Ikea ikertzen ari da Brusela, zergei ihes egiteko diseinu bat zuelakoan

Europako Batzordeak uste du altzarien multinazionalak Herbehereetako legedia eta Luxenburgoko eta Liechtensteingo filialak baliatu dituela ogasunaren faktura ahal bezainbeste txikitzeko

Ikea altzari multinazionalaren saltokiaren sarrera, Delft herrian (Herbehereak), atzo. ROBIN UTRECHT / EFE.
Ivan Santamaria.
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Altzari modernoak eta edonork muntatzeko modukoak eskaintzea bihurtu du Ikeak bere negozio eredu. Bestelako diseinu batek piztu du Europako lehia agintarien arreta, ordea: Suediako multinazionalak irabaziak herrialde batetik bestera lekualdatzeko eta zerga faktura arintzeko erabili duena 2006. urteaz geroztik, Herbehereetan, Luxenburgon eta Liechtensteinen ezarritako sozietate sarea baliatuta.

Joan den urtean Europarlamentuko berdeen taldeak egindako salaketari jarraituz, Bruselak aurretiazko ikerketa abiatu zuen. Orain arte jaso dituen datuak aztertuta, uste du legez kanpokoak izan daitezkeela Herbehereetan Ikearentzako onartu ziren bi zerga agindu. Berdeen arabera, Ikeak mila miliotik gora aurreztu zituen horiei esker. Bruselak, ohi bezala, ez du diru kopururik aipatuko dosierra itxi arte.

Agindu horien helburua da enpresa bati argitzea nola zergapetuko duten jurisdikzio jakin batean. Ez dira, berez, legez kontrakoak, baina zenbait ikerketak azaleratu dute sarritan multinazional handiei zergak barkatzeko bitartekoak bihurtu direla. Praktika hori legez kanpoko estatu laguntza izan daiteke, betiere horren bidez enpresa bati eskaintzen bazaizkio beste guztientzako debekatuta dauden abantailak.

1980ko hamarkadan Ikeak negozioaren antolakuntza eraldatu zuen, eta frankizia bidez hedatzeari ekin zion. Harrezkero, Inter Ikea taldearen bidez kudeatzen dira frankiziak. Eredu horrek esan nahi du Ikea ez dela zuzenean Ikeako saltokien jabe. Mundu osoko Ikea dendek emaitzaren %3 ordaintzen diote Inter Ikea Systems enpresari, taldeak Herbehereetan duen filialari. Horren truke eskuratzen dute Ikea marka erabiltzeko eta negozio eredua ustiatzeko baimena.

Frankizia guztiek ordaindutakoa Herbehereetan pilatzen da, eta, Europako Batzordearen ustez, 2006. eta 2011. urteetako bi aginduk «nabarmen» murriztu dute Inter Ikea Systems filialak herrialde horretan zerga bidez ordaindu beharreko dirua.

Bi fasetan garatu da sistema. 2006tik 2011ra lehen zerga aginduak ezarri zuen Inter Ikea Systemsek Luxenburgoko beste filial bati (I.I. Holding) urtero ordaindu beharreko lizentzia baten kalkulua. I.I. Holdingek jabetza intelektualaren eskubide batzuk zituen. Inter Ikea Systemsek frankizien lizentziekin bildutako diru gehiena ordaintzen zion eskubide intelektual horien truke.

Hala, Herbehereetan zeuden irabaziak Luxenburgora bidaltzen ziren, eta han ez zuten inolako zergarik ordaintzen, 1929. urtetik indarrean egon zen arau ilun bat baliatuta. 2006an Europako Batzordeak erabaki zuen arau hura legez kanpokoa zela, eta 2010erako kentzera behartu zuen Luxenburgo. Bruselak ez zuen exijitu zerga abantaila horien dirua berreskuratzeko, araudia Luxenburgo Europako Batasunean sartu aurrekoa zelako. Hala ere, erabaki horri segituz, I. I. Holdingek 2011. urtean zergak pagatzen hasi beharko zuen Luxenburgon.

Liechtensteinen, bigarrena

Luxenburgon zerga araudi berria indarrean sartu zen urtean, 2011n, Inter Ikea berregituratu zen, eta 2006ko zerga agindua baliorik gabe geratu zen. Orduan, Inter Ikeak jabetza intelektuala erosi zion I.I. Holdingi, horretarako Liechtensteinen Ikeak zeukan beste sozietate batek emandako kredituaren dirua erabilita.

Eragiketa hori zergen ikuspuntutik nola tratatu finkatu zuen susmopean dagoen bigarren zerga aginduak, 2011. urtekoak. Kredituaren trukeko interesak kenkari gisa murriztea ahalbidetu zion erabakiak Ikeari, besteak beste. Ondorioz, 2011. urtetik aurrera frankizien negoziotik lortutako irabazien parte oso handi bat Liechtensteinera lekualdatu dute, berriro ere Herbehereetan pagatu beharreko zergetatik libratuta.

Ikerketaren lehen ondorioak ikusita, lehia agintariek uste dute bi agindu horiei esker zerga abantailak eskuratu dituela Ikeak, zergapetze sistema berean zeuden beste enpresei eskaini ez zaizkienak. Orain, sakon aztertu nahi du nolakoak izan diren altzari multinazionaleko filialen arteko diru joan-etorriak, abantailekin Ikeak zenbat diru aurreztu duen kalkulatzeko. Legearen arabera, filialen arteko salerosketak merkatu prezioaren arabera egin behar dira. Haatik, ordainketa horiek sarritan irabaziak maskaratzeko eta jurisdikzio batetik bestera bidegabeki lekualdatzeko erabiltzen dira.

Herbehereetako Gobernuak eta Ikeak aukera izango dute orain euren argudioak emateko. Biek ziurtatu dute ikerketari lagunduko diotela. Ikeak ohar batean adierazi du «Europako Batasunaren arauekin bat» datorrela zergak ordaintzerakoan. Ikerketaren bidez legez kanpoko estatu laguntzak egon direla ondorioztatzen bada, 2006tik aurrera jasotako zerga abantaila horien dirua berreskuratu beharko du Herbehereetako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.