Ikeak 27.000 euroko zigorra eskatu du LABeko hiru kiderentzat

Protesta ekintza batean parte hartu zuten, Ikeak langileen eskubide sindikalak urratzen dituela salatzeko

Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
LABek protesta ekintza bat egin zuen maiatzaren 18an Barakaldoko Ikean (Bizkaia), Ikeak LABeko ordezkarien eskubideak eta adierazpen askatasuna urratzen dituela salatzeko. Ekintza horren ostean, enpresak LABeko hiru kideren kontrako salaketa aurkeztu zuen, eta atzo egin zen epaiketa. Enpresak 27.000 euro inguruko zigorra eskatu du langileentzat, «enpresaren irudiari kalte egiteagatik». LABek protesta ekitaldia egin zuen Barakaldoko epaitegien aurrean. Adierazpen askatasunaren hileta antzeztu zuten.

Maiatzaren 18ko protesta ekintzan Ikearen jarrera salatu zuten, bai LABen kontra, bai langileen kontra. Hainbat lagunek protesta orriak erakutsi eta bota zituzten Ikearen Barakaldoko saltokian, jendea erosten ari zen bitartean.

LABen esanetan, Ikeak zentsuratu egiten du, «frankismo garaiko jokaerak» ditu: «Langileentzako informazio sindikala zaborretara botatzen du, LABen lana zapaltzen du eta LABeko ordezkariei isunekin mehatxu egiten die». Lan Ikuskaritzak sindikatuen informazioa ez kentzeko eskatu izan dio Ikeari.

Sindikatuak salatu du 2005eko hauteskunde sindikalen ostean enpresak LABeko hiru kide kaleratu zituela eta iazkoetan mehatxu egin ziela LABen zerrendetan aurkeztu zirenei.

LABen arabera, Ikeak debekatu egin zuen sindikatuetako aholkulariak enpresan sartzea, eta lan ikuskatzaile batek «arau-hauste larritzat» jo zuen. «Enpresak nahi du langileek enpresara sartutakoan eskubideak aldagelan uztea», LABen iritziz.

@Maiatzaren 18ko protesta ekintzaren bideoa:

www.youtube.com/watch? v=zv_TUZo0ymc
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.