Inbertsio funts eta bankuek Rubiralta familiaren aurkako epaiketa irabazi dute, eta haiek hartuko dute Celsa altzairu multinazionalaren kontrola. Bartzelonako merkataritza arloko epaitegiko 2. salak ebatzi du Celsaren zordun diren banku eta inbertso funtsek haien zorraren zati handi bat akzio bilakatu dezaketela, eta, horrenbestez, enpresaren akziodun nagusi bilakatuko dira. Deutsche Bank bankua eta Goldman Sachs, Anchorage eta Capital Group funtsak dira besteak beste zordun horiek, eta erabaki hori da haien bideragarritasun planaren oinarria. Orain, enpresaren berregituraketa prozesua hasiko dute, eta epaileak «lanpostuei» eta «erabakiguneei» eustera behartu ditu, tartean Euskal Herriko hiru plantak.
Celsa 7.000 langileko enpresa multinazional bat da, eta 650ek Euskal Herriko hiru altzairutegietan dihardute: 329k, Nervaceron (Trapagaran, Bizkaia); 98k, Celsa Atlanticen (Gasteiz) —lehen Laminaciones Arregui zen—; eta 200ek, Celsa Francen (Bokale, Lapurdi). Azken hori da hiruetan oparoena; izan ere, Celsaren datuen arabera, fakturazioaren %9k Bokaleko plantan du jatorria, eta Baionako portuko zama mugimenduaren %40k altzairutegiarekin du zerikusia. Hiruretan ezegonkorrena, aldiz, Gasteizkoa da: 300 langile zituen 2012an.
Azken asteak urduriak izan dira hiru lantokietan, eta korapiloa gaur argitu da: enpresak jabe berriak izango ditu. Celsak 3.500 milioi euroko zorra du pilatua, eta 2020az geroztik ordaintzeke utzi ditu zorraren hainbat epe. Egoera ikusita, epaileak zor hori kapitalizatzeko eskubidea eman die banku eta funtsei. Baina nola? Zor horren zati bat, 1.300 milioi euro inguru, akzio bihurtzeko eskubidea eman die, eta trukean beste zati handi bat amortizatuko dute, horrela enpresaren egoera arinduz. Trukean enpresaren kontrola hartuko dute, akziodunen gehiengoa izango dutelako.
Operazioaren galtzaile handia Rubiralta familia da, enpresaren aurreko jabea, eta hein handi batean enpresaren egoera ekonomiko txarraren erantzulea. Funtsek berregituraketa planta aurkeztu zutenean, helegitea jarri zuten, kontrola gal baitzezaketen, eta ekainean egin zen epaiketa, Bartzelonan. Rubiraltarren argudioa zen funts horiek oso merke erosi zutela zorra, eta gehiago ordaindu behar zutela —enpresak 6.000 milioi euroko balioa duela esan zuten epaitegian—. Eta argudio hori egia zen, Celsak hasieran zorra Espainiako hainbat bankurekin pilatu zuelako eta haiek, bideragarritasuna ezinezkoa zela iritzita, oso merke saldu zietelako 2017an putre funtsei.
Bideragarritasunaren erronka
Funts eta bankuek altzairutegia putzutik ateratzeko erronka dute orain. Zorra asko murriztu ondoren, falta diren 925 milioi euroak ordaintzeko epeak luzatuko dituzte. Xehetasunak Bartzelonako bideragarritasun planean daude, epaitegian aurkeztu zuten planen, hain zuzen. Alvaro Lobato epailearen arabera, funtsen eskaintza zen «aukera bideragarri bakarra», eta agindua eman die jabe berriei: «Beren konpromisoak zorrotz bete behar dituzte, konpainiaren balioa zainduz eta handituz, enpresaren osotasunari eutsiz, lanpostuak mantenduz, eta hori guztia ekonomia osoarentzat hain garrantzitsuak diren erabakigune estrategikoak aldatu gabe».
Horrelako aginduak ohikoak izaten dira: gero etortzen dira bideragarritasuna egia bihurtzeko hartu beharreko erabakiak. Oraingoz, funtsek jakinarazi dute ez dutela erabiliko Espainiako Gobernuak iaz eskainitako 550 milioi euroren erreskatea. SEPIk —Espainiako Industria Partaidetzarako Sozietatea— inoiz eskainitako erreskate handiena izan zen, eta enpresaren erabakigunean Espainian mantentzeko aingura bat. Eusko Jaurlaritzak ere nahiago zuen Rubiralta familiak agintea ez galtzea, behintzat horrela ondorioztatu daiteke Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen sailburua haiek deituriko azken akziodunen azken batzarrera joan zenetik. Kutxabank, berriz, uztailean irten zen enpresaren kontrola hartu nahi zuten zordunen taldetik.