaren aurkako akordioa

EAJ, EH Bildu eta PSE ados jarri dira Eusko Legebiltzarrean urtea amaitu aurretik Diru Laguntzen Araubidea Erregulatzeko Legea onartzeko, eta enpresak ez deslokalizatzeko neurriak biltzeko hartan. EH Bilduk hala eskatuta, enpresek azken zortzi urteotan jasotako diru laguntza publikoak itzuli beharko dituzte deslokalizazioren bat eginez gero. Mecanerreko langileek, esaterako, hainbatetan salatu dute haiena deslokalizazio kasu bat dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.