Sektore feminizatuak. Lan gatazka

IMQko 90 garbitzaileen kaleratzea baliogabetzeko eskatu diote epaileari

Langileen abokatuak «baikor» atera dira auzitegitik, haien salaketa osoa onartzeko eskatu baitu fiskalak. Gipuzkoako Foru Aldundiko garbitzaileen %80k ekin diote lau eguneko greba deialdiari

IMQk kaleratu dituen langileetako hiru, EAEko Auzitegi Nagusiaren kanpo aldean, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi - Irune Lasa
Bilbo Donostia
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«Baldintzak hobetzeko borrokatu direlako kaleratu dituzte. Kaleratzeak baliogabetzeko eskatu dugu». Uribarri Idigoras ELAren zerbitzu juridikoen kideak horrela laburbildu du sindikatuak izan duen jarrera IMQren aurkako auzian. Klinika pribatuak urte luzez azpikontrataturiko 90 garbitzaile kaleratu zituen abenduan, haien ordez ariko den lantalde propio bat eratzeko. Kaleraturiko langileek salatu dutenez, baina, neurri horren atzean dirua aurrezteko asmoa baino ez dago, garbitzaile berriek baldintza kaskarragoak izango dituztelako.

Epaiketa atzo goizean izan zen, EAEko Auzitegi Nagusian. Florentino Eguaras epaileak zuzendu zuen saioa. Idigorasek azaldu duenez, abokatuek «baikor» bukatu dute epaiketa, batez ere fiskalak haien salaketa «bere osotasunean» kontuan hartzea eskatu dutelako. Ia lau orduko epaiketa izan zen, eta epaileak ez zuen lekukorik onartu. Dena den, salaketak larriak direla gogoratu zien IMQko abokatuei.

Baina zeintzuk dira akusazio larri horiek? «Garestiegiak direlako kaleratu dituzte», argudiatu du Idigorasek. «Ez da susmo bat; negoziazio mahaian enpresak berak horixe esan zigun: garbiketa zerbitzuak garestitu egin direla». IMQko garbitzaileek hainbat epai eta protestaldi egin dituzte azken urteetan, eta, horien eraginez, lan baldintzak duindu dituzte. Hobekuntza horietako bat, esaterako, arrisku gainsaria izan zen, eta hori epaitegietan lortu zuten. Sindikatuak salatu du IMQ taldeak iaz hamahiru milioi euroren dibidenduak banatu zituela bazkideen artean.

Kaleratzea zigor erantzun bat izan dela uste dute ELAn, soldata arrakalari aurre egiteko greba batera deitu eta bi egunera jakinarazi baitzuten erabakia. Orain arte, garbitzaileek azpikontrata ezberdinak kateatu dituzte, eta, subrogazio eskubidearen eraginez, antzinatasuna eta beste zenbait eskubide mantendu. Gizatzen izan zen azken enpresa, eta haren kontratua ez berritzea erabaki zuen IMQk. Klinikaren abokatuek garbiketa euren gain hartzeko eskubidea dutela defendatu zuten epaiketan. Era berean, argudiatu zuten ez direla garbiketa enpresa bat, osasun arlokoa baizik, eta langileak subrogatzearen obligazioak ez diela eragiten.

Langileek greba mugagabea hasi zuten abenduan, Gizatzenek IMQrekin zuen kontratua amaitzear zegoenean. Greba horretan gutxieneko zerbitzu guztiak bete zituzten, eta bitartean klinikak garbitzaile berriak trebatu zituen. Esan bezala, sindikatuek kaleratzeak baliogabetzeko eskatu dute: «Berriz ere onartuak izaten nahi dugu, lanpostua berreskuratzea. Ez digu ardura Gizatzenekin edo IMQrekin, baina 40 urtez han lan egin eta gero, lanpostu hori langileena da».

Are gehiago, sindikatuak uste du langileek kalte moralak eskatzeko eskubidea dutela. «Oinarrizko eskubide bat urratu dietela argudiatu dugu, eta horrek konponbide bat behar duela». Ondo bidean, aste pare batean egon beharko luke ebazpenak. Epaiketan beste garbiketa enpresa batzuetako abokatuak egon ziren ikusle bezala, ebazpena oso garrantzitsua baita sektorerako. Epaia galtzen duen aldeak helegitea jar dezake Auzitegi Gorenean.

KPIaren eske

Mobilizazio ugariko egunak dira garbikuntzaren alorrean. Besteak beste, atzo erantzun zabalarekin abiatu zuten lau eguneko greba Eulen enpresarekin Gipuzkoako Aldundiarentzat lan egiten duten garbitzaileek. ELA, LAB eta ESKren arabera, garbitzaileen %80k bat egin zuten. 120ren bat garbitzailek —emakumeak gehien-gehienak— egiten dute lan Eulenekin aldundiaren eraikinak garbitzen, besteak beste foru jauregian, Ogasunaren egoitza nagusian, Txara II eta Egogain zahar etxeetan, eta Koldo Mitxelena Kulturunean

Grebaren arrazoia lan hitzarmen berriaren negoziazioa da. Sindikatuek KPIaren araberako soldata igoerak nahi dituzte. Baina Eulenek garbi utzi die halakorik ez duela egingo, ELAk gaitzetsi duenez; aitzitik, 2021. urteko soldatak izoztea nahi du. Gipuzkoako Aldundiaren ardura ere galdegin dute elkarretaratzean. Sindikatuek gogoratu dute garbitzaileek azpikontratan lan egitea aldundiaren erabakia dela, eta erakundea dela zerbitzuaren «azken erantzulea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.