Imazek «ikuspegi positiboagoa» du orain energia konpainien zerga bereziari buruz

Espainiako Gobernuaren jarrera aldatu dela ikusi du Repsoleko buruak, eta prest azaldu da aldaketa baieztatuko balitz izoztutako inbertsioak berriro aktibatzeko.

josu jon imaz
Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkaria, gaur, Madrilen. MARISCAL / EFE
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 22a
16:30
Entzun

Elkarren arteko harreman onik ez dute Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako buruak eta Josu Jon Imaz Repsolekoak, bien konpainien interesak kontrajarriak baitira askotan. Baina gauza batean bat egiten dute, halere: Espainiako Gobernuak bultzatutako energia konpainien gaineko zerga bereziaren aurkari sutsuak dira. Are gehiago, Galan eta Imazek egin dituzte kritika ozenenak, eta, urte hasieran, Repsoleko buruak Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikoko ministroarekin ika-mika bat izan zuen jendaurrean. Gaur, baina, Imazek presioa arindu du: «Gauzak zerbait aldatu dira, eta duela aste batzuk baino ikuspegi positiboagoa dut [zergari buruz]», esan du gaur Repsoleko kontseilari ordezkariak.

Zer gertatu da? Espainiako Gobernuak jakinarazi du bi urterako zerga berezi bat zena zerga iraunkor bihurtu nahi duela, baina prest azaldu da egokitzapen batzuk egin, eta trantsizio energetikoan egiten diren inbertsioak zergatik salbuesteko. «Aldaketa hori baieztatzen badigute eta araudi egonkorra badugu, inbertitzeko prest gaude. Ahal duguna egingo dugu Espainian egiteko baldin eta baldintzak betetzen badira», azaldu du Imazek.

Hitz horiekin uler daiteke balitekeela  gobernuari presio egiteko hozkailuan sartutako inbertsioak berreskuratzea Repsolek. Horien artean zeuden Petronor filialak Bizkaian egin behar zituen bi: Bilboko portuko erregai sintetikoen lantegia eta Muskizko findegian energia berriztagarriekin hidrogenoa sortzekoa (H24All). Petronorreko iturriek gaur berretsi dute proiektu horiek «araudien eta zergen bilakaerari» lotuta daudela.

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.