Imanol Rego da Innobasqueko presidente berria

Irizar taldeko zuzendari nagusia da Rego. Imanol Salaberriaren lekukoa hartu du.

Imanol Rego Innobasqueko presidente berria, gaur, Zamudion. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Rego Innobasqueko presidente berria, gaur, Zamudion.OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko martxoaren 19a
12:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Presidente berria du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak: Imanol Rego, Irizar taldeko zuzendari nagusia (Donostia, 1972). Kargu hori izango duen bosgarren pertsona da, eta Imanol Salaberriaren lekukoa hartu du; hura izan da agentziako presidentea 2017tik.

Gaur goizean ezohiko batzarra egin dute Zamudioko parke teknologikoan (Bizkaia), eta han eman dute berria. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Mikel Jauregi Industria sailburua eta Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua, Innobasqueren zuzendaritza batzordea osatzen duten 60 lagunekin batera.

Kargua hartu berritan, Regok nabarmendu du Salaberriaren aroan finkatu egin dela Innobasqueren ikuspegia, hau da, «berrikuntzaren euskal ekosistemaren bidez Euskadik Europan berrikuntzaren lider diren eskualdeen ligan jokatzea». Gehitu du inflexio puntu batean daudela orain: «Gure enpresaren eta industria ehunaren jasangarritasuna bermatzeko, beharrezkoa izango da ikuspegi estrategikoa izatea, baita etengabe aldatzen ari den munduan talentua erakartzeko eta fidelizatzeko gaitasuna izatea ere».

Rego 2022ko irailetik da Innobasqueren zuzendaritza batzordeko kide, Irizar taldeko zuzendari nagusi izendatu zutenetik. Industria ingeniaria da, aurrez Irizar E-mobilityren buru izan zen, eta Schneider Electric konpainian ere kargu garrantzitsuak izan zituen. Gaur egun, Tecnaliako eta Cideteceko patronatuetako kide da, eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako kontseilukoa ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.