Enplegua

Ikuskatu ostean, 8.760 kontratu mugagabe bihurtu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Lan Ikuskaritzak 18.700 jarduketa baino gehiago egin ditu iaz, eta 7,5 milioi euro jarri ditu isunetan. Gutuna jaso ostean, langileen kontratuak erregularizatu ez dituzten enpresek ikuskariaren bisita jasoko dute 2023an.

Lan ikuskari bat, lantegi batera egindako bisitan. BERRIA
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko otsailaren 6a
14:51
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Lan ikuskaritzak 18.700 jarduketa baino gehiago egin ditu iaz, gehienak, segurtasunaren eta osasunaren arloan. Orotara, 1.487 arau hauste antzeman ditu, eta 7,5 milioi euro jarri ditu isunetan. Lan Ikuskaritzaren urteroko balantzea aurkeztu dute gaur Elena Perez Barredo Laneko sailburuordeak eta Iciar Gonzalez Lan Ikuskaritzako zuzendariordeak.

11.320 jarduketa egin dituzte segurtasunaren eta osasunaren arloan. Horietatik 568 kasutan ikusi dituzte arau hausteak. Lan harremanen esparruan, 5.568 jarduketa egin eta 574 arau hauste antzeman dituzte. «Datu hori nahiko deigarria da, normalean segurtasunaren eta osasunaren arloan antzematen baitira arau hauste gehien», adierazi du Gonzalek. Eta, gehitu duenez, enpleguan inoiz baino jarduketa gehiago egin dituzte: 1.854.

Lan istripuak hiru esparrutan banatzen dituzte. Istripu hilgarriak eta oso larriak «segituan» ikertzen dituzte: «Guardiako ikuskatzaile bat dago eguneko edozein ordutan, istripu horiek momentuan bertan ikertzeko». 2022an, hamazortzi zehazpen espediente zabaldu ditu ikuskaritzak, eta hamalau zuzenketa errekerimendu egin. Lan istripu larriak, berriz, ez dira zuzenean ikertzen. 87 zehapen espediente zabaldu eta 89 zuzenketa errekerimendu egin dituzte. Eta, istripu arinei dagokienez, 141 zigor espediente eta 129 errekerimendu egin. «Lan istripu hilgarriak, oso larriak eta larriak ikertzeko bokazioa du ikuskaritzak, baina arinak ikertzeko ez; hala ere, emaitzek istripu horiek ere ikertu behar direla azaleratzen dute», zehaztu du Gonzalezek.

Lan Ikuskaritzak hainbat ekintza plan egin ditu urtean zehar, segurtasunaren eta osasunaren arloan. Esaterako, udan, bero kolpearen aurka egiteko, 4.802 gutun bidali zituzten, prebentzio neurriekin: «Emaitzak nahiko onak izan ziren; enpresek interesa jarri zuten».

8.760 kontratu mugagabe

Lan Ikuskaritzak 25.948 kontratu berrikusi ditu 2022an. Horietatik, 14.559 kontratazio iruzurraren aurkako borrokaren barruan aztertu dituzte. Gainerakoak, 11.389 kontratu, ekintza planen esparruan. Berrikusitako kontratuetatik 8.760 mugagabe bihurtu dituzte enpresek.

Ikuskaritzak bi ekintza plan jarri ditu martxan 2022an. Ekintza planek bi fase dituzte. Lehenengo fasean, Espainiako Iruzurraren Kontrako Erremintak kontratu irregularrak izan ditzaketen enpresak identifikatzen ditu, algoritmoen bidez. Eta enpresa horiei gutun bat bidaltzen zaie. «Hilabete bat dute irregulartasunak zuzentzeko eta kontratu mugagabeak sortzeko», azaldu du Gonzalezek. Enpresek hori egiten ez badute, bigarren fasean ikuskariaren bisita jasoko dute.

Aldi baterako kontratazioaren aurkako ekintza plana bigarren fasean dago orain. Orotara, 4.844 gutun bidali ditu ikuskaritzak, 11.389 langileen kontratuei eragiten dietenak. Horietatik, enpresek 5.733 kontratu bihurtu dituzte mugagabe. «Aipatu behar dugu horietatik 494 aldizkako kontratu finkoak zirela», azpimarratu du Gonzalezek. Eta Perez Barredok zehaztu du kontratu mota hori ez dela ohikoena Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bigarren fasean, ikuskaritzak 1.326 jarduketa dauzka irekita orain.

Bigarren ekintza plana kontratazio partzialaren aurkakoa da. Eta oraindik lehenengo fasean dago. «Ez da sekula planik egin kontratazio partzialaren aurka», nabarmendu du Gonzalezek. Irailaren 26an, 4.946 gutun bidali zituzten, 11.436 langileri eragiten dietenak. «Emaitzak lortu arte ez dugu bigarren fasea martxan jarriko». Gonzalezen arabera, talka planak «eraginkorragoak» dira. Izan ere, 3.027 kontratu ikuskaritzaren jardun arruntari esker bihurtu dituzte mugagabe, eta 5.733 ekintza planei esker. 2023an bi planen bigarren faseekin jarraitzea aurreikusten du Gonzalezek. Beste ekintza plan batzuk ere aurreikusten dituzte, baina ezin dute datarik zehaztu.

2023rako beste aurreikuspen bat egin du Gonzalezek: «Derrigorrezkoa da 50 langile baino gehiago dituzten enpresek berdintasun planak izatea; eta guk hori egiaztatzen jarraituko dugu». Izan ere, 2022an 194 jarduketa egin dituzte, eta sei arau hauste antzeman. Aurten, gainera, lan ikuskaritzaren lana indartu nahi dute. Perez Barredok gogoratu duenez, 2022ko ekainean, Lan Ikuskaritza Euskadin kalitatezko enplegua sortzearen zerbitzura izeneko plana aurkeztu zuten legebiltzarrean. «Plan horren helburuetako bat ikuskapen jardunaren gardentasuna handitzea da», adierazi du. Horrez gain, sindikatuen, enpresaburuen eta elkarteen parte hartzea sustatu nahi dute, elkarrizketa sozialeko mahaian sortutako ikuskaritzako aholku batzordearen bitartez. Ikuskaritzaren lana indartzeko, lanpostu gehiago sortuko dituzte. 2022aren amaieran 51 ikuskari plaza eta 20 ikuskatzaileorde zeuden, eta 2023an bi lan ikuskatzaileorde, eta laneko eta gizarte segurantzako zazpi ikuskatzaile lanpostu gehitzea aurreikusten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.