Inbertsioaren iparrorratza

Inbertsio funtsen pisua handitzen ari da euskal ekonomian, eta, haien kudeatzaileen ustez, are gehiago zabalduko dela. Argi dute errentagarriak direla, baina ez dute ezkutatu prestigio arazo bat dutela.

Inbertsioen iparrorratza
BERRIAKO DISEINU TALDEA
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Dirua ondo inbertitzea arte bat da kasik. Sosa non, nola eta noiz inbertitu erakusten duen eskolarik ez dago, ez behintzat beti asmatzen erakusten duenik. Egitasmo bat negozio errentagarri bihurtuko ote den aurrez jakiteko, sena eta konfiantza eduki behar dira, merkatua ezagutu, eta noski, hari bultza egiteko dirua eskura izan. Hori da, hain zuzen, inbertsio funtsen negozioaren gakoa: gihar ekonomikoa eta ezagutza. Ekonomiaren jokalekuan gero eta garrantzi handiagoa duten eragileak dira, eta Euskal Herrian zabaltzen ari dira.

«Eta gero eta gehiago ikusiko dira. Lehen ia ez zegoen inbertsio funts profesionalik, bankua zen ate bakarra. Baina orain ez dago arrazoirik normalizatu ez daitezen, eta enpresentzat beste aukeren parekoak izan daitezen». Iragarpena Pablo Etxartena da, Stellum Capital inbertsio funtseko zuzendari exekutiboarena.

Stellum Capital duela sei hilabete eratu zen. Artizarra fundazioaren funtsen kudeatzailea da, Donostian du egoitza, eta lau inbertsio azpiegitura ditu barruan: Easo Ventures I eta II, Stellum Growth eta Stellum Food & Tech. Azken hori elikadurarekin zerikusia duten negozioetan espezializatua dago. Stellum normalean akziodun txiki gisa sartzen da, eta jada 70 milioi euro inbertituak ditu Hego Euskal Herriko 75 enpresatan. Inbertsio azpiegitura guztiak egituratzen dituenean, berrehun milioi euroren zorroa izango du mugitzeko.

«Enpresa ondo doanean saldu behar da, erosten duenak ere irabaz dezan. Alde horretatik, esker txarreko lana da hau, gauzak ondo doazenean irteten baitzara».

JOSE MARIA ZALBIDEGOITIA Talde funtseko presidentea

Stellumen bidea oraindik laburra bada, aurkakoa gertatzen zaio Talderi. 1976an sortu zuten, eta Euskal Herriko inbertsio pribatu funts zaharrena da; Bilbon du egoitza. Egun, laurehun milioi euroko poltsa du, eta 160 enpresatatik igarotakoa da. «Enpresa batzuetan, diru asko irabazi dugu, eta beste batzuetan, aldiz, galdu. Baina errentagarritasunari eusten diogu, eta horri esker lortzen dugu inbertitzaileak gure alboan geratzea». Jose Maria Zalbidegoitia Taldeko presidenteak egin du bidearen laburpena. Funtsaren aurkezpen txostenaren arabera, haien errentagarritasun ratioa 2,5 eta 3,1 artekoa da; hau da, jarritako euro bakoitzeko 2,5 eta 3,1 euro patrikaratzen dituzte.

Galbahe estua

Datu horiek arrakasta handia erakusten dute, baina nola hautatzen dute non inbertitu? «Kontu handiz», laburbildu du Zalbidegoitiak. «Gure inbutuak aho zabala du, eta irteera estua. Urtean laurehun bat eskaera jasotzen ditugu, eta lau edo bost babesten ditugu bakarrik».

Stellumek lehen hilabeteetan jardun bizia izan duen arren, Etxartek antzeko datuak eman ditu. «Egitasmo batean sartu edo ez erabakitzeko, hiru edo lau hilabeteko ikerketa prozesua izaten da». Eta zeri begiratzen zaio? «Ez dugu sektore finkorik. Zer sektore haziko diren begiratzen dugu. Hazi daitezkeen enpresak dira lehentasuna:  haien produktuen eskaera handituko dela uste dugulako, edo merkatuaren zati handiagoa har dezaketelako».

Pablo Etxart, Stellum inbertsio funtseko arduraduna.
Pablo Etxart, Stellum inbertsio funtseko arduraduna.

Etxartek dio ez diotela sektore jakinei erreparatzen, baina Stellumek badu salbuespen bat, funts bat sortu baitu espresuki elikadurarekin harremana duten inbertsioak egiteko. Dagoeneko zortzi enpresatan sartuta dago, eta azken hilabeteetan, esaterako, Nafarroako Lev 2050 enpresaren %25 erosi du —legamia ekoizten du, besteak beste—, Comercial Hosteleraren %25,5 —sukalde industrialak muntatzen ditu— eta Envaplasterren %40 —jakientzako plastikozko ontziak ekoizten ditu, Vianan (Nafarroa)—. «Elikadura erresilientzia handiko sektorea da, eta Euskal Herri inguruan enpresa txiki erakargarri asko daude. Uste dugu inbertsio txiki batekin gehiago esportatu dezaketela», azaldu du Etxartek.

«Egitasmo batean sartu edo ez erabakitzeko, hiru edo lau hilabeteko ikerketa prozesua izaten da. Hazi daitezkeen enpresak dira lehentasuna: haien produktuen eskaera handituko dela uste dugulako, edo merkatuaren zati handiagoa har dezaketelako».

PABLO ETXARTStellum Capital funtseko zuzendaritzako kidea

Taldek ere baditu inbertsioak sektore horretan. Hain zuzen ere, egin duen azken mugimenduan finantzaketa eskaini dio Arbizuko (Nafarroa) Agotzaina enpresari. Arrautzak eta hegazti haragia ekoizten du batez ere. 2015era arte, Palacios hestebete enpresa ezagunean egon zen, eta, egun, sandwichak eta eramateko antzeko jakiak prestatzen dituen enpresa batean sartua dago, Ñaming-en. Rotecna txerri haztegientzako Kataluniako enpresan ere inbertitu zuen 2016an, beste funts batekin, eta 2020an 90 milioi euroan saldu zion Danimarkako Solix funtsari.

Dena den, Talderen inbertsio zorroa askotarikoa da oso: telekomunikazioak, metalgintza, energia berriztagarriak, osasun produktuak... «Ez da komeni arrautza guztiak saski berean izatea. Sektorea garrantzitsua da, noski, ez duzu erosiko Finlandian izotza saldu nahi duen enpresa bat. Baina sektorea bezain garrantzitsua da proiektua bera, eta, batez ere, atzean dauden pertsonen balio profesionala», zehaztu du Zalbidegoitiak.

Dirua baino gehiago

Normalean enpresek jotzen dute funtsetara, abokatu, aholkulari edo antzekoren baten bitartez. «Bi eredu dira nagusi», azaldu du Zalbidegoitiak: «Batetik, hazteko laguntza behar dutenak daude; eta bestetik, negozioa saldu nahi eta erosle bila dabiltzanak». Gero, ezberdina da funtsa gutxiengoan sartzen den —jabetzaren erdia baino gutxiago eskuratuta—, edo gehiengoan.

Jose Maria Zalbidegoitia
Idoia Bengoa Talde inbertsio funtseko zuzendaria eta Jose Maria Zalbidegoitia presidentea, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eta funtsak dirua jartzen al du bakarrik? «Ez», erantzun du Etxartek: «Erabakietan parte hartzen dugu. Dirua bakarrik behar badute, bankuak ere badaude. Funtsek eskarmentua dute kudeaketan. Enpresa batean sartu eta esaten didatenean ‘nik ez dut inoiz saldu Frantzian’, galdera zera da: ‘Zergatik, ez?’ ‘Zein zen oztopoa?’ Funtsak bestelako ikuspegi bat dakar».

Funtsak noiz irabazten du? «Saltzean», esan dute biek, eta, diotenez, beti ez da erraza bazkideek hori ulertzea. «Esker txarreko lana da hau, gauzak ondo doazenean irten behar baituzu», esan du Taldeko buruak. «Enpresa ondo doanean saldu behar duzu: erosleak ikusi behar du irabazten jarraituko duela. Beheraka badoa, inork ez du erosiko. Parean duzunak irabazi behar du azkeneko euroa».

'Arriskua', 'Putreak'... Prestigio arazoaren muina

Funtsen jarduna ezezaguna dela onartu dute biek, bai behintzat publiko orokorrarentzat, eta uste dute horrek ez diola mesederik egiten. Are gehiago, esan dute prestigio arazoak daudela, askotarikoak. Esaterako, haien funts zabalduenek arrisku funts izena hartzen dute, gaztelaniazko capital riesgo-ren itzulpen zuzena. Ingelesez, aldiz, private equity dira (baliabide pribatuak). Inbertsioei buruz hitz egitean arrisku hitza sartzeak ez dirudi marketin kanpaina onena. «Izen hori jarri ziona ezagutu nahiko nuke, eta kontu pare bat argitu harekin», esan du, ironikoki, Etxartek. «Pedagogia asko egitera behartzen gaitu, azalpen asko ematera. Nik nahiago du kapital pribatuaren inbertitzaile profesional deitzea, zehatzagoa da».

Beste irudi arazo handia espekulaziorekin lotuta dago, eta funtsei lotzen zaien hitz ohikoenarekin: putre. Zalbidegoitiak heldu dio hariari: «Hala da: espekulazio funtsak badaude. Enpresa batean sartu, eta saltzeko zatitzen dutenak. Edota enpresa asko zorpetu, eta gauzak okertzean kaleratzeak egin dituztenak. Hori existitu da, baina badaude jarraitutasuna duten funtsak, eta horiek oihartzun apalagoa dute». Horrekin lotuta, Talderen filosofiaren ezaugarri bat azaldu du: «Prestigio arazoak izan ditzakeen inbertsiorik ez dugu egiten; esaterako, ez gara sartzen apustuetan eta armagintza enpresetan».

Etxartek arrazoia eman dio, baino ñabardura bat gehitu. «Funtsaren balio erantsia sormen ahalmenaren eragina murrizten denean saldu behar da. Orduan pentsatu behar duzu ea ez den hobe beste jabe bat izatea». Erosleari dagokionez, kanpoko norbait da, normalean, baina ez da arraroa funtsari deitu zion beste bazkidea izatea ere.

Biek diote funtsetan dirua sartzea inbertsio errentagarria dela. Zalbidegoitiak 25 urte daramatza karguan, eta denetarik bizi izan du, porrota eta arrakasta. Baina, hautatze prozesu zorrotzaren eraginez, askoz gehiago dira etekinak eman dizkieten inbertsioak. Gogoan du, esaterako, Valentziako Biopolis enpresaren kasua, jakien eta edarien hartzidura moteldu edo bizkortzeko gaiak ekoizten dituena: «AEBetako konpainia bati saldu genion. Mozkina inbertsioa baino hamar aldiz handiagoa izan zen. Baina lehen hiru urteak oso gogorrak izan ziren: hasi ginenean, esertzeko aulkirik ere ez genuen». Deltalab ere gogoan du: behin bakarrik erabiltzeko laborategi materiala ekoizten zuen enpresa horrek, eta berrehun milioi euroan saldu zioten SCG Packing Asiako konpainiari —Talde ez zen bazkide bakarra—.

Norena da dirua?

Arrisku funtsen inbertsioak normalean hiru, bost eta zazpi urte ingurukoak izaten dira, eta, gero, irten egiten dira enpresatik. Kopuruetan ere alde handiak daude. «Guk, 50.000 euroan hasi, eta hamabost milioi eurorainoko ekarpenak egin ditzakegu, eta, bazkideren bat aurkituz gero, handiagoak», nabarmendu du Etxartek.

Kopuru handiagoak darabiltza Taldek: «600.000 euroan hasi, eta hogeita sei milioi euroraino. Kopuruaren arabera, funts ezberdinak aktibatzen ditu: arrisku funtsak, bazkideak...». Horrez gain, Taldek ehun milioi euroko zor funts bat aktibatu du, maileguak eskaintzeko. «Bankuek eskaintzen ez dituzten baldintzak ditugu, batez ere epeei dagokienez. AEBetan, enpresen %40k bakarrik dute bankuen finantzaketa; hemen, %90etik gora dira. Eredua aldatzen ari delakoan gaude».

400

Talderen inbertsioak Taldek ia 50 urteko bidea du, eta, egun, ia laurehun milioi euro ditu inbertituak. Stellumen bidea motzagoa da, eta 75 milioi euro ditu inbertituak. Hori bai, funts guztiak egituratzean berrehun milioiko zorroa izatea espero dute.

Talde, Stellum... Markak eta kopuruak dira, baina nor dago milioien atzean? Talderen kasuan, inbertitzaile guztiak pribatuak dira. Sorreran Bizkaiko Aurrezki Kutxa zegoen, eta haren ondorengo Kutxabank tartean dago orain. ONCE Espainiako itsuen elkartea ere bazkide da, BGAEak —baita atzerrikoak ere—, osasun mutualitateak, eta norbanakoak, normalean enpresariak. «Gure egunerokoa inbertitzaileak aurkitzea da, proiektuak aztertzea bezain garrantzitsua».

Stellumen inbertitzaileek «hiru hanka» dituztela azaldu Etxartek: inbertitzaile publikoak (gobernuak, sustapen agentziak...), inbertitzaile instituzionalak (BGAEak, aseguru etxeak...), eta pribatuak. «Azken horiek bi motatakoak dira, ondare handia dutenak, familiak eta; eta, gero, ondare hain handia ez izan baina diru horren premiarik ez dutenak. Funts batean inbertitzen baduzu, zortzi edo hamar urte pasatu arte inork ez dizu itzuliko dirua».

Euskal funtsen erradiografia: gobernuak, familia aberatsak...

Inbertsio funtsen euskal ekosisteman denetarik dago, eta egun lehia estua dute kanpoko funtsekin. Pribatuak eta publikoak daude, eta azken horiek dira handienak. Esaterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritza bihurtu da inbertitzaile nagusia: laurehun milioi eurorekin. Bi tresna ditu horretarako: bata, SPRIren Arrisku Kapitala (ehun milioi) eta, bestea, 2020an martxan jarritako Finkatuz funtsa (hirurehun milioi). Nagusiki teknologia eta energia alorretako ehun bat enpresa ertain eta txikitan ditu akzioak, eta hiru handitan: ITP, CAF eta Kaiku. Nafarroako Gobernuak, berriz, Sodenaren bitartez egiten du hori. Haien helburua erabakiguneei Euskal Herrian eustea da.


Funts pribatuetan, Stellum eta Taldez gain, Mirai dago: Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainagarena da, eta berrehun milioiko poltsa du. Duela hilabete batzuk Bidegiñ aurkeztu zuten, Kutxabankek eta Elkargik osatutakoa, eta berrehun milioi bildu nahi ditu. Beste bat All Iron da, Athleticeko presidente Jon Uriartek sortutakoa, eta iaz Acurio Ventures funtsa sortu zuen, 150 milioirekin.

Neguriko familiek ere pisu handia dute. Onchena funtsak egoitza Madrilen du, baina Ibarra Kareaga familiaren inbertsio egitura da. Galindeztarrenak, berriz, Beraunberri du izena, eta Euskal Herrian du egoitza. Biek ala biek enpresa handi askotan dituzte akzioak, eta bien artean Bizkaia dorrea erosi zioten Angelo Gordon AEBetako funtsari.

Badaude beste mota bateko familiak ere, industrian luzerako asmoak dituztenak eta beren burua arrisku kapitaletik kanpo kokatzen dutenak. Esaterako, Delclaux familiak Tekpolio plataforma du, Ermuko (Bizkaia) Microdeco enpresa erosi berri duena. Antzeko kasua da Kaizaharra, Juan Ignacio Lopez Gandasegi Aernnovaren fundatzailearena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.