Ikatzak hustuko duen azken herria

Alemaniako Muelhrose herria husten ari da LEAG enpresa, lignito meategi bat ustiatzen jarraitu ahal izateko. Lusazia eskualdean 130 herritik gora estali dituzte meategiek, eta, prozesu horretan, ahuldu egin dira sorabiarren hizkuntza eta kultura.

Janschwaldeko ikatz zentrala, Mulhrosetik hurbil. Han ere lignitoa erretzen dute. PATRICK PLEUL / EFE
Janschwaldeko ikatz zentrala, Mulhrosetik hurbil. Han ere lignitoa erretzen dute. PATRICK PLEUL / EFE
Iker Aranburu.
2024ko abuztuaren 21a
05:00
Entzun

Sorabieraz bada esan bat: «Lusazia Jaungoikoak sortu zuen, baina deabruak sortu zuen haren lurraren azpiko ikatza». Esan hori beren jatorrizko hizkuntzan ulertzen duten sorabiarrak gero eta gutxiago dira, baina ez, ordea, madarikazio horren biktimak. Izan ere, azken mendean 130 herritik gora hustu dituzte Alemaniako eskualde horretan, ikatz meategiak egiteko, eta aurki baliteke beste bat gehitzea: Muelhrose alemanez, Miloraz sorabieraz. Ikatzak eragindako beste zauri bat, energiaren trantsizioaren garaia izan behar zuen honetan.  

Sorabiarrak gutxiengo etniko bat dira Alemanian, VII. mendean lurralde horietara joandako tribu eslaviarren ondorengoak. Lusazia izena du sorabiarrak bizi diren lurraldeak, gaur egungo Brandenburgo eta Saxonia landerren ekialdeko muturrean, Poloniatik eta Txekiako Errepublikatik gertu.

Airetik begiratuta, lurralde laua da, basotsua, baina orbain arrez betea: lignito meategiak dira. Aintzira asko ere badaude, baina horiek ere meatzaritzaren ondorio dira, dagoeneko erabiltzen ez diren meategiak urez bete izanaren emaitza.

Lignitoa ikatz mota bat da —ikatz arrea ere esaten zaio—, eta zohikatzaren eta harrikatzaren arteko ezaugarriak ditu. Funtsean, kalitate eskaseko ikatz bat da, eta CO2 isurle handia da. Lignitoa funtsezko elementua izan da Alemaniaren industrializazio prozesuan, ustiatu zitekeen lekutik gertu eraiki baitziren industriarik handienak. Garrantzi handia izan zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoarentzat ere, ikatz horretatik sortu baitzuen argindar gehien bere 40 urteko historian (1949-1989).

Meategien ugaritzeak kolpe gogorra eman zion sorabiar kulturari. Alemanez baino mintzatzen ez ziren milaka lagun erakarri zituen meategietara, eta ez zuten sorabiera ikasi, nekazari ezjakinen hizkuntzatzat jotzen zelako. Gaur egun, 60.000 sorabiar geratzen direla kalkulatzen da, baina hizkuntza oso egoera larrian dago.

1963an irekitakoa

Ekialdeko Alemaniaren garaian zabaldutako meategi bat da Muelhrosen dagoena, Nochten izenekoa. 1968an ekin zieten ustiatze lanei, eta 1973an hasi zen lignitoz hornitzen Boxbergeko zentral termikoa, handik kilometro gutxira. Baina lurrazaletik gertu dagoen lignitoa agortzen ari da Nochtenen, eta meategiaren jabeak, Lausitz Enerie Bergbau AGk (LEAG), lurrazpiko meategi bat ireki nahi du han bertan, eta horretarako Muelhrose hustu behar du.

250

 

Lignitoak hustutako herriak. Azken 150 urteetan, 250 herri hustu dituzte Alemanian, aire zabaleko meategiak egiteko. Gehienak Lusazia aldean zeuden (130), baina izan dira mendebaldeko landerretan ere.

Herriak zituen berrehun biztanleetako gehienak jada joan dira LEAGek Schleife herrian eraiki dien auzo berrira, Muelhrose Neu izenekora. Baina badira etxea edo baserria utzi nahi ez duten herritarrak ere. Horien lurrak urtea bukatu aurretik erosi ahal izango dituela kalkulatu du LEAGek, eta, meategien administrazioaren baimena jasoz gero, prestaketa lanak hasiko lituzke ondoren. Edonola ere, aferak ziur aski auzitegietan bukatuko du, ingurumenaren aldeko taldeek hara joko dutelako. 

ikatza
Polizia bat Luetzerath-eko lignito meategia zabaltzearen kontrako protestetan, 2023ko urtarrilean. RONALD WITTEK / EFE

Mugimendu ekologistak protesta handiak egin zituen iaz Luetzerath herrian —Ipar Renania Westfalia landerrean—, han ere lignito meategi bat zabaldu nahi zutelako. Halako gutxi izan da Muelhrosen, baina, hala ere, kasuak polemika eragin du Alemanian. Beharrezkoa al da beste herri bat hustu behar izatea ikatzari lekua egiteko? Derrigorrezkoa al da hango ikatza argindarra produzitzeko?

Izan ere, ikatza, Europa mendebaldean bederen, azkenetan dagoen baliabide bat da. 2013an, sei exajoule ikatz kontsumitu zituen EBk, eta hiru exajoule eskas izan ziren iaz. Herrialde batzuek jada itzali dituzte beren zentral termikoak, eta horretan ari dira Frantzian eta Espainian ere.

Ikatzak pisu handia du oraindik Alemaniaren argindar sorkuntzan, baina Berlingo gobernuak 2038. urterako hitzartu zuen sektorearekin ikatza erretzeari utziko ziotela. Oraingo gobernuak, batez ere Robert Habeck Ekonomia ministro ekologistaren bitartez, prozesua bizkortu nahi du. Zentral termikoak 2030ean itzaltzeko akordioa egin du haietako gehienen jabearekin, RWE argindar konpainiarekin. Baina LEAGek ahalik eta etekinik handiena atera nahi die meategiaren azken urteei, eta horregatik eskatu du lurrazpiko meategia egiteko baimena.

Bada, ordea, beste teoria bat: LEAGek ingurua hustu ondoren, meategi baten ordez parke eoliko eta fotovoltaiko handi bat jarriko duela, horiek direlako etorkizuneko energia indarrak.

%17

 

Lignitoaren kuota argindar sorkuntzan. Iaz, lignitoa erreta lortu zuen Alemaniak argindarraren %17, eta %8,5 harrikatzak ekarri zuen. Berriztagarriekin, berriz, %52 sortu zuen: %27 eolikoarekin, %12 fotovoltaikoarekin eta %13 beste berriztagarriekin.

Azken urteetan asko zabaldu den uste bat da Alemania inoiz baino ikatz gehiago erretzen ari dela gaur egun, baina uste okerra da. 2013an, 3,47 exajoule ikatz kontsumitu zituen, eta 1,83 exajoule izan ziren 2023an: %47 gutxiago.

Baina, aldi berean, egia da 2021ean eta 2022an berriro gora egin zuela energiaren kontsumoak, Alemania Errusiaren gas merkerik gabe geratu zenean ikatz gehiago erretzeari ekin ziolako. Baina aldi baterako igoera izan zen: 2021ean 2,24 exajoulera iritsi ondoren eta 2022an 2,31 exajoulera, iaz berriro jaitsi zen 2019ko mailara, eta ez da espero berriro gora egitea.

Ikatz ekoizpena ere franko apaldu da Alemanian azken hamarkadan:190,6 milioi tona izan ziren 2013an, eta 102,3 milioi iaz (-%46).

Ikatz piramide bat sei orduan behin

Europa Mendebaldean gain behera doan energia iturri bat da ikatza, baina ezin da halakorik esan mundu zabalari buruz. Nahiz eta jakina den ikatza alde batera uztea derrigorrezko baldintza dela planeta hainbeste berotu ez dadin, ordubetean milioi bat tona ikatz erretzen dira. Zenbat da hori? Bada, sei orduan Gizako piramide handiaren neurriko ikatz mendi bat, Bloomberg-ek kalkulatu duenez.
Gainera, kontsumoa apaldu beharrean, handitzen ari da. 1997an Kyotoko Protokoloa sinatu eta klima aldaketaren aurkako borroka lehen lerrora igaro zenetik, %75 handitu da ikatz kontsumoa, eta %15 2015ean Parisko Ituna sinatu zenetik. Energy Instituteren urteroko azterketaren arabera, iaz 164 exajoule ikatz erre ziren munduan, aurreko urtean baino %1,6 gehiago. Azken hamar urteetan, kontsumoa erdira jaitsi da Europan eta Ipar Amerikan, baina %19 handitu da Asia-Pazifikoan. Eremu horrek erretzen du gaur egun ikatzaren %83, eta ez da espero hurrengo urteetan asko apaltzea, Txinak, Indiak eta Indonesiak material hori erabiltzen baitute beren industrializazio prozesua elikatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.