Inasa Foilek ateak itxi zituen 2012an betiko, eta 168 langile kaleratu zituen; hala, kolpe handia eman zien Irurtzuni eta Sakanari (Nafarroa). Agur harekin, atzean geratu zen Reynoldsen fabrika izandakoaren mende erdiko industria jarduera, eta atzean geratu ziren jarduera horrek eragindako kutsadura eta lorratz sakona. «Fabrika mortu bihurtzeko arriskua zegoen. Probetxuzko materialak ostu zitzaketen, eta gainerako guztia hondamendi eremu bihur zitekeen», azaldu du Carlos Txokarrok, Nasuvinsa sozietate publikoko Zoru Industrialeko arduradunak.
Hamalau urte geroago, egoera bestelakoa da: 140.000 metro koadroko azalera duen ingurunea leheneratu dute, sailka banatu dute, eta industria gune bihurtu. Txokarroren arabera, kasu hori aitzindaria izan da Nafarroan, «aurretik zegoena baliatu eta berrerabili» baitute «lur gehiago hartu gabe». Eraberritze lan hori «eredugarritzat» jo du Aitor Larrazak, 2015etik 2023ra Irurtzungo alkate izandakoak. Egindako inbertsioa berreskuratu, eta Inasan galdutako enplegua leheneratu da, hein batean.
«Fabrika mortu bihurtzeko arriskua zegoen. Probetxuzko materialak ostu zitzaketen eta gainerako guztia hondamendi eremu bihur zitekeen».
CARLOS TXOKARRONasuvinsako Zoru Industrialeko arduraduna
Inasa oso loturik dago herriari berari: «Gaur egungo Irurtzun —haren eraikin tipologia eta biztanleak— ezin da ulertu Inasarik gabe». Mila langile izatera heldu zen, eta gainbehera urtetan luzatu bazen ere, itxiera traumatikoa izan zen. «Jendeak maite zuen, bizi osoa eman baitzuten bertan». Horregatik, ingurua leheneratzeko prozesua «azkar» eta «naturaltasunez» egin dela iruditzen zaie irurtzundarrei.
![Inasa 2017an, Nafarroako Gobernuak eskuratu zuenean. IDENA - NAFARROAKO GOBERNUA. Inasa 2017an, Nafarroako Gobernuak eskuratu zuenean. IDENA - NAFARROAKO GOBERNUA.](/uploads/s1/70/69/72/1/17376332396805_49_1000x666.jpeg)
Alta, ez zen batere erraza izan. Larrazaren arabera, udalak hasieratik izan du «jarrera aktiboa». 2012an, Juan Jose Iriarte Nafarroa Baiko orduko alkatea ahalegindu zen UPNren gobernuarekin egoera bideratzen, baina «jarrera bestelakoa zen». 2015ean, alkate izendatu zuten Larraza, eta inguruko enpresekin bildu eta haien «konfiantza lortzea» izan zen haren lehen zeregina. Nafarroako gobernu aldaketak interes guztiak batzen lagundu zuen: «Bizpahiru urte eman genituen negoziazioetan, apurka-apurka lortu genuen».
2017an, Uxue Barkosen gobernuak eremu hura eskuratu zuen 2,5 milioi euroren truke, eta Nasuvinsaren esku utzi zuen berriz industrialde bilakatzeko erronka. Txokarrok ez zuen Nasuvinsan lan egiten orduan, baina adierazi du eskualdeko enpresek zoru hori lortzeko beharra zutela. «Teorian, modurik egokiena eta errazena litzateke konpainia bakar batek azalera osoa hartzea. Errealitatean, askoz ere zailagoa da hori lortzea». Horregatik, eremu hura sailka banatzea erabaki zuten, eta, Txokarroren ustez, «estrategia egokia» izan zen, nahiz eta «konplexuagoa» izan. Azken batean, azpiegiturak sortu behar ziren sail bakoitzarentzat.
«Ziurgabetasun handia zegoen kostuaren inguruan. Horrek asko zailtzen zuen enpresa pribatu batek eremua erostea eta operazioa egitea. Horregatik garrantzitsua izan zen arlo publikoak lehen pausoa ematea».
AITOR LARRAZAIrurtzungo alkate ohia
Lehen erronka Inasak mende erdiz lurrean zein uretan eragindako kutsadura apaltzea izan zen. «Ziurgabetasun handia zegoen kostuaren inguruan. Horrek asko zailtzen zuen enpresa pribatu batek eremua erostea eta operazioa egitea. Horregatik garrantzitsua izan zen arlo publikoak lehen pausoa ematea», aipatu du Larrazak.
Txokarroren arabera, bi zailtasun zeuden: zorua eta ura. Lur zatiak kontrolatutako zabortegietara eraman ziren, kontuan izanda zenbateraino ziren arriskutsuak. Urari dagokionez, berriz, Ebroko Ur Konfederazioak zenbait jarduera egitera behartzen ditu, irizpide batzuk bete arte. «Lur azpiko urak monitorizatu behar dira gutxienez bi urtez, eta kontrol lan bat egin behar da». Neurgailuak jarrita dituzte oraindik ere, eta analisiak egiten dituzte hilero. Puntu zehatz batzuetan hobetu beharra dago oraindik, baina garbiketa lanek ingurumen oniritzia jaso zuten.
Ondoren, Irurtzungo Hirigintza Jarduerako Programari jarraikiz, eraberritze lanak egin zituzten: fabrika zaharraren parte batzuk eraitsi; gunea zeharkatuko zuen bide bat eraiki; argindarra, gasa, ura eta bestelako hornidura sistemak jarri sail bakoitzerako; bulego zaharrak eraberritu... Hain zuzen ere, Inasako bulegoen eraikin zaharra izan zen konpondu beharreko beste arazo bat. Udalak akordioa egin zuen gobernuarekin: eraikin hori eskuratuko zuen Udalak, proiektuaren aprobetxamenduko diru sarrerei uko egitearen truke. Industrialde berrian Dinabide enpresa sortu dute Sakanako Mankomunitatearekin elkarlanean, eskualdeko konpainien digitalizazioan laguntzeko: «Garapen agentziarekin batera ikusi genuen gauza asko zeudela egiteko enpresen digitalizazioaren inguruan».
![Inasa zenaren lur eremua egun, 2024ean ateratako satelite irudian. Inasa zenaren lur eremua egun, 2024ean ateratako satelite irudian.](/uploads/s1/70/69/75/4/17376334402745_49_1000x666.jpeg)
Lurrak erosi zirenetik lehen enpresak ezarri ziren arte bi urte pasatu ziren. Saldu zitekeen guztia saldu egin da, eta %100ean dago beteta —oraindik garatu eta eraiki gabeko espazio bat geratzen da, Arakilgo Udalaren zatian, udalez gaindiko sektore planaren garapenari lotuta—. Han ezarri dira, besteak beste, Manfisa, Hydro, Transportes Plazaola, Magivial eta Embalajes Aralar enpresak. Udalaren esanetan, industrialdean askotariko sektoreetako enpresak egotea lortu da.
Nasuvinsaren ikuspegitik, berriz, eraberritze prozesua ispilu bat izan da. Egun, 2010ean itxitako Isphording enpresa zenaren orubea eraberritzen ari dira Altsasun, eta Solanoren lur eremua Agoitzen. «Tamainari dagokionez, Altsasukoa askoz ere apalagoa da. Bi sail dira. Fabrikaren heren bat kooperatiba bat sortu duten langileei utzi zaie alokairuan, eta gainerakoa eraberritzen ari gara. Agoitzen, bi nabe eraberritu ditugu».
Txokarroren ustez, industria leheneratzeko horrelako esku hartzeak «oinarrizkoak eta beharrezkoak dira». Etorkizunean gehiago etorriko direla uste du, nahiz eta Inasaren kasua «berezia» izan den. Larrazaren arabera, horrelako proiektuek agerian uzten dute alor publikoaren bultzada ezinbestekoa dela behar soziala eta ekonomikoa uztartzeko.
8Inasa eraberritzeko inbertsioaren zenbatekoa. Guztira, zortzi milioi euro inguru inbertitu ditu Nafarroako Gobernuak. 2,5 milioi euro kostatu zen lurrak erostea. Kutsadura kentzeko prozesua, berriz, 800.000 euro inguru. Gainerako guztia, bost milioi euro inguru: azpiegiturak eraikitzea, ura, argindarra eta bestelako hornidura sistemak jartzea, bideak egitea eta industrialdea antolatzea.