Energia

Ikatzarekin, jo eta ke

Ukrainako gerraren eta lehortearen eraginez, inoiz baino ikatz gehiago erre da 2022an. IEAk uste du kontsumoa egonkortu egingo dela 2025. urtera bitarte.

Zentral termiko bat ikatza erretzen, Alemanian. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Iker Aranburu.
2022ko abenduaren 16a
15:34
Entzun

Azaroan COP27 batzarrean bildu zirenek garbi zeukaten zein zen planetaren etsai nagusia: ikatza. Hura da erregai fosil kutsatzaileena, Lurraren berotzearen errudun nagusia, eta, horregatik, haren kontsumoa gutxitzeko eginahaletan aritu ziren berotzea gehien pairatzen dutenak. Alferrik saiatu ere, kontsumitzaile handien ezezkoarengatik. IEA Nazioarteko Energia Agentziak atzo kaleratutako txostenak argi uzten du zein den ezezko horren arrazoia: ikatzaren kontsumoa ez doa behera, gora baizik, eta 2022a izango da ikatz gehien erreko den urtea.

Etorkizunera begira, berri txar bat eta erdipurdiko bat: 2023an are ikatz gehiago erreko dute, baina hor joko du goia, 2025 arte bederen.

IEAren arabera, aurten %1,2 handituko da ikatz kontsumoa munduan, eta, lehen aldiz, 8.000 milioi tona baino gehiago erreko dira. Kantitate hori are handiagoa izango zatekeen baldin eta Txinak orain arte izandako zero COVID politikak ez balitu hiri osoak itxi eta jarduera ekonomikoa mugatu. Txina baita, alde handiz gainera, ikatzaren munduko eragile nagusia. Hark erretzen du munduan erabiltzen den ikatzaren %53. Hura da kontsumoa gehien handitu duena ere: 2000n, 1.297 milioi tona erre zituen; 2022an, 4.250 milioi.

Txina, energia berriztagarria eta ikatza

Pekingo gobernuak inbertsio handiak egin ditu azken urteetan energia berriztagarrietan, baina, aldi berean, ikatzaren alde ere egin du; zentral termiko gehiago irekitzen ari da, horiekin elikatzeko hango industria astunak behar duen argindarra. Gainera, 2022ko uda beroan, ikatza erruz baliatu du aire girotuak elikatzeko: abuztuan, iaz baino %15 gehiago erabili zuen, lehorteak apaldu egin zuelako zentral hidraulikoen ekarpena.

Txinaren bide beretik doa India, apalago bada ere. Mende honetan, hiru halakotu egin du ikatz kontsumoa, eta kontsumitzaile handienetan bigarrena da jadanik. IEAk uste du han handituko dela gehien kontsumoa hurrengo urteetan, eta horrek eutsiko diola munduko eskaerari.

EBren igoera, aldi baterakoa

Kontrako bidean doaz herrialde aberatsak. Europako Batasuneko herrialde askok jada utzi diote ikatza erretzeari, eta, oro har, kontsumoa %42 jaitsi dute azken 22 urteetan. Baina EBn ere handitu da kontsumoa aurten, ia 30 tona. Faktore asko batu dira: Errusiatik iritsi ez zaion gasa konpentsatu behar izan du, Frantziako zentral nuklearren erdia geratuta izan dira, eta zentral hidraulikoek ez dute nahiko urik izan. Edonola ere, IEAk uste du aldi baterako soilik izango dela igoera, eta 2024an berriro apalduko dela, nabarmen gainera.

AEBek gutxiago sufritu dute energia krisia, eta, han, kontsumoak behera egin du 2022an ere; mende hasierakoaren erdia baino gutxiago da jada, eta ez da espero gora egitea, azkenik dirua jartzen ari delako energia berriztagarrietan.

Errusiaren esportazioak, behera

Beste erregai fosilekin alderatuta, ikatzak badu berezitasun bat: neurri handi batean, ekoizten den lekuan kontsumitzen da. Txinako meategiak gai izan dira herrialdeko eskaria betetzeko, eta Indiak ere ekoizpena handitu du, bere beharren %80 betetzeraino.

Badira, ordea, herrialde esportatzaile batzuk, haien artean Indonesia, Australia eta Errusia. Azken horri zailtasunak iragarri dizkio IEAk, galdu egin duelako bere merkatu nagusia (Europa), eta zail duelako mendebaldera trenez eta itsasontziz bidaltzen zuena ekialdera eta hegoaldera eramatea. EBk Hego Afrikatik, Kolonbiatik, Tanzaniatik eta Botswanatik ekarri du lehen Errusiatik ekartzen zuena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.