Iruñean ez da Ikea handirik izango. Suediako konpainiak atzera egin du Nafarroako Gobernuarekin hitzartu zuen akordioan, eta ez ditu erosiko Cordovillako lurrak, Superser fabrika zaharraren inguruan: 33.000 metro koadro. Altzarien multinazionalik handienak jakinarazi du 2015ean adostutako akordiorako oinarria hautsi egin duela, eta ez dituela lur horiek erosiko 9,9 milioi euroren truke; eta beraz, ez duela eraikiko Ikea saltoki handi bat Iruñean, Euskal Herriko hirugarrena behar zuena, Miarritzekoaren eta Barakaldokoaren ondoren.
Ikearen estrategia berriak hiri barruko denda txikien alde egin du; hiri inguruetan biltegi denda handiak irekitzeari utzi dio azkenaldi honetan, eta auzoetako saltoki txikiak zabaldu ditu, bezeroarekiko gertutasuna lortzearren. Estrategia horrek esplika dezake Ikearen ukoa Iruñean; edota Cordovillako kokagunea ez duela gustuko orain, eta beste kokagune baten bila dabilela. Zailagoa ematen du bigarren aukera horrek, dena den. Kontua da Iruñean luze gabe zabaldu behar zuen saltoki handia ez duela eraikiko, eta hark eman behar zituen 275 enpleguak ez direla sortuko, ez bada proiektu berririk erdiesten.
Egoitza nafarra behar zuen
Hala, Nasuvinsa sozietate publikoarekin egindako kontratua ez da beteko; iraungitzear zen kontratu promesa hori, Superser zenaren eraikinak botatzen ari direla. Ikeak ia hamar milioi euro pagatu behar zituen luze gabe, edota pagatzeari uko egin, eta erretiratu proiektua. Bigarren aukeraren alde egin du azkenean. Negoziazio luzeak egin dira azken urtean, eta Nafarroako Gobernuak ikusia zuen Ikea ez zegoela oso motibaturik proiektuarekin. Gobernuak eskatu zion Suediako konpainiari egoitza nagusia Nafarroan izango zuen enpresa bat eratzeko, zergak Nafarroan pagatzeko.
Edonola ere, Ikearen estrategia erabat aldatu da bere hedapen moduan. Martxoan jakinarazi zuen Norvegian zabaldu behar zituen lau saltoki handi ez zituela egingo. Beraz, pentsatzekoa da konpainiak hartu duen ziabogak zerikusi handia duela Iruñeko proiektuaren saio antzuarekin. Katalunian eta Espainian ere atzera egin du merkataritza gune handi izango ziren proiektu bitan, Tarragonan eta Sevillan. Galizian (Vigo), berriz, saltoki handia behar zuena hiri erdigunean kokatuko den denda txiki bat bihurtu da.
Iruñeko Ikeak 30.000 metro koadroko saltokia izan behar zuen, eta aurten zabalduko zuten. Ikeak Iberiar penintsulan zabalik zituen proiektu handien artean aurrera doan bakarra Almeriakoa da. Alacanten, adibidez, 107 metro koadroko denda bat ireki du, eta ematen du konpainiaren eredua hori izango dela aurrerantzean. Saltokirik handienak hiri barruko makrodendak izango dira, Parisko erdigunean zabaldu duen dendaren antzekoa. Hark 5.400 metro koadro ditu.
Ikeak atzera egin du, eta Iruñean ez du zabalduko saltoki handirik
Suediako konpainiak Cordovillan eraiki behar zuen merkataritza gune handi bat, eta Nafarroako Gobernuarekin adostu zuen lurrak erostea 9,9 milioi euroren truke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu