Etorkizunean, Euskal Herrian hirugarren saltoki handia eduki dezake Ikeak, Iruñean. Oraindik ez da hartu behin betiko erabakirikSuperser enpresa zenaren eraikinean ezar dadin Suediako multinazionala, eta, horregatik, urrun dago hori bete ahal izateko aukera. Dena den, Nafarroako Gobernuak egindako azterketaren arabera, Ikeak saltoki handia irekiz gero, «gehiago dira onurak kalteak baino». Manu Aierdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak atzo aurreratu zuen 275 lanpostu zuzen eta zeharkako beste 75 sor ditzakeela. Txikizkako merkataritzari kalte eragin diezaiokeela onartu arren, Nafarroatik kanpoko erosleak erakarrita negozio gehiago sor daitekeela uste du —jardueraren %54 eta %73 artean—.
Iruñerriaren hegoaldean, Cordovillan, 295 hektareako eremuan hirigintza plana garatzeko asmoa du gobernuak, Nasuvinsa sozietate publikoaren bidez: Gariton izeneko industrialdea, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren zentro teknologikoa eta merkataritza jarduerarako 32.000 metro koadroko eremua aurreikusten dira. Hain zuzen ere, eremu horretan dago Superser, eta, hura eraitsi ostean, hor eraikiko luke Ikeak saltokia.
Plan hori garatzeko 14,7 milioi euro jartzeko asmoa du Uxue Barkosen gobernuak. UPNren gobernuak tokia adjudikatzeko enkantea ireki zuen, baina, lehiaketa hutsik geratu ostean, Ikeari orubea hamar milioi euroan saltzeko konpromisoa hartu zuen. Aierdiren arabera, Ikeari kostatuko zaion eraikuntza gastuaz harago, eremu horren hirigintza arloko kostua zazpi milioirena izango da. Gainera, plan osoaren errepide sarearen eta bestelako zerbitzuen faktura gaineratu beharko diote.
Operazio handi horri ekin aurretik, Ikeak eragin ditzakeen eraginak aztertu nahi izan ditu gobernuak, Aierdiren arabera. 2010. urtean nafarrek batez beste altzari eta etxebizitzako ekipamenduetan 303 euro gastatu zuten, baina 2016. urtean 225 eurora murriztu zen. Altzari sektorea kezkatuta dago joera hori etorkizunean egonkortu daitekeelako.
2016an, 113 milioi euroko negozio bolumena izan zuen sektoreak. Gobernuak kalkulatu du urtean 48 milioi euroren fakturazioa izan dezakeela Suediako multinazionalak. Alta, Aierdiaren arabera, Ikeak sektorearen opilari emandako hozkada ez litzateke hain handia, hipotesi desberdinen arabera, Nafarroako erosleek 13 milioi eta 22 milioi artean gastatuko luketelako Ikean. Gainerakoa lurraldetik kanpoko erosleek fakturatuko lukete, eta horiek bai ostalaritzan bai beste alorretan utz dezaketen onuraz gogoeta egiteko eskatu du. Hornitzaileetan lau milioi euro inguruko bolumena mugi dezakeela aurreikusi du gobernuak.
Superserren egokitzapenak gobernuari zazpi milioiren gastua eragingo badio ere, zerga bidez Ogasunak 3,9 milioi euro bil ditzakeela kalkulatu du gobernuak: 2,1 milioi BEZaren bidez, 1,3 milioi sozietate zergaren bidez, 300.000 euro soldaten atxikipenen bidez, eta beste 160.000 aurten onartuko en saltoki handien zerga bidez. Txikizkako merkataritzan izan dezakeen kalteak murrizteko 1,4 milioi euroren neurriak hartzeko gertu azaldu da Manu Aierdi.
Alta, alderdi batzuek mesfidantzaz ikusi dute operazioa. «Lasaitasuna» eskatu dio Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, eta EH Bilduk urrats bakoitza sakon aztertuko dutela aipatu du. PSNk ez du nahi Ikeak fabore traturik izatea.
Ikeak Iruñean 275 lanpostu sortuko lituzke, Aierdiren ustez
Superser zenaren eraikinean ezar daiteke multinazionala. Inguruetako hirigintza lanetan 14 milioi gastatzea aurreikusi du gobernuak. Merkataritzako kaltea leuntzeko, 1,4 milioiren neurriak iragarri ditu Aierdik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu