Ikatz kontsumoak aurten joko du goia, IEAren ustez

Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, ikatzaren erabilera pixka bat apalduko da 2024 eta 2026 artean.

ikatza
Ikatza pilaturik Berlingo zentral termiko batean. CLEMENS BILAN / EFE
Iker Aranburu.
2023ko abenduaren 15a
10:50
Entzun

Berri txar bat eman du IEA Nazioarteko Energia Agentziak: aurten inoiz baino ikatz gehiago erreko da munduan, Txinak eta Indiak gero eta gehiago kontsumitzeak aise konpentsatu duelako Europako Batasunean eta AEBetan gertatzen ari den beherakada. Baina, baieztapen horrekin batera, itxaropen pixka bat ematen duen iragarpen bat ere egin du IEAk, hau da, ikatzaren erabilera murriztu egingo dela 2024tik aurrera.

Ikatza da, alde handiz gainera, atmosferara CO2 gehien isurtzen duen erregaia, eta haren erabilera asko apaltzea derrigorrezkoa da planetaren berotzea mugatzeko. Ikatza erretzearen ondorio kaltegarriak aspaldi ezagunak izan arren, haren kontsumoa gora egiten ari da.

IEAk gaur kaleratu duen txosten baten arabera, 2022an inoiz baino ikatz gehiago erre zen munduan, 8.415 milioi tona, 2021ean baino %4 gehiago. Horretatik bi heren erabili ziren argindarra sortzeko. IEAk gogorarazi duenez, ohi baino pisu handiagoa izan du ikatzak arlo horretan, gas garestiaren eta zentral hidraulikoen ekarpen ohi baino txikiagoaren ondorioz.

Txinak egin zuen 2022an kontsumoaren %54 (4.520 milioi tona, +%4,6), eta beste %14 dagokio Indiari (1.162 milioi tona, +%9). Bi herrialde horiek dira, gainera, aurten iazko marka haustea ekarriko dutenak. 2023 amaitzeko bi aste falta direla, IEAk kalkulatu du ikatz kontsumoa %1,4 handituko dela aurten, 8.536 milioi tonaraino.

Txinan %4,9 da haztekoa kontsumoa, eta igoera handiak izango dira Indian (+%8) eta Indonesian ere (+%11). IEAk nabarmendu duenez, ekialdera egin du salto ikatz kontsumoak, Mendebaldean haren erabilera murrizten ari baita etengabe. 2023an, Europako Batasunak aurreko urtean baino %23 gutxiago erreko du, eta AEBek, berriz, %21 gutxiago. Gasaren merkatzeak, energia berriztagarrien ekarpen gero eta handiagoak eta industria ahulak ekarri dute ikatzaren gainbehera.

IEAk aitortu du arazoak dituela Errusiaren datuak biltzeko; hura da kontsumitzaile handienetan laugarrena.

Txinaren menpe

Txostenak dioenez, datorren urtean bertan hasiko da txikitzen ikatzaren kontsumoa, modu apalean bada ere. EBk eta AEBek kontsumituko ez dutena konpentsatuko dute Indiak eta Asia hego-ekialdeko herrialdeek (Vietnam, Indonesia, Thailandia...), eta, hortaz, Txinan zer gertatuko den, hori izango da gakoa.

IEAk espero du herrialde horretan kontsumoa apaldu egingo dela 2024an, eta «lautada batean» egongo dela 2026 bitarte, zentral hidraulikoak aurreko balioetan egongo baitira berriz bi urteko lehorteen ondoren, eta Txinak eraiki dituen parke eoliko eta fotovoltaiko ugarien ekarpena asko handituko baita.

Hala ere, iragarpen hori zalantzazkoa dela aitortu du IEAk. «Txina egiturazko aldaketa handi baten erdian dago; amaitzen ari da azpiegituren eraikuntzak sustatutako energia kontsumo handiaren garaia, baina aldaketa horren abiadurak eta energia garbia sortzeko gaitasunaren hedapenak ondorio handiak izango ditu ikatzaren etorkizuneko erabileran».

zenbakiak

%3,3

Europako Batasunean %3,9 handitu zen ikatz kontsumoa 2021etik 2022ra, hainbat faktore batu zirelako: gas garestia, lehortea eta Frantziako zentral nuklearren arazoak. Baina kontsumoaren joera beheranzkoa da: aurten %23,3 da jaistekoa, eta 2023-2026 artean, beste %7,7. Ondorioz, 2022an munduko ikatzaren %5,5 kontsumitu ondoren (2022) ,%3,3 kontsumituko da (2026).

%50

Txina da ikatz kontsumitzaile handiena (%54), baina baita ekoizle handiena ere. Aurten 4.429 milioi tona ekoitziko ditu, ekoizpen osoaren %50. India (%11,7), Indonesia (%8,3), AEBak (%5,5) eta Errusia (%5,2) dira beste produktore nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.