«Inaktibitatea handitzeak murriztu du langabezia, ez enpleguaren gorakadak»

Euskadi Lan Txostenak islatu du Jaurlaritzak ez duela arrazoi handirik paparra ateratzeko azken urteko langabezia jaitsiera dela eta

xabier martin
2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Erretiro andanak eta biztanleria aktiboa txikitzera eramaten ari diren beste hainbat aldagaik azaltzen dute langabeziaren jaitsiera, eta ez sortzen ari den enplegu kopuruak. Hala uste du Sara de la Rica EHUko Ekonomia katedradunak, eta hala islatu du 2017ko lehen hiruhilekoari dagokion Euskadi Txostenean. «Epe laburrera begira, bereziki kezkatuta gaude enplegu falta dela eta; epe ertainera, berriz, gure gizartean langile gutxiegi egongo da, ezinbestean etorriko den zahartze arazoa dela eta. Euskadiko 100 heldutik 44 inaktibo egotea kezkatzeko modukoa da», azaldu du Sara de la Ricak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lan merkatuaren inguruko txostenean.

Agirian ohartarazi duenez, azken urtean 16 urtetik gorako 8.300 heldu gehiago daude, 2.325 landun gutxiago eta 17.175 langabe gutxiago. Txostenak gehien nabarmentzen duen beste datu bat da «kezkagarria» dela 20.000 inaktiboren gorakada. «Azken hamabi hilabeteotan, Euskadiko langabezia inaktibitatearen gorakadagatik murriztu da, eta ez enpleguaren gorakadagatik», idatzi du De la Ricak Euskadi txostenean; Jaurlaritzak langabeziaren jaitsiera dela-eta paparra ateratzeko arrazoi handirik ez duela uler daiteke txostenaren edukiaren analisia eginez gero: enplegu politika publikoek pisu gutxiago daukate biztanleria aktiboaren jaitsierak baino, De la Ricaren arabera.

44 urtetik gora eta andrea

Pertsona inaktiboen gorakadari azalpena emateko, txostenean hainbat aldagai aipatzen ditu: «Biztanleak zahartuz doazenez, gero eta pertsona gutxiago sartzen dira helduen kolektibora, eta gero eta gehiagok jotzen dute inaktibitatera, erretiratzeko adinean sartzen direlako». Horrekin batera, De la Ricaren lanak erretiro aurreratua jartzen du mahai gainean: «Hala landunek nola langabeek erretiro aurreratua hartzeko erabakia har dezakete»; eta hori eragin zehatzak ekartzen ari da. Gainera, txostenean esaten duenez, lana bilatzeari ere uzten diote langabe batzuek, «etsita». Adin batetik gorako emakumeen egoera tamalgarria da. 44 urtetik gorako emakume langabeak «geldirik daude langabezian». Halaber, lehendik lanean edo lanik gabe zeuden pertsona batzuek inaktibitatera jotzen dute «erabaki pertsonalak edota familiakoak direla eta».

EHUko katedradunaren ustetan, «herritarrak lan merkatuarekin gehiago lotuko dituzten neurrien bitartez» egin behar zaio aurre egoerari. Neurri horietako askok «harreman malgua» ezartzen dute enpleguarekin, hala ikasketak amaitzear dituzten gazteentzat nola egunean ordu batzuk lan egin nahi duten 65 urtetik gorakoentzat; edota lan egingo luketen, baina lana eta familia uztartzeko zailtasunak inaktibo egotera «behartzen» dituen beste kolektibo batzuentzat.

Langabeen kolektiboan zertxobait areagotu da emakumeen eragina: 2016ko lehenengo hiruhilekoan, % 47,8 zen, eta hiruhileko honetan, berriz, % 52. «Gorakada hori garrantzitsua da, eta, gainera, emakumeek langabeen kolektiboan presentzia handiagoa dute Euskadin Espainiako eskualdeetan baino. Euskadiko enpleguan industria indarra hartuz joateak eragina izan lezake horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.