Inbertitzaile batek BSHren Ezkirozko lantegia erosteko interesa agertu du

Enpresak kontratatutako Metys aholkularitza etxeak langile batzordeari esan dio inbertitzaile posible horrek lantegia bisitatuko duela ostiralean. Etxetresna elektrikoen arlokoa denez, BSHren lehiakide bat izan daiteke; jabeek ez dute begi onez ikusten.

BSHko langileek larubatean Nafarroako Jauregi aurrean egindako protesta. VILLAR LOPEZ / EFE
BSHko langileek larubatean Nafarroako Jauregi aurrean egindako protesta. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2025eko martxoaren 31
16:43
Entzun 00:00:0000:00:00

Goizean langile batzordeko ordezkariek bilera telematikoa izan dute Herbehereetako Metys aholkularitza etxearekin. Hark jakinarazi die inbertitzaile batek interesa agertu duela Ezkirozko fabrika (Nafarroa) erosteko. Ostiralean joango da lantokia ezagutzera.

Erosle izan daitekeen horren izenik ez dute eman. Metysen arabera, hainbat negozio atal ditu. Etxetresna elektrikoak ekoizten ditu, eta, horietaz gain, bateriak, konpresoreak, hozte sistemak eta trenetarako eta autoetarako osagaiak. Europan, Asian eta Ameriketako Estatu Batuetan hedatuta dago konpainia hori. Konpainia horrek etxetresna elektrikoak egiten dituenez gero, BSHren lehiakide zuzena da, eta printzipioz bederen, jabeek ez dute begi onez ikusten Ezkirozko fabrika espezializatua lehiakide bati saltzea.

Batzordearen ikuspegia

Juanjo Hermoso de Mendoza langile batzordeko presidentearen arabera, ez diete esan zein den enpresa hori. «Berrindustrializazio prozesu hauetan, konfidentzialtasuna izaten da gehien erabiltzen den hitza, eta ez digute esan nahi izan». Batzordeko buruak esan du BSHk ez diela oraindik zehaztu berrindustrializatzeko aukera osoa edo partziala izango ote den.

Asteotan langile batzordeak presio egin du negoziazioetan egon ahal izateko eta erabakietan parte hartzeko. BSHk berriki adierazi du prest dagoela hiru astean behin langileekin biltzeko, eta «informazioa emateko» negoziazioen nondik norakoez. Aldi berean, enpresa egoera aztertzen ari da Nafarroako Gobernuarekin batera. Langile batzordeak eskatu du Javier Zubikoa Nafarroako Gobernuko Lan zerbitzuko zuzendariak bilera horien akta egin dezala, elkarrizketa horien xehetasun guztiak jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.