Azarotik hartzekodunen konkurtsoan dago Sunsundegui. Proiektua bere gain hartuko duen inbertitzaile bat aurkitzea da egoera horretatik ateratzeko aukera bakarra. Azken hilabeteetan hainbatek interesa agertu badute ere, oraingoz ez dago berririk. Hori ikusita, igandean manifestatzera deitu du enpresa batzordeak: Altsasun (Nafarroa) egingo dute protesta, enpleguaren eta Sakanako industriaren defentsan.
Eguerdian aterako da manifestazioa, herri sarreran den BM dendaren aparkalekutik. Sunsundeguiren etorkizunaren alde bat egitera deitu dituzte Sakanako herritarrak, erakundeak, alderdiak eta gizarte eragileak.
Abendutik, epaileak izendatutako Molins y Andres abokatu bulegoaren esku dago enpresaren administrazioa. Langileei aldi baterako erregulazioko espedientea ezarri zaie, eta igandean amaituko da. Beste hiru hilabetez luzatuko dute.
Aukera barra dute 48,8 milioi euroko zorrari aurre egin eta Sunsundeguiri etorkizuna emateko: inbertitzaile bat topatzea. Hainbat enpresak interesa azaldu badute ere, oraingoz ez da ezer gauzatu. Hori dela eta, enpresa batzordeak uste du datozen asteak «giltzarri» izango direla erabakitzeko Sunsundegui bideragarria ote den edo ez.
Batzordearen irudiko, enpresaren arazoa ez da lanik ez izatea. «Sunsundeguik badu produktua, eta hura saltzeko merkatua». Hain zuzen, argi adierazi nahi dute autobusak aurrerantzean ere Altsasun egitea nahi dutela. «Industria plan bat eta inbertitzaile bat behar ditugu, eta, horrekin batera, alor publikoaren laguntza eta kontrola», azaldu dutenez. Sakanan erreferentziazkoa den enpresa horrek zutik jarraitzearen alde egingo dute, hortaz.