Lau hilabete inguru pasatu dira Sunsundegui hartzekodunen konkurtsoan sartu zenetik, 48,8 milioi euroko zorrari aurre egin ezinda. Asteburu honetan, Molins eta Andres abokatu bulegoak, hartzekodunen konkurtsoko administratzaileak, egoeraren txosten bat aurkeztu du. Bertan agerian geratzen denez, urte hasieratik Dumarey Belgikako taldeak fabrika bereganatzeko saiakerak egin ditu. Urtarril amaierarako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, baina «oraingoz ez du eskaintza bideragarririk egin». Hori ikusirik, abokatu bulegoak Iruñeko Merkataritza arloko lehen epaitegiari proposatu dio likidazioaren eta itxieraren bidea hartzeko.
Denbora bukatzen ari da, hortaz. Abokatu bulegoaren txostena behin-behinekoa da, eta hari alegazioak aurkezteko epea irekiko da. Alta, datozen asteetan nobedaderik ez badago, Sunsundeguik likidazioaren bidea hartuko du.
Altsasuko enpresaren egoera larriaren jakitun, bihar goizean bilera egingo du Sunsundeguiko langile batzordeak —UGTk, LABek, ELAk eta CCOOk osatua—. Gaur egun, 341 langile ditu Altsasuko fabrikak, eta hura ixtea kolpe handia litzateke Sakana eskualdearentzat, zeharka beste ehunka lanposturi ere eragingo bailieke.
Biharko bilerari begira, behin txostenaren edukiaren berri izanda, LABek proposatuko du likidazioaren aurka egitea eta negoziazio mahai bat sortzea konkurtsoaren administratzailearen, Nafarroako Gobernuaren eta sindikatuen artean, egoeraren bideragarritasuna aztertzeko. «Eltzea sutan jartzeko garaia da, beranduegi izan baino lehen. Horretarako, dauden epeak luzatu eta inplikatutako alderdi guztien artean konponbideak jorratu behar dira».
Txostenaren edukia
Aurretik Mikel Irujo Industria kontseilariak aurreratu bezala, txostenak egiaztatu du hamazazpi enpresak agertu zutela interesa, baina guztien artean bat nabarmentzen da: Dumarey.
Ekainean Sodena sozietate publikoarekin harremanetan jarri zen «Sunsundeguiko ekoizpen unitatea bereganatzeko», eta guztien artean lehena izan zen hori egiten. Sodenak espero zuen eskaintza bat egitea, baina ez zitzaien ezer iritsi. Azaroan hartzekodunen konkurtsora deitu arte «desagerturik» izan zirela aipatu dio Sodenak konkurtsoaren administratzaileari.
Behin konkurtsoan sartuta, harremanak areagotu egin dira azken hiru hilabeteetan. Zehazki, urte amaieran Lorenzo Rios UGTko egungo idazkari nagusiak Molins eta Andres bulegoari helarazi zion enpresa batek interesa zuela. Urtarrilaren 2an lehen bilera bat egin zuten Dumareykin. Automozio sektorean aritzen den fakturazio handiko enpresa bat izaki, aintzat hartu zen haren interesa.
Administratzaileak eskatu zien «garaiz» egiteko eskaintza bat, eta langileen egoera kontuan izateko. Izan ere, irailaz geroztik enplegua erregulatzeko aldi baterako espedientea dute —urtarrilaren 19an amaitzen zen epea, eta luzatu egin zen—.
«Lau hilabete iragan dira konkurtsoa deklaratu zenetik, eta oraingoz ez dago ezer idatzita. Oraintxe ditugun datuak ikusirik, itxura guztia du prozesua honela burutuko dela: Sunsundeguiren aktiboak likidatuta eta langileen kontratuak eteteko erregulazio espediente bat ezarrita»MOLINS ETA ANDRES Abokatu bulegoa
Txostenak islatzen duenez, itzulinguru asko eman ditu enpresak, eta oraingoz ez dago ezer. Molins eta Andres bulegoak hasieratik helarazi zien eskaintza epe barruan egiteko garrantzia. Hasieratik, Dumareyk finantzaketarako laguntza eskatu zien Nafarroako Gobernuari eta Sodenari, eta horrek industria plan bat eta negozio plan bat aurkeztera behartzen zuen. Urtarril amaierarako egiteko konpromisoa hartu zuen, «baina oraindik ez du halakorik aurkeztu».
Asteotan, hainbat aldiz bildu dira Dumareyko arduradunekin, eta haiek hainbat informazio eskatu dizkiete posta elektronikoz. Euren interesa «benetakoa eta erreala» dela azpimarratu diete administratzaileei. Hartu-eman horretan, Dumareyk informazioa eskatu du fabrikaren zoruaren kutsadurari buruz, fabrikaren instalazioaren balorazio ekonomikoari buruz, erreklamazio judizialei buruz, hornitzaileei buruz eta haiekin lan egiteko aukerari buruz.
Administratzaileen kezka
Molins eta Andres abokatu bulegoak bilera horietan kezka agertu du hartu-eman horiek «gehiegizko itxaropena» piztu dezaketelako langileen eta hornitzaileen artean. Horregatik, gaia «serio» hartzea galdegin dio enpresari. Era berean, gogorarazi dio hartzekodunen konkurtsoaren baldintzei erantzun behar zaiela eta eskaintza ongi zehaztu: zenbat langile hartuko diren eta zer kontratu ordeztuko diren, zer aktibo bereganatu nahi diren.
Dumareyk azken bileran adierazi zien 250 langile inguru hartu ditzaketela eta haien arduradunetako bat Altsasura joango zela hasierako prozesua zuzentzera. Lau aldi aurreikusi ditu: lehenik, jarduerari eusteko baldintzak ezarri ostean, hutsetik hastea; bigarrenik, ekoizpena egonkortzea eta eragileen konfiantza berreskuratzea; hirugarren, 2026an, negozioa haztea; laugarrenik, beste produkzio atal bati ekitea.
Horregatik, ikusirik oraindik ez dagoela eskaintzarik, administratzaileak «oso kezkatuta» daude eskaintza atzeratzen ari delako. «Lau hilabete iragan dira konkurtsoa deklaratu zenetik, eta oraingoz ez dago ezer idatzita. Oraintxe ditugun datuak ikusirik, itxura guztia du prozesua honela burutuko dela: Sunsundeguiren aktiboak likidatuta eta langileen kontratuak eteteko erregulazio espediente bat ezarrita», dio txostenak.
Dumarey TAldea
- Jatorria. 1983an, Punch enpresa sortu zuen Guido Dumarey belgikarrak, metalgintzan aritzeko. Apurka, autogintzan espezializatu zen, propultsio handiko sistemetan. Iaz, taldeak sortzailearen izena hartu zuen. Mugikortasun elektrikoa du ikur nagusietako bat.
- Negozio atalak. Lau atal dituzte. Nagusia autogintzan dago: funtsezko osagaiak ekoizten dituzte —motor eta transmisioak, kontrol unitateak, injektoreak, ibilgailu elektrikoen karga...—. Bigarrenik, industriaren deskarbonizaziorako irtenbideak eta energia biltzeko sistemak. Gainera, itsasontzien motorren eraginkortasuna hobetzeko eta hidrogeno motorren proiektuak garatzen ari dira.
- Lantokiak. Zortzi, gehienak Europan (Italian, Frantzian, Herbehereetan eta Ingalaterran). Egoitza nagusia Torinon dago (Italia). Berriki, AEBetan, Plymouth hirian lantoki bat erosi dute.
- Langileak. 3.000 langile.
- Diru sarrerak. Enpresaren webgunearen arabera, 1.000 milioi euro.